Azkoitia eremu horian sartu da

Azkoitia, airetik hartutako irudi batean. (Argazkia: Alex Berasategi)

Kasu positiborik ez zuten baieztatu atzo herrian, eta ondorioz, intzidentzia tasa asko jaitsi da herrian.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu duen txostenaren arabera, atzo ez zuten kasu positiborik atzeman Azkoitian. Hori horrela, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak edo intzidentzia tasak nabarmen egin du behera, Azkoitia eremu horian sartzeraino. 325,46koa zen tasa atzo, eta 267,04koa da gaur. Azken zazpi egunetan hamalau kasu atzeman ditu Osasun Saiak herrian, eta martxoaz geroztik 904 lagunek eman dute positibo Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera.

Urola Kostan, bestalde, 20 positibo berri baieztatu dituzte atzo egindako PCR eta antigeno probetan. 10 kasuren berri eman zuten asteartean (asteleheneko datuez), baina ordutik gora egin du: 21 herenegun, eta 20 atzo. 

Eremu gorrian jarraitzen dute Azpeitiak eta Oriok, baina bietan jaisten ari da 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa: egun bakarrean, Azpeitian 814,72tik 716,16ra jaitsi da, atzo beste lau positibo zenbatu ziren arren; eta Orion 1.043,71tik 782,78ra. Atzo bi positibo berri zenbatu zituzten herri horretan, bezperako kopuru bera. Azken zazpi egunetan gehienez bost positibo berri atzeman dira herrian, eta horrek lagundu du tasa dezente jaisten. Eremu laranjara pasatzetik urrun daude bi herri horiek, ordea. Eta ikusi egin behar atzotik ostalaritza guneak zabaltzeak egoera okertuko duen ala ez. Eusko Jaurlaritzak argi dauka baietz, epidemiologoak ere publikoki agertu dira EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurka eta baliteke Labi batzorde teknikoak bihar neurriak zorroztea erabakitzea ostalaritza sektoreari.

Zestoa da beste arreta guneetako bat eskualdean, gorantz doalako kutsatu kopurua eta tasa: lau positibo berri zenbatu ziren atzo (zazpi azken hiru egunetan). 564,97koa da tasa orain, eta 487,93an zegoen atzo. Eremu gorrian sartu arren, 5.000 biztanletik beherako herria da, eta oraingoz neurri berezirik ez hartzea erabaki dute adituek.

Zarautzen beste bederatzi kasu berri zenbatu ziren atzo, baina tasa ez da askorik mugitu, eta 372,64koa da gaur-gaurkoz. Eremu laranjan jarraitzen du eskualdeko herri handienak. Zumaian ere eremu laranjan jarraitzen dute, atzo positibo bakarra zenbatuta, 345,99ko tasarekin. Bezperan lau kutsatu berri egon ziren, eta azken datu hori positiboa da, hortaz.

Eskualdeko sei herritan ez da positibo berririk egon atzo; izan ere, Aian, Aizarnazabalen, Errezilen, Beizaman eta Getarian egunak daramatzate kutsatu berririk gabe. Aian 100.000 biztanleko metaturiko tasa 554,16ra jaitsi da, azken sei egunetan kasurik agertu ez denez.  Getarian are baxuagoa da tasa, 106,01. Aizarnazabalen ere, bare-bare dago azken egunetan kontua, eta tasa hutsean dago. Baita Errezilen eta Beizaman ere.

Beheranzko joera

Hego Euskal Herrian 781 kasu berri atzeman zituzten atzo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 13.820 test diagnostiko egin ziren, eta, haietatik, 684 positiboak izan ziren: 100 positibo atzeman zituzten Araban, 386 Bizkaian, 187 Gipuzkoan eta 11 lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonetan atzeman zituzten. Nafarroan 97 positibo zenbatu zituzten guztira, 2.869 proba eginda. Bezperako datuak baino hobexeagoak dira atzokoak, herenegun 835 kasu zenbatu baitzituzten lau lurraldeetan.

COVID-19aren ondorioz 70 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren eskumeneko zentroetan, eta COVID-19a duten 167 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboetako Unitateetan ingresatuta. Nafarroan 159 lagun daude ospitaleratuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide