Ahanztutakoen, isildutakoen ahotsean

Nerea Uranga 2021ko ots. 28a, 09:09

30 urteko su-etena hautsitzat jo zuen Mendebaldeko Sahararen askatasunaren aldeko Fronte Polisarioak iazko azaroaren 13an. Azkoitian bizi diren Saharako komunitateko kideen arabera, "pazientzia agortu" zaie. "Saharako herria laguntza humanitarioari esker bizi da. Marokoren zapalkuntza gogortzen joan da lurralde okupatuan, errefuxiatuak desertuaren desertuan bizi dira Aljerian, eta Minurso Nazio Batuen Erakundeak ez du autodeterminazio agindua gauzatu", salatu dute. Bizi dituzten baldintza gogorrei, gainera, pandemiak ere eragin die.

Suminduta daude. 30 urteko su-etenaren ostean, nazioarteak ez die kasurik egin Saharako herriaren eskariei; ez du agindutakoa bete. Bitartean, Marokoren jazarpena gogortzen joan da. "Pazientzia agortu" zaie sahararrei, eta Marokoren kontrako gerrari ekin diote. Iazko azaroaren 13an, Ibrahim Ghali Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentearen erabakiz, Fronte Polisarioak hautsitzat jo zuen Marokorekin 1991n sinatu zuen su-etena, eta gerra egoera ezarri zuen. Gertaera horren aurrean, beste hainbat tokitan bezalaxe, Azkoitian bizi diren sahararrek protesta egin zuten joan den azaroaren 15ean. Behingoz autodeterminazio erreferenduma gauzatzeko neurriak hartzeko eta egindako promesa betetzeko eskatu zioten Minurso NBE Nazio Batuen Erakundeari –Mendebaldeko Saharan erreferenduma antolatzeko Nazio Batuen misioa–; Minurso 1991n eratu zuten horretarako.

Ahmed Ziad (Villa Cisneros, Mendebaldeko Sahara, 1961), Bairouk Mojtar (Um-Edequen, Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1961), Embarca Bellaher (Argub, Mendebaldeko Sahara, 1969) eta Salha Cheg (Auserd, Mendebaldeko Sahara, 1975) Azkoitiko bizilagunak dira, eta lau sahararren ahotsek ere aldarri dute autodeterminazio erreferenduma eta beren herriaren askatasuna.

Saharako herria hirutan banatuta dago gaur egun: Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan eta diasporan bizi dira sahararrak. Azken horretako kideak dira elkarrizketatutako laurak, eta sahararrek bizi duten "egoera ankerra" ezagutarazteko, beren lurraldean aske bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko eta beren herritarrei "ahalik eta laguntza handiena" helarazteko etorri dira Euskal Herrira, lanera eta bizitzera.

Iazko azaroaren erdialdean, tentsio militarra areagotu zen Guergueraten (Mendebalde Saharako herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko muga), Maroko sartu zenean. Toki hartan, urriaren bukaeratik protestan ari ziren hainbat manifestari saharar, kontrolpeko Guerguerateko igarobidea nazioarteko legediaren kontrakoa dela salatuz eta Mendebaldeko Sahararako autodeterminazio erreferenduma eskatuz. "Marokok berak irekitako arrakala zeharkatu eta han protestan zeuden zibilak erasotu zituen, haien haimak erre zituen. Fronte Polisarioak abisua emanda zuen su-etena hautsiko zuela saharar zibilen kontrako edozein erasoren aurrean. Orduan hasi zen dena: gerra", dio Ziadek.

Bairouk Mojtar.

Ahmed Ziad.

Desertuaren desertuan

"Mendebaldeko Sahara Espainiaren kolonia zela jaio nintzen ni; Espainiako 53. probintzia zen orduan. Familiarekin Villa Cisneros herrian bizi nintzen, eta OHOko seigarren mailara arteko ikasketak egin nituen han. Garai hartan, [Francisco] Franco diktadorea hilzorian zegoen, eta Juan Carlos I.a Espainiako erregea zenak, gure lurraldea opari eman zion Marokori. Orduan hasi zen inbasioa eta sahararron Aljeriarako exodoa. Marokoren bonbardaketa artean irten genuen gure herrialdetik, saharar herriaren aurkako sarraskiaren hasiera izan zen hura", gogoratu du bere haurtzaroa Ziadek. "Gero, Aljerian, bizimodu berri bat hasi zen guretzako, kanpalekuak muntatu behar izan genituen, eta han jarri ginen bizitzen. Nolabait antolatu ginen, eta Fronte Polisarioak eskolak jarri zituen martxan. Ikasketekin jarraitzeko aukera izan genezan, babesten gintuzten herrialdeek —Aljeria, Kuba, Libia...— haien eskoletara eraman gintuzten. Nik espainolez hitz egiten nuenez, Kubara eraman ninduten ikastera, eta sei urte egin nituen han. Toki askotan Kubari buruz gaizki hitz egiten da, baina guk haren babesa sentitu dugu. Handik gero kanpalekuetara itzuli nintzen". Egun, Azkoitian bizi da Ziad, baina seme bat izan ezik, gainontzeko familia guztia Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan du. "18 urteko semea nirekin bizi da orain, baina emaztearekin kanpalekuetan bizi dira beste bi semeak eta alaba. Joan-etorrian ibiltzen naiz ni, eta azkena orain dela urtebete izan nintzen han, iazko urtarrilean; ordutik, anai eta arreba bana hil zaizkit han. Bananduta bizitzea oso zaila da, baina familia mantentzeko hemen lana egin beharra daukat. Izan ere, sahararrek egoera oso gogorra jasan behar dute, desertuaren desertuan bizi dira, laguntza humanitarioari esker".

Mojtar ere Mendebaldeko Sahara Espainiaren kolonia zenean jaio zen, baina haurra zela, Marokoren inbasioaren ondoren, Tindufeko kanpalekuetara ihes egin behar izan zuen. Kuban, industria ingeniaritzako ikasketak egin zituen. Haiek bukatutakoan itzuli zen errefuxiatuen kanpalekuetara, eta irakasle aritu zen. Era berean, Fronte Polisarioarekin gerran ibilitakoa da. "Baina 1991n Minurso sortu zuten, Mendebaldeko Saharan erreferenduma antolatzeko. Orduan, Frente Polisarioak Marokorekin su-etena sinatu zuen, eta armak utzi genituen. Bakea hasi zenean, Espainiara joateko erabakia hartu nuen, lan egin eta kanpalekuetara laguntza bideratzeko". Aurrena Alacantera (Herrialde Katalanak) joan zen lanera, eta gero, Jaenera (Andaluzia, Espainia). "Batetik bestera ibili nintzen; lana non, hara mugituz. 2013. urtean etorri nintzen Azkoitira, eta egun, arrainaren sasoian, Zumaiako lantoki batean egiten dut lana; gauez eta hamabi orduz. Baina gustura nago". Mojtarren familia Tindufen bizi da; ama, anai-arrebak eta hiru seme-alabak.

Salha Cheg.

Embarca Bellaher.

Bellaherrek 7-8 urte zituela ihes egin zuen Aljeriako kanpalekuetara. Gero, Ziadek eta Mojtarrek bezalaxe, Kubara ikastera joateko aukera izan zuen; irakasle ikasketak egin zituen han. "1991n itzuli nintzen Kubatik kanpalekuetara, hain justu, armak utzi eta erreferendumaren kontua agindu zuten urtean. Pozik geunden su-etena adostu zelako eta erreferenduma egiteko aukera izango genuelako. Mendebaldeko Saharan herri gisa bizitzeko aukera sortu zitzaigula sinetsi genuen orduan. Garai hartatik, ordea, itxoiten egon gara, eta gatazkari ez zaio irtenbiderik eman. Mendebaldeko Sahara lurralde aberatsa da, eta han libre bizitzeko aukera izango bagenu, eroso bizitzeko eta beharra duten beste batzuei laguntzeko adina izango genuke. Baina, pentsa, saharar herria bizi bada, laguntza humanitarioari esker bizi da egun. Ikaragarria da. Kanpalekuetako bizi baldintzak izugarri txarrak dira, han ez dago ezer; txoririk ere ez da bizi leku hartan!", azaldu du Bellaherrek. 2012an etorri zen Euskal Herrira bizitzera. "Ikasketak ditugunok saharar herriaren kausarako ahal duguna egiten ari gara diasporatik. Maroko Sahararekiko egiten ari den zapalkuntzaren, Espainiaren arduragabekeriaren eta Frantziaren konplizitatearen berri eman beharra dago nazioartean", aldarrikatu du.

Chegek seme-alabentzako etorkizun eta bizi baldintza hobeak bilatzeko utzi zituen Tindufeko kanpalekuak. Aljerian egin zituen ikasketak, eta arabierako irakaslea da Cheg. "Kanpalekuetan ez dut lanik, eta bizi baldintzak oso-oso kaskarrak dira han. Ez dut nahi nire seme-alabek guk pasatu duguna pasatzea, etorkizun hobe bat opa diet, eta horregatik etorri ginen Azkoitira". Bost seme-alaba ditu, eta horietako bat kanpalekuetan bizi da; ezin izan du berarekin bizitzera ekarri. "Paper kontuengatik ezin da gurekin hemen bizi, 3 urte zituela utzi behar izan nuen han", dio saminez.

Saharako errefuxiatuen Tindufeko kanpalekua.

Autodefentsarako, gerrara

Su-etena bertan behera utzi ondoren, Marokoren kontrako gerrara joan dira kanpalekuetan eta lurralde okupatuan bizi diren gizon-emakume asko. "Sasoiz dauden gizon gehienak joan dira gerrako frontera, baita boluntario agertu diren emakumeak ere", azaldu dute Azkoitian bizi diren lau sahararrek. Polisarioak frontera deituz gero, Ziad, Mojtar eta Bellaher prest daude armak hartzeko. "Giza eskubideez eta demokraziaz asko hitz egiten da munduan, baina errealitatean ez dago horrelakorik. Aberastasuna non, herrialde guztiek hara jotzen dute etekin ekonomikoaren bila. Giza eskubideen izenean, herri asko suntsitu dituzte", uste du Ziadek.

Sahararrak beren lurraldeagatik bizitza emateko prest daude, Mojtarren arabera: "Dena galduta daukagu, gaur-gaurkoz ez daukagu ezer; 45 urte baino gehiago dira dena kendu zigutela". Ziaden ustez, Marokok ez zuen espero 20-22 urteko sahararrak Fronte Polisarioarekin gerrara joateko prest egongo zirenik: "Baina joan dira, eta haien amek irrintziekin eta txaloekin agurtu dituzte gerrara joan diren seme-alabak".

Saharako herria baketsua dela diote, haien nahia ez dela gerra egitea, baina beren eskubideak eta lurraldea defendatzeko armak hartzea beste erremediorik ez dutela dio Bellaherrek. "Saharako herria oso egoera txarrean bizi eta oso gaizki pasatzen ari da. Herrialde boteretsuenak Maroko babesten eta laguntzen ari dira, eta gure herria abandonatuta daukate. Gatazka honetan inork pazientzia izan badu, gu izan gara".

Sahararrek bizi duten egoera ezkutatu egin izan dutela salatu dute laurek. Haien ustez, Maroko arduratzen da giza eskubideen urraketa, zapalkuntza eta gatazka isilpean izan daitezen. Hala kontatu du Mojtarrek: "Marokok blokeo mediatikoa dauka ezarrita. Espainiako Estatuan ez dute Sahara aipatu ere egiten, ez da hango gatazkaz informatzen, ez da azaltzen sahararrek bizi duten bazterkeria, tortura... Hori horrela izan dadin, Marokok dauka giltza. Espainiak eta Espainiako hainbat enpresak interes ekonomikoak dituzte Marokon. Gainera, Espainiak Saharako kausa babesteko keinu bat egin orduko, Marokok Ceutako eta Melillako kontuaren giltza ateratzen du edota migranteen olatuak sorrarazten ditu; hau da, Afrikako beste lurralde batzuetako herritarrak Marokora erakartzen ditu, gero handik Espainiara bultzarazteko. Marokok bere giltzak erakusten dituenean, denak isilarazten ditu, eta sahararrok gara horren biktima".

Fronte Polisarioa gerran dagoela ere ezkutuan du Marokok, Ziaden arabera. "Gerran dago Sahara, baina ez dute horren berri ematen. Gerran hildako marokoarren senideei ere ez diete uzten gerran hil direla aitortzen. Maltzur, azeri, jokatzen du Marokok lurralde okupatuetan". Espainia, berriz, Marokoren konplizea dela salatu dute laurek. "Giza eskubideak urratzen dituen herrialde bat babesten ari da Espainia, eta armak ematen dizkio Marokoko armadari", kritikatu du Ziadek.

Elkartasuna eta laguntza

Ziad, Mojtar, Bellaher eta Cheg beren herria eta Saharako herritarrak laguntzeko ahaleginean ari dira, Azkoitian bildutako apurra kanpalekuetara bidaliz. Beren artean asko laguntzen direla diote, haien izateko moduaren ezaugarri dela hori. Ziaden hitzetan, haiek beren herrikiderik ez dute uzten "gosez edota kalean".

Sahararrak izan gabe, badira herri horri laguntzen dioten euskal herritarrak ere. Lurdes Alberdi (Azpeitia, 1966) eta Irati Lizarralde (Azkoitia, 2004) ama-alabak eta Garazi Salegi (Azkoitia, 1986) adi jarraitzen ari dira Saharako kanpalekuetako egoera eta gatazka Azkoititik. Alberdiren eta Salegiren familiek, Oporrak Bakean egitasmoaren bidez, haur saharar bana ekarri zuten 2019ko udan beren etxeetara; Alberdiren familiarekin igaro zuen uda Aichatuk, eta Salegirenarekin Nayatek. "Saharar herriarekiko lotura Aichatu etxera ekarri genuenen sortu zen. Ordutik, Saharari buruzko informazioa gertutik jarraitzen dugu", azaldu du Alberdik. Lotura horrek eta jakin-minak bultzatuta, Lizarralde Juventud Activa Saharaui (Saharar Gazteria Aktiboa) elkarteko kide ere egin da.

Saharako herriak laguntza eta elkartasun premia handia du, eta hori bideratzeko, Euskal Herritik ahalegina egin beharra dagoela diote hiru azkoitiarrek. Zumaiako Darahli elkartearen laguntzarekin, Azkoititik beren aletxoa jartzeko ahalegina egiten ari dira.

Lurdes Alberdi, Irati Lizarralde eta Garazi Salegi.

Saharako egoera konpontzeko politikak sustatu behar direla aldarrikatu du Salegik: "Politikariek eta boterean daudenek hasi behar dute neurriak hartzen eta presioa egiten Saharako egoera konpontzeko. Espainiak eragin beharra dauka horretan, bestela honek ez dauka inolako konponbiderik. Espainiako Gobernuak egin behar du Saharako herriaren duintasunaren eta autodeterminazio eskubidearen alde, eta aurre egin behar die Marokori eta Frantziari".

COVID-19aren izurriteak ere eragin du kanpalekuetan, okerrerako, gainera. Kanpotik jasotzen zuten laguntza humanitarioa murriztu egin zaie, aurreko urteetan baino elikagai eta botika gutxiago iritsi zaizkie. Errefuxiatu sahararrek uda eta udazken "oso gogorrak" igaro dituztela azaldu du Alberdik: "Laguntza humanitariorik ez dute jaso".

Iazko martxoaren hasieran saharar errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko janaria eta produktuak bildu zituzten Azkoitian. Orduan bildutako guztia urtarrilean jaso zuten kanpalekuetan. "Hilabete hauetan guztietan, Alacanten [Herrialde Katalanak] edo auskalo non, kamioiak geldirik izan dituzte. Kanpalekuko gure familiak hala zioen: 'Ez dakigu zer jan beharko dugun, hondarra edo?'", salatu du Alberdik.

Saharar herriari laguntzeko beste bilketa bat ere egin zuten herrian joan den udazkenean. Azken horretan, eskolarako materiala, arropa, gel hidroalkoholikoa eta maskarak jaso zituzten, baita beren hango familiarentzako poltsa bana ere. "Bildutako guztia hor dago, ezin bidalita", diote kezkatuta.

Oztopoak oztopo, Mendebaldeko Sahara libre izan dadin ahalegin guztiak egiteko prest daude Azkoitian bizi diren sahararrak. Haiei laguntzeko eskuzabalik dira, berriz, kanpalekuetan “"etxeko txikiak" dituzten Azkoitiko bi familiak. Bellaherrek honela dio: "Gure berezko lurraldean, Mendebaldeko Saharan, aske biziko banintz, ez nuke handik alde egingo laguntza eta elkartasun bila".

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide