Ostiraleko pilota partidetarako materiala hautatu dute pilotariek, Gurea pilotalekuan

Andoni Elduaien 2021ko ots. 3a, 13:49

Olaizolak, Rezustak, Ezkurdiak eta Galarzak ostiraleko partidarako pilotak aukeratu dituzte Gurean. Baikoko pilotariek aukeratutako pilotak zertxobait astunagoak dira Aspekoek aukeratutakoen aldean.

Gaur, asteazkena, hautatu dute pilotariek ostiralean Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko duten pilota partidarako materiala. Ostiralean, promozio mailako eta lehen mailako pilotarien binakako txapelketako pilota partidak jokatuko dituzte Gurean, 22:15ean hasita. Lehen mailako binakako txapelketako partidak izango dira lehenik; Aimar Olaizolak eta Beñat Rezustak, Joseba Ezkurdiaren eta Ladis Galarzaren aurka jokatuko dute. Promozio mailako txapelketako partida jokatuko dute gero, eta Elordi-Garmendia bikotea Alberdi-Salaverri bikotearen aurka arituko da. 

Promozio mailako partidan arituko diren pilotariak ez dira Azkoitira etorri, baina bai lehen mailako pilotariak. Alde batetik, Aimar Olaizola eta Beñat Rezusta Baikoko pilotariak aritu dira beren materiala aukeratzen, eta bestetik, Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarza Aspeko pilotariak. 13:00 aurretik bikote bakoitzak bere materiala probatu eta hautatu du, eta segidan, bikote aurkariarenak aztertu dituzte minutu batzuetan.

Olaizolak eta Rezustak aukeratutako lehen pilotak 105,9 gramo pisatzen du, bigarrenak 106,1 gramo eta hirugarrenak 105,5 gramo. Aldiz, Ezkurdiak eta Galarzak hautatutako lehen pilotak 104,2 gramo pisatzen du, 105,1 gramo bigarrenak eta 105,6 gramo hirugarrenak. Joseba Ezkurdiak, gainera, Azkoitian egin du gaur lan saioa. Asteburuan Gurean arituko ez den arren, Julen Martija pilotariak ere herrian egin du entrenamendua.

Egun Jaurlaritzak ezarrita dituen arauengatik partidak ikustera ezingo da ikuslerik sartu Gurea pilotalekura. ETB1ek zuzenean eskainiko ditu bi pilota partidak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide