Parte hartze prozesu baten bidez gazte emantzipaziorako plana egiteko eskatu dio PSE-EEk udalari

Andoni Elduaien 2021ko ots. 10a, 15:30

Gazteen emantzipaziorako plan bat egitea "beharrezkoa" da Janire Igoa PSE-EEko zinegotziaren iritziz. Plana herriko gazteek parte hartuko duten prozesu baten bidez egiteko eskatu dio udalari.

Janire Igoa Azkoitiko Udaleko PSE-EEko bozeramaileak gazteen emantzipaziorako plan bat egiteko eskatzeko mozioa erregistratu du gaur, asteazkena, udaletxean. Igoak azaldu du, Etxebideren datuen arabera, etxebizitza alokairuan eskatzen duten 36 urtetik beherako 116 pertsona daudela egun Azkoitian, eta horietatik 87 daudela herrian erroldatuta. Eskatzaile kopuru hori Azkoitian "emantzipatzeko zailtasunaren isla" dela azaldu du Igoak. "Etxebiden izena emanda dauden 36 urtetik beherako etxebizitza eskatzaile batek ere ez du etxebizitza erosteko eskatzen. Halaber, adin tarte hori da gainerako guztien artean eskatzaile gehien dituen bigarrena", adierazi du Igoak.

Hori dela eta, alderdi sozialistako zinegotziaren ustez, "beharrezkoa" da Azkoitiko Udalak gazte emantzipaziorako plan bat egitea, gazte azkoitiarrek "etxebizitza bat eskuratzeko dituzten aukerak aztertzeko". Era berean, Gizarte Politikako zinegotziak esan du gazteek emantzipatzeko aukera izan dezaten "udal askok" jarri dituztela martxan neurriak, eta Azkoitiko Udalean ere "bakarren bat dagoeneko martxan" dagoela.

Neurrien artean dago gazteen etxebizitzak alokatzeko laguntzak banatzeko oinarrien udal ordenantza onartzea. "Beste udal batzuek herriko etxebizitza hutsen Ondasun Higiezinen gaineko Zergan karga bat ezartzea onartu dute, merkaturatzea sustatzeko. Gainera, erabiltzen ez diren merkataritza lokalak ekonomikoki eskuragarriagoak diren etxebizitza bihurtzeko udal ordenantza onartu dute beste udal batzuk". Era berean, Igoak gogoratu du udal batzuk udal "etxebizitzak uzten" dizkiotela Eusko Jaurlaritzaren udal Alokabide programari, edota "udal lursailak lagatzen" dizkiotela Jaurlaritzari, hark alokairuko etxebizitzak eraiki ditzan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide