Kari Alberdi: "Uste nuena baino askoz ere abesti gehiagotan erabiltzen dira zientziako kontzeptuak"

Andoni Elduaien 2021ko ots. 2a, 16:40
Alberdi, sortutako eduki bat erakusten.

Kari Alberdi (Azkoitia, 1996) komunikazio zientifikoko aditua izateko ikasketak ari da egiten, eta sare sozialekin lotura estua duen irakasgai baterako proiektu berezi bat abiatu du. Zientziaren kontzeptuak euskal musikariek egindako abestien bidez hasi da azaltzen Twitterren eta Instagramen. Azkoitiarrak proiektua xeheago azaldu dio Maxixatzen.eus-i.

Ikasketekin lotutako proiektu bat aurkeztu duzu. Zer ari zara ikasten? 

Komunikazio zientifikoko aditua izateko ikasketak ari naiz egiten, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artekoa, eta horren barruan sare sozialak ikasgaia dugu. Ikasgai amaierako lana egiteko, bi astez Twitterren guk nahi genuen eduki zientifikoari buruz hitz egitea proposatu ziguten. Ikasle bakoitzak hautatu behar zuen zeri buruz eta nola hitz egin.

Ezagutza zientifikoak euskaraz zabaltzen hasi zara sare sozialetan.

Ez dakigu zientzia nola kontatu; hori da zientziak duen arazoetako bat. Ez dakigu zientziarekiko interesa nola piztu jendeari. Oro har, herritarrei ez zaie zientzia interesatzen edo behintzat ez zaie erakargarria egiten. Euskaraz bizi garenok gehiago erakartzen gaituzte euskarazko edukiek, hala nola euskal musikak eta euskal literaturak. Euskal abesti batzuk hartzea bururatu zitzaidan, abestia hartu eta hortik zerbait zientifikoa ateratzen saiatzeko. Guztiontzat ezagunak diren musika taldeen abestiak hartu ditut, besteak beste, Zea Maysenak, Berri Txarrakenak edota Ken Zazpirenak, eta Twitter eta Instagram kontuetan ari naiz lan hori egiten. Etorkizun batean, ordea, gustatuko litzaidake euskal literaturara ere zabaltzea jarduna; orain abestien letrekin ari naiz, jendea erakartzeko errazena delako.

Sare sozialetan murgiltzeko aukerarik ez dutenentzat, sortu duzun eduki baten adibide bat ematerik ba al duzu?

Elkarrekin erlazioa duten hiru abesti pilatuta, astero hirukote bat osatzea eta aurkeztea da nire asmoa. Lehen asterako abestien zerrenda bat egin nuen. Elkarrekin zerikusia zuten kantak ziren edota hiruren artean istorio bat osatzeko modua zegoela uste nuenak. Lehen hirukotean elektrizitatea, oreka eta indarra kontzeptuak azaldu nahi izan ditut, Zea Maysen Elektrizitatea abestiarekin, Berri Txarraken Oreka abestiarekin eta Oreka TX taldearen Indarra abestiarekin. Adibidez, Elektrizitatea abestiaren hitzek horrela diote: "Elektrizitatea banaiz, lurrean idatzirik geldituko naiz". Esaldi hori hartu eta zientifikoki erantzun dut esaldi hori egia al den. Teorikoki sinesgarriak diren iturrietatik informazioa bilatzen aritu naiz, eta kontzeptu bakoitza zer den azaldu dut. Photoshoparen bitartez eta, edukia jendearentzat ikusgarriagoa egiten ahalegintzen naiz.

Zer da lortu nahi duzuna?

Jendeari zientzia modu arin batean azaldu nahi diot. Zientzia orokorrean gauza oso hotz batekin lotzen da, zaila eta konplexua den zerbaitekin. Oinarrizko elementuetatik hasita, erraz kontatzeko eta ulertzeko edukia lortzea da nire asmoa. 

Erraza al da euskal musika taldeen abestietan zientziarekin lotura duten letrak aurkitzea?

Proiektua egitea pentsatu nuenean uste nuen askoz ere gehiago kostatuko zitzaidala lanketa hori egitea. Ezagunak egiten zitzaizkidan abestien izenburuei erreparatuta hasi nintzen lehen letren bila. Gero, jendeari galdezka ere aritu naiz. Uste nuena baino askoz ere abesti gehiagotan erabiltzen dira zientzia kontzeptuak. 

Ba al dago zientifikoki benetan harritu zaituen abestirik edo letrarik?

Bitxia da Anari musikari azkoitiarraren Arquimedes abestia. Arquimedesek fisikako printzipio bat du, eta Anarik printzipio hori den bezala azaltzen du abestian. Anari asko entzuten dut, baina orain arte sekula ohartu gabe nengoen horrekin. Zintzilik dut Arquimedes abestiaren azterketa; hemendik pare bat astera jartzea aurreikusten dut. 

Zenbatero argitaratzen duzu edukia sare sozialetan?

Hilabete batzuetan proiektuarekin aurrera jarraitzeko adina eduki aurkitu dut. Abesti gehiago ateratzen joango dira musikariak, baina noski, kantuak ez dira infinituak.

Egiten ari zaren lana eskoletan irakasteko modu eraginkorra izan daitekeela uste al duzu?

Jendeak proposatu izan dit. Irakasle lanetan ari naiz orain, eta galdetu didate metodo hau ikasleekin erabiliko al dudan. Ondo dago jendeari zientzia edonon dagoela erakustea. Zientzia ez da arlo zientifikora mugatzen den zerbait bakarrik. Bizitza osoan abestu izan ditugun euskal abestietan, esaterako, gauza zientifikoak badaude. 

Karikimikari izena jarri diezu sare sozialetako kontuei. Zergatik?

Kimikako gradua egin nuen, eta ingurukoek beti izen hori esan izan didate txantxetan. Proiekturako kontu berriak egin behar nituen sare sozialetan, eta amaren burutazioa izan zen horietan izen hori erabiltzea. Hasieran neure buruari ezetz esaten banion ere, azkenean horrela izendatu ditut sare sozialetako kontuak. 

Jendearen parte-hartzea ere eskatu duzu, abestien proposamenak-eta egin ahal izateko.

Bai. Irekita nago sare sozialetan, mezu pribatuen bidez, proposamenak jasotzera. Behin, nire Instagrameko kontu pertsonalean idatzi nuen ba al zen euskal abestirik zientziarekin edo kontzeptu zientifikoren batekin lotzen zuen inor. Adibide batzuk eman nituen, eta jende mordo batek beste hainbat adibide bidali zizkidan. Inguruan ere orain pertsona askok proposatzen dizkidate abestiak. Ni beti egongo naiz prest jendearen proposamenak entzuteko eta esaldiren batek zientziarekin loturarik izan dezakeen edo ez azaltzeko. 

Egin duzun proiektuarekin helburua betetzat ematen duzu edo haratago jo nahi duzu?

Bi asteko iraupena zuen lan baterako hasi nintzen proiektu honekin. Lanaren helburua zen zientziak jendearengan interesa sortzen al zuen ikustea edota zientzia interesgarria izan dadin sareetan erabiltzen diren moduak egokiak al diren aztertzea. Irakasgaiaren lanerako azterketa hori egin behar dut, baina gerora egitasmoarekin segitzea gustatuko litzaidake. Eroso sentitzen naiz, eta gustuko dut egiten ari naizena.

Uste duzu hartzen ari zaren lana eraginkorra ari dela izaten?

Proiektuarekin interesa piztu zaio jendeari. Horrela, inoiz arreta ipini gabeko gauzetan jartzen du begirada jendeak. 

Abestietan murgilduta zaudenez, pentsatu al duzu zeuk abestirik edo letrarik sortzea?

Ingurukoei eta lagunei proiektua azaldu nienean, pentsatu zuten abestiak sortzen hasi behar nuela. Halere, orain momentuan ez naiz hori egiteko gai ikusten.

Bestelako sareko plataformetan ere badituzu kontuak, ezta?

Spotifyn neuk aurkitutako eta nire ingurukoek proposotatutako abestiekin osatutako zerrenda bat daukat eginda. Nire profilean daude abesti guztiak entzungai, eta berriak aurkitutakoan ere zerrenda horretara gehitzen ditut. Bloga ere badut, ikasketetan sortzea eskatu zidatelako. Zientzia komunikatzeko moduak ari gara aurkitzen, eta agian, etorkizunean bestelako ukitu bat emango diot blogari. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide