Herriko ostalariak udalarekin bildu dira, beren egoera azaltzeko

Andoni Elduaien 2021ko urt. 29a, 18:10
Eguerdian egin duten bilerako irudi bat. (Argazkia: udala)

Ostalariek udalari eskatutako bilera izan da, eta azken hilabeteetan duten egoeraren berri emateaz gain, hainbat proposamen egin dizkiote udalari. Udalak, "laguntzen jarraitzeko konpromisoa" hartu du. 

Azkoitiko ostalariak udalarekin bildu dira gaur, ostirala, Elkargunean egin duten bileran. Ostalaritzako sektoreak berak eskatutako bilera izan da, pairatzen ari diren egoera zein den azaltzeko, eta udalak eman ditzakeen edo ematea pentsatuta duen laguntzez eta asmoez galdetzeko. Alde biek une oro "lankidetzarako prestutasuna" agertu dute. Herri osoko ia ostalari guztiak elkartu dira eguerdian egindako bileran, izan ere 30 establezimendu ordezkatu dituzten 22 bat lagunek parte hartu dute. Udalaren aldetik, berriz, udaletxean ordezkaritza duten alderdi politiko ordezkariak izan dira bileran. Udaltzainburua ere bertan izan da.

Ordezkari politiko guztiek azaldu dute sektorearekiko "enpatia". Javier Zubizarreta alkateak azaldu duenez, "tragikoa" da "lana izan eta ezin lanik egin" izatea. Hala eta guztiz ere, "garbi" utzi nahi izan dute administrazioak bere "mugak eta epeak" dituela.

Ostalarien taldearen bozeramaile Jon Ander Larramendik, denen izenean, "ahalegin bat" eskatu du bi ildotan. Batetik eskatu dute, ostalariak udal tasen ordainketetatik 2021ean "aske uztea", egoera "luze" doala azalduta. Bestetik, ostalariek dituzten gastu finkoak ordaintzen udalak nola lagundu dezakeen aztertzeko eskatu dute; alegia, argiak, ura, gizarte-segurantza edota ERTEak. "Nahi dugun bakarra da gure negozioak mantentzea, lanpostuak ez galtzea eta herriari bizirik eustea".

Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak aurreratu die, udalak aurreko urtean emandako "antzerako laguntzekin" jarraitzea aurreikusten duela. Gogoratu du, iazko urtean hiru laguntza mota eman zituztela. Horiek izan ziren, hainbat tasen ordainketak salbuestea, erosketa bonuen kanpainak egitea eta dirulaguntza zuzenak ematea. Erosketa bonuen kasuan, Azkoitiak azaldu du, sektoreka atera zituztela merkatariek horrela eskatuta, eta kostatu egiten dela saltzea. "Herritarrek bonuak nahi dituzte nahi duten tokian erabiltzeko eta merkatariek, berriz, bonuak ahalik eta establezimendu gehienetara iristea nahi dute". Dirulaguntza zuzenei buruz, Ana Azkoitiak gaineratu du, udalari kostatu egin zitzaiola ateratzea. "Epea uztailean amaitzen zen eta abuzturako 900 euro jasota zenituzten".

"2021eko laguntzak ildo beretik joango dira", esan du Azkoitiak. "EH Bilduk ostalaritzarentzat diru partida bat jartzea eskatu zuen 2021eko aurrekontu orokorretan, eta horrela egin da, baina beharrezkoa da partida hori handitzea. Otsailaren 9ra arte ez dugu aurtengo aurrekontua erabilgarri izango, eta ordura arte behintzat ezingo dugu laguntza berririk atera", jakinarazi du zinegotziak.

Iraitz Otaño EH Bilduko bozeramaileak, bere aldetik, azaldu du udala bere "gaitasun txikiaren baitan ahalegin handia" ari dela egiten. Azkoitia Bai herri plataformako Jose Joakin Etxanizek ere bere "prestutasuna" agertu du ostalariekin eta beste alderdiekin dirulaguntzak aztertzeko.

Udalaren mezua argia izan da. "Sektoreari lagundu nahi diogu, baina ezin dugu esan noraino. Aztertu beharra daukagu", azaldu dute. Ostalariek "azkartasuna" eskatu diote administrazioari, baita "lehenbailehen bigarren bilera" egiteko ere.

Erantzukizun indibiduala

Javier Zubizarreta alkateak bilera aprobetxatu nahi izan du osasun eta segurtasun arauak "zorrotz" bete ditzatela eskatzeko. Bileran parte hartu duten alde biek, udalak eta ostalariek, herritarrei arauak betetzeko eskatu diete. "Erantzukizun indibiduala eta kolektiboa da. Bezeroak arauak ez baditu betetzen, ostalaria trantze txarrean uzten du; batetik, bezeroarengana jo eta aurpegia eman behar duelako, eta bestetik, zigortua izan daitekeelako", adierazi dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide