Klik!

Egarriz ezin ito

Nerea Uranga 2021ko mar. 2a, 09:15
Olotzagako iturria.

Azkoitiko iturrietatik ezagunenetakoa Barriken iturria da. Herrian, baina, iturriak hamaika daude; inguruko mendietan ur txorrodata ugari aurkitzen dira, baita kale eta auzoetan ere. Galdutakoak ere badira makina bat. Inork ezin du esan Azkoitian ibili eta egarriak ito denik. Adibide gisa, hona hemen gutxi batzuk irudietan

Olotzagakoa (goian)

Aizpurutxorako bidegorritik gertu dago Olotzagako iturria. Zumarragarako errepidean, Elosurako bidegurutzearen parean, Urola ibaia zubitik zeharkatu eta bestaldean.Ur freskoa edatearekin batera, lasai ederrean lagunartean maxixatzen jarduteko aulkiak ere badaude bertan.

Landakandakoa

Landakandako San Antonio ermitaren ondoko iturria da irudian agertzen dena. Altzibarko biribilgunearen ondoan dago bai ermita baita iturria ere.

Auzoetan, nonahi

Iturri berri asko daude herriko auzoetan. Irudian agertzen dena, hain justu, Altzibar auzoan dagoena da. Sakagailua duten iturri hauetan, neguan izotza egiten duten egunetan, ura moztu egiten dute. Bestela, ura izoztu eta matxuratu egiten dira.

Kalean

Altzibar etorbidean dagoen iturrietako bat da. Kale Nagusiak eta Altzibar Etorbideak bat egiten duten bidegurutzean dago.

Arrabalean

Santa Klarako Arrabalean, San Jose basilikaren (Granada Egako dukearen panteoia) ondoan dagoen iturria da irudikoa.

Izkiturrikoa

Izkiturri Izarraitz mendikatean dago, Kakuteren atzealdean. Aittolatik Erlorako bidean, tragoxka bat edateko edota kantinplora betetzeko toki paregabea da. Goiko argazkia, joan den urtarrilaren hasieran ateratakoa da, iturria ia ez da antzeman ere egiten.

Atraskuakoa

Azkoitiko Parrokiaren atzealdean dagoen iturria da, izen bereko tabernaren aurrean. Garai batean, sakagailurik gabeko iturria zen.

San Juangoa

San Juango iturria topatzea nahiko nekeza da egun. Azkoititik Loiolarako bidegorrian, bidezidor batetik jaitsita aurkitu daiteke, baina belarrak eta landarediak nahiko estalita dute gaur egun.

Metal ura

Metal ura ematen duen iturria da goiko irudian agertzen dena. Altzibarretik Urrategirako bidean dago, Etxe-Alai etxearen eta Alberdi mekanizatuak tailerraren bitartean.

Herriko plazakoa

Kontzejupearen ondoan dago plazako iturria, udaletxe azpian. Garai batean iturri zahar txiki bat zen bertan, 1950eko hamarkadan, baina, gaur egungo iturri neoklasikoak ordezkatu zuen. Izarraizko marmolez egina da.

Uxerrekoa

Uxerreko iturria, izen bereko errekaren ondoan dago, Santa Klara konbentuaren atzealdean. Antoxina ere badago bertan iturritik ura edateko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide