Akordatzen?

Egunean hogeita bost orduz, astean zortzi egunez

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 4a, 09:32
Nere Zubizarreta

Azkoitiaren historian izen asko daude gordeta, beste asko faltako diren bezala. Gordetakoen artean askoz gehiago dira gizonezkoenak. Emakumeen zerrenda meharragoan jasota dago Nerea Zubizarretarena (Azkoitia, 1949). Azkoitiko lehendabiziko emakume alkatea izan zen bera. 1995etik 2003ra, bi agintaldi osatu zituen alkatetzan.

"Beti" eduki izan du politikarekiko interesa Zubizarretak, "batik bat, abertzaletasuna". Interes horrek "konprometitzera" eraman izan du, "hemen, haruntzago edo honuntzago". 1987an afiliatu zen EAJn, ez gaztetan, "ez lehenengo berotasun hartan", baina ordurako egina zuen bidea herrigintzan eta politikan. Sindikatu Bertikalean ibili zen, "ELA klandestinoa zelako"; Francoren diktadura garaian zegoen legezko sindikatu bakarra zen Organización Sindical Españolari esaten zitzaion Sindikatu Bertikal, gainerako sindikatu guztiak debekatuta zeuden. “Han sartuta geunden ELAkoak ginenak", kontatu du Zubizarretak.

Kimun ere hainbat urte egin zituen azkoitiarrak, 1960ko hamarkadaren azken urteetan hasita. "Azkoitian Parrokiaren babesean sortu genuen elkartea zen Kimu", azaldu du. "Orduan, ez zegoen besterik; hiru elkartuz gero, atxilotu egiten zintuzten. Orain kontatuta, ipuina ematen du, baina hura bizi egin behar zen, e?". Jose Maria Galarraga apaizak lagundu zien elkarte berria 'formaltzen': "Hark eman zizkigun lokala, babesa eta konfiantza". Aste kulturalak, hitzaldiak, liburutegia, dantzak... "gauza asko" antolatzen zituzten Kimun. Gero bere senar izango zenak Kimuren garaian hitzaldiak eman zizkiela ekarri du gogora Zubizarretak; emakumeek legez ia eskubiderik ez zuten sasoi hartan, ‘Emakumeak legearen aurrean’ izeneko hitzaldia eskaini zien, hain zuzen. "Pentsatu, zer kurioso. Apunteak gordeta dauzkat", dio Azkoitiko alkate ohiak.

EAJn afiliatu ondoren, "poliki-poliki" joan zen bidea egiten, “gauza baterako eta besterako, zerrendak osatzeko, bertako dinamikan gauza asko egiten ziren orduan". Udal hauteskunde zerrendetan izan zuen bilakaeraz hitz egin du: "Lehen aldian atze antzean sartu ninduten. Gero, bigarren postuan. Eta hurrena, lehen tokian jarri nindutenean... Nik ez nuen nahi". Alkateorde izana zen aurreko lau urteetan, 1991tik 1995era, Ramon Unanue alkate zela. Udalaren barne funtzionamenduaz "asko" ikasteko balio izan zioten lau urte haiek. Ogasun batzordean egon zen. "Bizi osoan egon naiz denen diruak zaintzen", dio, umorez. Horrez gain, udal batzordeetako “bilera guztietara” joaten zela azaldu du, ez bakarrik Ogasunekoetara. Alkateorde gisa bizitako esperientzia aberasgarria izan zitzaion arren, kostatu egin zitzaion alkategai aurkeztea onartzea. "Nik ezetz eta ezetz, baina behin eta berriz eskatzen zidaten. Hura oso gogorra egin zitzaidan", aitortu du, hautagaitza onartu aurreko garaia gogoratzean. Zubizarretak ez zuen nahi, baina alderdiaren ekiteak eta etxekoen animoek eskaintza onartzera eraman zuten azkenean. "Lehen lerroko zerarik ez nuen nahi. Baina, gero, asko gozatu nuen lanean, asko".

Zerbait egiteko ardura hartzen duenean "buru-belarri, egunean hogeita bost orduz eta astean zortzi egunez" aritzen den horietakoa dela dio; "gehiegi, agian". Alkategai aurkeztea onartu aurreko une txarrak atzean utzita, bi agintalditan Azkoitiko Udalaren buru bizitako esperientzia ez dauka saltzeko Zubizarretak; eta eskertuta agertu da alderdiarekin, aukera eman ziolako, eta "herritarrekin", haien botoei esker bitan irabazi zituelako hauteskundeak gehiengo osoarekin. "Lehendabiziko emakume alkatea, eta gehiengo osoarekin". Azkoitian, EAJren alkatetzak gehienez zortzi urterako izan ohi direla kontuan izanda, Zubizarretak bazekien, behin alkate hautatua izanez gero, hurrengo udal hauteskundeetan ere bera izango zela jeltzaleen alkategaia. Hori barneratuta, lehen aldiko buruhausterik ez zuen izan bigarren aldian aurkezteko. "Gainera, martxa hartuta neukan".

Lanaren emaitzaren poza

Alkate izan zeneko urteez hitz egiten duenean, erraz nabari zaio Zubizarretari egia dela gozatu egin zuela alkatetzan. "Egiten dituzun gauzak ikusteak" ematen zion poza, ahaleginaren emaitzak."Baina saiatuta, e?", gaineratu du berehala, lanaren garrantzia azpimarratuta. "Jo atea hemen eta jo atea han" ibili beharra zegoela dio, helburuak gauzatu ahal izateko: "Beti esan ohi dut, eskeko fraideen antzera ibiltzen nintzela".

Herritarrekiko hartu-eman estua da alkate izan zen garaitik gordetzen duen oroitzapen onetako bat. “Jendearengandik oso hurrean nengoen, jendea ikaragarri etortzen zitzaidan alkate nintzenean. Ez zeukan zerikusirik alkateorde nintzenekoarekin, beste gauza bat zen. Ardura eta jendearekiko harremana, oso ezberdinak ziren”, dio.

Alkatetzan bete zituen bi agintaldietan udalean osatu zituzten lantaldeak ere gorapaitu ditu: "Alderdi barruan osatzen genuen programarekin aurkezten ginen hauteskundeetara, eta programa hori betetzea izaten zen gure egitekoa. Bete, eta gainditu ere egiten genuen. Gozatuko ez genuen ba! Baina lana egin ere halaxe, e, eta taldeak ere halakoxeak. Akaberan, pertsonek egiten dute dena. Hori gero eta garbiago daukat nik". Gehiengo osoa izan zuen EAJk Azkoitiko Udalean Zubizarretaren bi agintaldietan. Hori beren programa eta asmoak aurrera ateratzeko lagungarria izango zitzaiela esanda, gehiengo osoak txarrak direla esaten dutenekin batere ados ez dagoela azaldu du alkate ohiak. "Gehiengo osoak txarrak dira ez dituenarentzat. Gehiengo osoek ez dute zertan, berez, txarrak izan behar. Jendeak eman dizkizu botoak, aurkeztu duzun programa hori nahi dute; beraz, bete ezazu fin programa", arrazoitu du bere iritzia. "Hala ere, eta horrexegatik”, oposizioko alderdiekin adostasunak bilatzen saiatzen zirela kontatu du; ahalegin horrek zerbaitetarako balio izango zuela uste du, udal aurrekontuak kontrako botorik gabe onartu zituztelako Zubizarretaren agintaldiko zortzi urteetan. “Eta hori asko da", alkate ohiaren esanetan.

Izan ere, "haiek garai gogorrak" izan zirela gogoratu du Zubizarretak. Une zailetan "baretu, tenplatu" egiten zela dio, "bestela ez zegoen segitzerik". Etxekoek nola sufritzen zuten ikustea egiten zitzaion zailena. Ez dauzka ahaztuta momentu gogorrak, baina nahiago du haietan ez sakontzea. Egindakoen pozak eta oroitzapen onak gehiago ditu gordeta txarrak baino, hala ere. Insausti jauregia berreskuratzea, saihesbidea, industrialdeak, babestutako etxebizitzak, eskola mapa iraulita Azkoitian batxilergora arteko hezkuntza ziklo guztiak ezartzea, uholdeak eragozteko ibaiko obrak... proiektu asko gauzatu ziren Azkoitian Zubizarretaren agintaldietan, eta horietako bakoitza lortzeko borrokatutakoaz eta lorpen bakoitzaren pozaz pasioz hitz egiten du alkate ohiak. Orbanak aipatzeko, berriz, galdetu beharrik ez dago: berak kontatu du Oinartxoko industriagunearen aferarekin "sufritu" zuena. Pozetara itzulita, Jorge Oteizarekin edo Pedro Irizarrekin izandako hartu-emanak dira oroitzapen berezien kutxan gordeta dituenak.

"1991n udalean sartu nintzenetik 2003an alde egin nuen arte, ezezagun gelditu zen herria", dio Zubizarretak, Azkoitiak bizi izan zuen eraldaketa azpimarratzeko. Eta berehala gaineratu du: "Baina hori ez da nire meritua, e? Ez horrela hartu. Momentua tokatu zen halakoxea".

Udala utzi zuenean Azkoitiko udal politikatik guztiz urrundu zela dio. Gipuzkoako Foru Aldundian lan egin zuen erretiroa hartu aurretik. Eta "geldirik ezin egon", eta Bibliotekonomia ikasketak egin zituen UNEDen. Gaur egun, herriko Bizenta Mogel elkartean dabil, “alderdiko lanetan” jarraitzen du –Gipuzkoako EAJren epaimahaiko kide da–, eta berak dion bezala "caballerita" ere bada, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen ohorezko bazkide baita. Alkate zela egindako lanaren aitortzetako bat du hori, atzera begira jarritakoan azaleratutako oroitzapenen antzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide