Jendetza batu da plazan, atzo iluntzeko gertakariak salatzeko

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 7a, 20:15

Atzo tabernak itxi ostean herrian jazo ziren gertakariak salatzera dei egin du Azkoitiko Gazte Asanbladak, eta erantzun zabala izan du deialdiak. Ehunka herritar bildu dira gaur arratsaldean herriko plazan, Jazarpen polizialen aurrean, klase batasuna zioen pankartaren atzean.

Atzo iluntzean herriko hainbat gaztek jasan zuten "polizia erasoa" salatzeko deia egin du Azkoitiko Gazte Asanbladak, eta erantzun zabala izan du deialdiak. Ehunka herritar bildu dira Jazarpen polizialen aurrean, klase batasuna zioen pankartaren atzean, 19:00etan hasita herriko plazan egin duten elkarretaratzean. Plazaren bi aldeetan ertzainak zirela egin dute orduerdi eskas iraun duen mobilizazioa.

Elkarretaratzearen bukaeran, oharra irakurri dute asanbladako bi kidek. Honela zioen, hitzez hitz: 

"Garai latzak bizi ditugu langileok. COVID-19aren pandemiak aurretik garatzen zetorren krisi kapitalistaren areagotzea ekarri digu. Osasun krisiaz haratago, egiturazko krisi kapitalista baten aurrean gaude.

Hori gizarteko arlo ezberdinetan azaleratu da. Arlo laboralean nabarmenak diren kalteak ikusten ditugu: langabezia tasaren igoera, ERTEak, miseriara kondenatzen gaituzten eta batzuetan iristsi ere egiten ez diren diru laguntzak… Orokorrean langile klasearen pobrezia ekarri du horrek ondorio bezala.

Kontrol sozialaren aldeko apustua ere egin dute, masa zabalen kontrolerako herramienta teknologikoen inplantazioa sustatu da, esate baterako, geo-lokalizazioa edo errekonozimendu fazialaren bitartez funtzionatzen duten gailu edo aplikazioen garapenarekin.

Egoera justifikatzeko pandemiaren hedapena aitzakiatzat hartu den arren, ikusten hari garen neurriek ez dute arazoarentzat konponbidea bermatzen edota bilatzen. Osasun arlora baliabide gehiago bideratu beharrean, oinarrizko eskubide eta askatasunak ukatzen dituen estatu poliziala eraiktzearen alde egin dute agintariek, partidu politiko guztien onespenarekin. Hori ikusten dugu alde batetik, langileon antolakuntza ezeztatzen duten neurri murriztailetan: biltzeko eta elkartzeko eta zirkulazio librerako eskubidearen ezabapenean edota ordutegi mugen ezarpenean.

Gazteok dugu gertatzen ari denaren errua komunikabideak ematen ari diren kriminalizazio kanpainaren arabera. Psike kolektiboan gazteria kriminalizatzera mugatu dira, horiek arduragabe gisa irudikatzen uneoro. Argi dugu gazteon kriminalizatzeak dituen helburuak etorkizunera begira gizarte despolitizatu eta obediente bat ezartzea direla.

Estatu poliziala eraiki eta gazteok errudun bezala ikustarazteak polizia indarren jazarpena ahalbideratu du Euskal Herriko hainbat lekutan. Bart gauen jazarpen hori Azkoitian bertan sufritu dugu. Tabernak itxi orduko, polizia Azkoitiko gazteriaren aurka oldartu zen, mehatxuak, identifikazioak eta isunak jasan zituzten hainbat gaztek; eta haori gutxi balitz, irainak eta eraso fisikoak pairatu genituen.

Oraindik modu formal batean aurkeztu ez garen arren, beharrezkoa iruditu zaigu atzo herritarrok pairatutakoa salatzea. Horregatik Azkoitiko Gazte Asanbladatik gure babes osoa adierazi nahi diegu atzo jazarpen polizialaren ondorioz erasoak jasan zituzten gazte orori.

Eraso horiek kapitalismoak ezartzen duen biolentzia estrukturalaren ondorio dira; horregatik, ez ditugu modu isolatu batean ulertu behar. Hori horrela, langile antolakuntzaren beharra gailendu nahi dugu eta lanean jarraituko dugu gure praktika politikoen bidez, herriko problematika desberdinak jorratuz, basakeria kapitalistaren mekanismo desberdinei aurre egiteko. Gurekin borrokara batzera gonbidatzen zaituztegu."

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide