Hitz bitan

Juan Manuel Zaldibia: "Zailtasun asko ditugu bidaia agentzietan, denak ez esateagatik"

Andoni Elduaien 2021ko mar. 3a, 09:05
Juan Manuel Zaldibia.

Juan Manuel Zaldibia (Tolosa, 1963) bidaia agentziako langileak 30 urte daramatza Azkoitian bizitzen, eta beste horrenbeste egin ditu bidaia agentzien munduan lanean. Haren arabera, enpresekin lan egiten dutelako ari dira egiten aurre azken hilabeteei.

Bidaiak etenda, zein da zuen egoera?

Lurrikara handia izan da gure sektorearentzako. Europako hegaldiak-eta bertan behera gelditu zirenean nabaritu genuen lehen eragina; bien bitartean, Txinako konpainiek Europara hegaldiak egiten jarraitzen zuten. Gaixotasuna Italiara iritsi zenean, beste egoera batean sartu ginen; shock bat izan da orduz geroztik.

Zein izan dira zuen lanak azken hilabeteetan?

Ehunka bidaia genituen kontratatuta, eta horiek itzuli eta ezeztatu behar izan ditugu. Martxoan alarma egoeran sartu ginenean, inork ez zekien zer egin. Hegaldi konpainiek diru itzultzeak blokeatu zituzten, deskapitalizatzeko arriskua ikusi zutelako. Hotelak mundu guztian ditugu kontratatuta, eta Herbeheretako hotelek, adibidez, ez zuten dirurik itzuli nahi.

Bestelako lana egin behar izan duzue, beraz.

Ez gara lanik gabe gelditu, baina bi hilabete oso gogorrak izan ditugu gauzak lehengora zuzentzen ahalegintzeko. %90a konponduta dugu; bezero batzuk ulertu dituzte kontu horiek, baina beste batzuk ez. Hori dena kudeatu behar izan dugu. Bidaia hornitzaileen arabera, oraindik ez dakigu kasu batzuk nola bideratu, eta batzuetan galera onartu behar izan dugu, nahiz eta gu ez izan errudunak.

Batez beste, zenbat bidaiatu da aurten?

Iaz ehun bidaia egin baziren, aurten hamar egin dira. Enpresekin lan egiten dugu, zorte hori dugu, eta batzuk bidaiatzen jarraitu dute; halere, oso mugatuta eta baldintza askorekin egin dituzte bidaia horiek. Egun enpresekin ez bada lan egiten, ez du zentzurik agentzia irekita edukitzea. Horrek uzten digu oraindik ere lana egiten, eta lantaldean hiru pertsona egoten.

Zuen lana mugikortasun neurriek mugatu dute. Eskuak lotuta sentitzen al dituzue?

Duela aste batzuk bidaiatzeko aukera zegoen, orain ez; egoera horretan %100ean gaude mugatuta. Gainera, guztia ez dago gure gain. Lufthansa konpainiak, adibidez, Bilbotik Frankfurtera joateko zuzeneko hiru edo lau hegaldi izaten zituen lehen; orain bakarra du edo ez du hegaldirik. Konpainien operatiboak %80-85 jaitsi dira Bilbon. Horrez gain, herrialde batetik bestera mugitzeko PCR probak egin behar dira. Zailtasun asko ditugu bidaia agentzietan, guztiak ez esateagatik.

Oro har, azkoitiarrak asko bidaiatzekoak al dira?

Gero eta gehiago bidaiatzen da, gero eta errazago gainera. Era berean, gero eta immigrazio handiagoa dago, eta horiek ere beren herrietara itzuli nahi izaten dute. Gelditu ezin den mugimendua da bidaiatzearena.

Zein dira herritarren tokirik kuttunenak?

Bidaiari bakoitzak bere egoeraren arabera egokitzen du bidaia. Filipinetara jende askok egin zuen bidaia 2019an. Familiek bidaia lasaiagoak nahi dituzte eta hondartza nahi izaten dute. Indonesiara bidaia asko antolatutakoak gara, baita AEBetara ere.

Zein dira egungo eta lehengo bidaiatzeko ohituren desberdintasunak?

Telefono deiak edo mezu elektronikoak jasotzen ditugu orain. Jendeari bidaia bere erara egitea gustatzen zaio, mugimendua gehiegi mugatu gabe. Bidaia nora egiten den izan behar da kontuan, eta herrialdearen arabera egokitu gero bezeroaren nahiak. Familia batek bidaia ia guztia lotuta atera nahi du; gazteek, aldiz, gutxienekoa.

Laster bidaiatzeko modua izango dela uste al duzu?

Txertoak koronabirusarekin amaituko duelakoan nago. Ez dakit nola kudeatuko duten, baina pertsona txertatua izan den ikusteko erremintaren bat sortuko dutelakoan nago. Martxan ikusten dut gizartea urtearen bigarren erditik aurrera; ez urruneko bidaiak egiten, baina gutxienez martxan izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide