Azken hiru egunetako probetan bederatzi kasu positibo baieztatu dituzte Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko ots. 8a, 12:56

Kasu gehienak ostiraleko probetan atzeman zituen Osasun Sailak, zazpi. Beste bi kasuak, berriz, larunbateko probetan zenbatu zituzten, atzo ez baitzen positibo berririk izan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri du azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno probetan atzemandako kasu positiboen emaitzen txostena. Azkoitian ostiraletik atzora bitartean egindako testetan guztira bederatzi kasu zenbatu zituzten. Kasu horietatik zazpi ostiraleko probetan hautemandakoak dira, eta bi dira larunbatean egindakoetan detektatutakoak. Atzo, igandea, egindako testetan ez zuten positibo bakar bat ere detektatu.

Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu positiboetan tasa metatuak edo intzidentzia tasak, gainera, behera egin du Azkoitian. Ostiralean kaleratutako txostenean Azkoitiak 367,19ko intzidentzia tasa zuen, eta hiru egunen buruan 358,84ra jaitsi da; halere, eremu laranjan sartuta jarraitzen du herriak.

Eskualdean, berriz, 60 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetako probetan. Kasuen herena baino gehiago Azpeitian zenbatu dute, 23 hain zuzen –11 kasu ostiralean eta seina larunbatean eta atzo–. Hala eta guztiz ere, intzidentzia tasak behera egin du Azpeitian, 1.116,95etik 873,85era. Eremu gorrian dagoen Urola Kostako beste herria Orio da. Han beste sei kasu positibo zenbatu dituzte –hiru ostiralean, bi larunbatean eta bat atzo–, eta gainera, intzidentzia tasak gora egin du. 1.272,02koa zen tasa ostiralean Orion, eta azken kasuekin tasa 1.288,32ra igo da. Aiak ere eremu gorrian jarraitzen du, baina azken egunetan han ez dute kasu positiborik atzeman. Ostalaritza guneek itxita eta eskolako zein taldekako kirolak etenda jarraitu beharko dute hiru herri horietan.

Nola kasuek hala intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen dute Zarautzen. Eremu laranjan daude han, eta ostiraletik atzora bitartean egindako probetan hemezortzi kasu positibo atzeman zituzten –bederatzi ostiralean, hiru larunbatean eta sei atzo–. Intzidentzia tasa 329,81ekoa da Zarautzen, eta Oriorekin batera tasak gora egin duen eskualdeko herri bakarra da.

Zumaian, bestalde, bi kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan, biak ostiralean egindako PCR eta antigeno probetan hauteman zituzten. Intzidentzia tasak 447,75etik 407,04ra egin du behera han. Getarian eta Zestoan, aldiz, kasu positibo bana zenbatu dituzte asteburuan; bi herrietan ostiraleko probetan baieztatu zituzten positiboak. Getarian 141,34koa da intzidentzia tasa, eta Zestoan 667,69koa. Zestoako tasa altua izanagatik ere, ostalaritza guneak ostiraletik aurrera zabaltzeko eta kirola egiteko baimena eman zuen ostegunean Jaurlaritzak. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, aldiz, ez dute kasu berririk zenbatu asteburuan.

Mila positibotik behera

Hego Euskal Herrian, bestalde, 701 kasu positibo zenbatu zituzten atzo, igandea, egindako PCR eta antigeno testetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.687 test egin zituzten, eta 621 kasu positibo atzeman zituzten. 56 positibo zenbatu zituzten Araban, 371 Bizkaian eta 188 Gipuzkoan. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren sei laguni ere positiboa zenbatu zioten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan positibotasun tasa %5,8koa izan zen atzo. Nafarroan, berriz, 1.652 proba egin zituzten, eta 80 kasu positibo baino ez zituzten baieztatu, positibotasun tasa %4,8an kokatuz.

Ospitaleen egoera zein den ere zehaztu du Jaurlaritzako Osasun Sailak. 573 lagun daude Araba, Bizkai edo Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; gora egin du kopuruak azken egunetan. Atzo 42 lagun gehiago ospitaleratu zituzten. Gaur-gaurkoz, halaber, 164 pertsona daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, bestalde, 0,87koa da hiru lurraldeetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide