Herriko merkataritza gazteen artean sustatzeko asmoz, Scape The Herria izeneko jokoa egingo dute Azkoitian otsailaren 13an

Andoni Elduaien 2021ko ots. 3a, 11:40
Vazquez, Aguriondo, Gontan eta LarraƱaga, udaletxean.

Googaz taldearen ekimenez eta Azkoitiko Udalak lagunduta, otsailaren 13an escape joko bat egingo dute Azkoitian Scape The Herria izenpean. Tokian tokiko komertzioa gazteen artean sustatzeko asmoz, 18 eta 30 urte bitarteko azkoitiarrek tokiko komertzioa bultzatzeko ideia onenak pilatu beharko dituzte jokoan.

Hurrengo larunbatean, otsailak 13, Scape The Herria izeneko escape jokoa egingo dute Azkoitian. Googaz taldearen ekimena babestu du Azkoitiko Udalak gazteak tokian tokiko komertzioa bultzatzeko asmoz. Prozesua hiru fasetan banatu dutela azaldu dute Eukene Gontan eta Irene Aguriondo Googaz taldeko kideek. Prentsaurrekoan Sonia Vazquez Kultura zinegotziak eta Jon Larrañaga Herrixen elkarteko presidenteak ere parte hartu dute, eta Vazquezek azaldu du egitasmoan parte hartzeak "merezi duela", helburua "herriko merkataritza sustatzea" delako. Otsailaren 13an egingo duten The Scape Herria jokoarekin hasiko da Googaz taldeak proposatutako prozesuaren lehen fasea. Azkoitiko 18 eta 30 urte bitarteko gazteek hiru laguneko taldeaK osatu beharko dituzte jokoan parte hartzeko; Elkarguneko Herriko Plaza aretoan hasi beharko dute jokoa izena emandako taldeek. "15-20 talde" elkartzea espero dute Googaz taldeko kideek.

Gainera, jakinarazi dute dagoeneko izen ematea irekita dagoela Googaz taldearen webgunean, eta aurreneko taldeak ere osatu direla. "Scape jokoan parte hartu nahi dutenek ordubeteko tartean egingo dute jolasa, eta 10:00etatik 20:00etara bitartean egongo da egongo da horretarako aukera", azaldu dute Gontanek eta Aguriondok. Orduro "hiru edo lau taldek" parte hartzea aurreikusi dute. Escape jokoa erronka desberdinekin sortu dute, eta digitalizazioaren bitartez eramango da prozesua aurrera; izan ere, izena eman ondoren deskargatu beharko duten app baten bitartez parte hartuko dute gazteek jokoan. Escape room moduko bat sortuko dute app horretan, eta parte-hartzaileek hainbat galdera erantzun zein probak bete beharko dituzte.

Jokoan herriko komertzioek zer behar dituzten eta zer erronkari aurre egin behar izaten dioten aztertu beharko dute parte-hartzaileek. Erronka guztiekin ideia berritzaile bat sortu beharko dute taldeek. Talde bakoitzak eratutako ideia berritzailea Googaz taldera bidali beharko da jokoa amaitu ondoren, eta otsailaren 15ean, astelehenean, Googazen Instagram kontuan jakinaraziko dute Azkoitiko talde irabazlearen izena zein den. "Iniziatiba eta ideia berritzaileena izateari" emango dio balioa Googazen dinamizatzaile taldeak. Azkoitiko Udalak eta Herrixen elkarteak ere sariak banatuko dituzte. 300 euroko erosketa bonua emango diote talde irabazleari herriko dendetan erabiltzeko, eta zozketa bidez 150 euroko beste bonu bat zozkatuko dute parte hartzen duten talde guztien artean.

Bigarren fasea, uda aurretik

Azkoitian egindako The Scape Herria jokoak bigarren fasea ere izango du. Maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran hasiko dute lurraldekako kopa. Herri bakoitzean irabazten duen taldea lurraldeko lehiara sailkatuko da, eta beraz, Azkoitiak ere izango du ordezkaritza Gipuzkoako kopan. Bigarren fasean, herrietako proiektu berriak aurkeztu beharko dituzte irabazleek, "saltokien erronkei eta arazoei irtenbidea modu berritzailean"  emateko. Gipuzkoako jokoa irabazten duten taldeek hirugarren fasean murgilduko dira, eta Europan barrena bidaiatzeko aukera izango dute hamar-hamabost egunez. Hiru talde irabazleek Europako tokiko saltokien joerak aztertu beharko dituzte bidaian, eta ikerketa lan bat egin eta txosten bat aurkeztu beharko dute. Ideia berritzaile horiek liburuxka batean jasoko dituzte gero, eta Azkoitiko saltoki  guztiei banatuko dizkiete horiek.

Googaz Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailetza eta Berrikuntza graduko ikasle ohi ek eta egungo ikasleek sortutako taldea da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteentzat sortutako mugimendua da Googaz, eta helburuen artean dituzte, besteak beste, talde lana, ekimena, ekintzailetza eta gazteen talentua bultzatzea. Horretarako, proiektuaren egituran sartzen dituzte udalak, aldundiak zein gazteak, eta urtero erronka berri bat jorratzen dute. «Aurten, COVID-19ak sortutako egoeragatik, erronka handiak sortu dira tokian tokiko saltokien bueltan, eta erabaki dugu onuragarria litzatekeela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan inpaktua zabaltzea eta mugimendua lantzea», azaldu dute.

Gipuzkoako lehena

Orain arte, bereziki Bizkaian egon da murgilduta Googaz taldea, baina orain Gipuzkoara zabalduko dute lanketa. Izan ere, Bizkaiko zortzi udaletxek eta hango Aldundiak parte hartu izan dute. Egindako bidea "eraginkorra" izan dela adierazi dute Gontanek eta Aguriondok, hiru pertsonak osatutako hamabost-hogei talde ibili baitira herri horietan jokoan. Horrelako egitasmo bat egingo duten Gipuzkoako lehen herria Azkoitia izango da, baina aurrerantzean Gipuzkoan "gehiago zabaltzea" aurreikusi dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide