Espezie anitzetako zuhaitzak landatu ditu Urola Bizirik natur taldeak Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko ots. 8a, 17:01

Azkoitiar baten lursailean hainbat zuhaitz landatu zituzten joan den astean, "baso naturalaren garrantzia" aldarrikatzeko. Etorkizunean ere landaketekin jarraituko dutela jakinarazi du taldeak.

Urola Bizirik natur taldeko kidek espezie desberdinetako zuhaitzak landatu zituzten joan den ostiralean Azkoitian. Herritar baten lursailean egin zuten zuhaitz landaketa, eta modu horretan, natur taldeak "baso naturalen garrantziaren aldarrikapena" egin nahi izan zuen. Urola Bizirikek adierazi du, Azkoitian egindako landaketa "oso xumea" izan dela, baina etorkizunean "jarraipena" izango duela. "Basotxo bat sortzeko asmoa dugu. Ederra izango da zuhaitz horiek nola handitzen diren eta zer forma hartzen duten ikustea edota urtaroen zikloarekin beren kolore aldaketa hautematea. Kolore guztietako basoak behar ditugu", azpimarratu dute.

"Inguruan pinu plantazioak jasaten ari diren gaitzaren ondorioz, hainbat eremu soilduta ikusten dira, non, askotan, beste zuhaitz espezie batzuen landaketa masiboak ari diren egiten. Espezie horietako batzuk, gainera, zientzialarien esanetan kaltegarriak dira gure ekosistemarentzat", azaldu dute Urola Bizirik natur taldeko kideek. Eredu "ekonomizista" dela iritzita, natur taldeak bertako basoek jokatzen duten "papera" azpimarratu nahi izan dute. "Bertako basoak zoritxarrez orban txikietan zehar daude sakabanatuta lurraldean. Ekosistemaren euskarria dira, bertako floraren eta faunaren babesgune, lurzoruaren euskarri, uraren zikloaren erregulatzaile, gizakiontzako hainbat zerbitzuen hornitzaile... Zer egingo genuke basorik gabe?", galdetu dute.

Natur taldeak adierazi du, batzuk uste dutela Gipuzkoako "basoen" egoera "ona" dela, "lurraldearen zati handi bat okupatzen dutelako". Hala eta guztiz ere, natur taldeak azpimarratu du Gipuzkoako baso gehienak "pinu plantazioak" direla, eta gainera, "esku pribatuen" eta "jabe handien" esku daudela. Urola Biziriken arabera, baso politikaren helburua "probintziako paper eta zur industriak elikatzea" izan da. "Ez dute beste irizpiderik erabili, eta hemen administrazioa ere sartu beharko genuke. Pinua jasaten ari den banda marroiaren gaitzarekin, gogoeta sakon bat egin beharrean, eredu berdina planteatzen segitzen dute alde guztietatik", azpimarratu dute.

Bide batez, nabarmendu dute pinu saila botatzean baserritarrei eta lurjabeei "industriak zehazten dituen espezieak landatu" beste aukerarik ez zaiela eskaintzen. "Lur jabe txikiei ia ezinezkoa egiten zaie beste erabakiren bat hartzea, horretara bultzatzen dituzten legeak eta interesak daudelako. Egoera orekatu eta gizarteko partaide guztien interesak babestu beharrean, administrazioak ez ditu tresna asko sustatu bertako basoak berreskuratzeko. Gainera, tresna horietako batzuk gutxitan aplikatzen dira", azaldu du Urola Bizirikek.

Egoera horren aurrean, Urola Bizirik natur taldeak "konpromiso serioa" eskatu die erakundeei eta eragile guztiei. "Administrazioari interes publikoa defendatzeko; industriari gure ekosistemak arriskuan ez jartzeko; eta hiritarroi, ahal badugu, geure ekarpen txikia egiteko, naturzaleen leloa betez: Globalean pentsatu eta tokian-tokiko ekin" azpimarratu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide