Xilografiaren eta zoru pelbikoaren inguruko tailerrak eskainiko dituzte ahalduntze ikastaroetan

Andoni Elduaien 2021ko ots. 2a, 13:19
Elkargunean egindako xilografia tailerreko irudi bat. (Argazkia: udala)

Otsailean eta martxoan zehar izango dira bi tailerrak. Izena otsailaren 12a baino lehen eman beharko da udaletxean.

Udaleko Berdintasun sailak ikastaro berriak antolatu ditu emakumeak ahalduntzeko egitarauaren baitan. Oraingo honetan bi ikastaro eskainiko dituzte, batetik, xilografia saioak, eta bestetik, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa. Xilografia ikastaroan, xaflekin lan eginez, xilografiaren teknika ikasteko aukera eskainiko dute, sormenari bide emanez. Zoru pelbikoaren tailerra, berriz, oinarrizko ikastaroa izango da, zoru pelbikoaren inguruko formazioa lehen aldiz jasotzen dutenei zuzendua.

Izen-ematea otsailaren 12ra arte luzatuko du udalak. Egungo egoera dela-eta, murriztutako taldeak izango direla aurreratu du udalak, eta beraz, plaza kopurua mugatua izango da. Parte hartu nahi dutenek udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan eman dezakete izena astelehenetik ostiralera bitartean, 07:30etik 15.30era, edo berdintasuna@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzita.

Xilografiako tailerra Oihana Ugartek zuzenduko du, eta otsailaren 17an eta 24an zein martxoaren 3an, 10ean, 17an eta 24an izango dira saioak Elkarguneko Teknogune aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Zoru pelbikoaren inguruko saioak, berriz, Josune Milanek emango ditu Elkargunean otsailaren 18an eta 25ean zein martxoaren 4an, 11n, 18an eta 25ean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide