Javier Zubizarreta: "Bakoitzak bere esku dagoena egin behar du arnasten den tentsio soziala baretzeko"

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 10a, 16:12

Udalak argitu du herritar baten deia jaso ondoren sartu zirela ertzainak herrigunera, eta guztira hemeretzi lagun identifikatu zituztela. Herritarrei "erantzukizunez eta zentzuz" jokatzeko eskatu die alkateak, eta gogorarazi du "aurten ez dela inauteririk ospatzen". 

Zapatu iluntzean Azkoitian izandako gertakarien harira, Javier Zubizarreta alkateak ere hitz egin du, "erantzukizun indibiduala eta kolektiboa" eskatzeko. "Erantzukizunez jokatu behar dugu guztiok, herritarrok, erakundeok eta poliziak, inork desio ez duen intzidentzia tamalgarririk gerta ez dadin". Alkatearen irudiko, uneotan inoiz baino beharrezkoagoa da kontzientzia soziala. "Bakoitzak bere esku dagoena egin behar du arnasten den tentsio soziala baretzeko. Nekeari eta betekadari gain hartu behar diogu. Eskubideak eta betebeharrak ditugu".

Azkoitiko Udalak jakitera eman duenez, Zubizarretak hainbat bilera eta kontaktu izan ditu egunotan larunbat gauen gertatu zenaren inguruan ahalik eta informazio zehatzena biltzeko. Zehazki esan du udaltzainburuarekin eta ertzainburuarekin egon dela alkatea, eta baita identifikatuak izan ziren gazte batzuen gurasoekin ere. Udalaren arabera, "patruilak herrigunera sartu ziren herritar baten deia jaso ostean, esanez, jende pilaketak zeudela eta bertako asko edaten ari zirela eta ez zeramatela maskararik", eta "istiluen ondorioz" hemeretzi lagun identifikatu zituzten.

Alkatearen hitzetan, "pertsona bakoitza aske da gertaerak interpretatzeko eta jarri beharrekoak direla uste duen salaketak jartzeko. Herritar guztien alkate bezala, erantzukizunez eta zentzuz jokatzeko konpromiso eskaerari eutsiko diot". Halaber, gaineratu du "sentitzen" duela "gutxi batzuengatik, batere errurik gabeko beste batzuk gertakizun horiek pairatu behar izana". Horrelakorik berriz gertatzerik ez duela espero adierazi du Zubizarretak, eta asteburuari begira gogorarazi du "aurten ez dela inauteririk ospatzen".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide