Jone Irañeta: "Nabari da Ingalaterran askoz gehiago egin zitekeela kutsatzeak saihesteko"

Anartz Izagirre 2021ko urt. 29a, 08:45
Jone Irañeta, Bradforden.

Bradforden (Ingalaterra, Erresuma Batua) bizi da egun Jone Irañeta (Azkoitia, 2001). Kriminalistika ikasketak egiten ari da, eta bere egunerokotasuna hankaz gora jarri du Sars-CoV-2 koronabirusaren Britania Handiko aldaerak.

Zer egiten duzu Erresuma Batuan?

Orain dela lau hilabete inguru etorri nintzen Bradford hirira [Ingalaterra, Erresuma Batua], Kriminalistika (Forensic and Medical Sciences) ikastera, Bradfordeko Unibertsitatera.

Nolakoak dira Bradfordeko herritarrak?

Bradford oso hiri gatazkatsua da orokorrean, Erresuma Batuko hiri arriskutsuena, estatistikei erreparatzen badiegu. 300.000 pertsona inguru bizi dira hemen, eta aniztasun handia dago; unibertsitatean ere nabari da dibertsitate hori. Nabariena pakistandar populazioa da hemen.

Zergatik aukeratu zenuen Ingalaterra ikasketak egiteko?

Hasieran Madrilen egin behar nituen ikasketak, baina nire nota ez zen nahikoa izan hango unibertsitatera sartzeko. Lan egiten igaro nuen urte bat, eta Ingalaterrara etortzea aukeratu nuen gero, betidanik ingelesarekin eta herrialdearekin izan dudan harremanagatik.

Urtarrila hilabete gogorra ari da izaten Erresuma Batuan. Zein da une honetan egoera herrialdean? Eta Bradforden?

Herrialdean bi alde ikusten dira: alde batetik, orain dela gutxi birusaren mutazio berri batek hilkortasun tasa eta kutsatze tasa igo zuela esan ziguten; bestetik, txertoarekin egin den lana poliki-poliki herritarrei iritsi zaie. Bradford lurraldearen iparraldean dago, eta hemen ez dago Londresen dagoen bezalako kaosik. Herritarren erreakzioa desberdina da hemen birusaren aurrean: herritarrek kalean ez dute maskararik eramaten, supermerkatuetan jendea maskararik gabe ere ikus daiteke... Ondorioz, kutsatze tasa altua da Bradforden, baina ez dago Londresen dagoen beldur hori.

Urte amaieran hainbat herrialdek beren mugak itxi zizkien britaniarrei Sars-CoV-2 koronabirusaren aldaera hori zela eta. Izan al zenuen Gabonetan Azkoitira bueltatzeko aukerarik?

Gabonak baino lehen etorri nintzen Azkoitira, abenduaren 11n, une horretan unibertsitateko ikasleei etxera joateko aukera eman ziguten eta. Azkoitira bueltatu eta egun bat geroago, tabernak ireki zituzten Bradforden. Ingalaterrara bueltatu baino lehen, ordea, Britainia Handiko aldaera berriaren lehen ondorioak iritsi ziren, nik bueltatu behar nuen egunean, abenduaren 22an, hain justu. Erresuma Batutik Espainiara ezin zen bueltatu. Hala eta guztiz ere, nik ez nuen inolako arazorik eduki Erresuma Batura bueltatzeko, dokumentu batzuk erakutsi eta berrogeialdia egin behar izan nituen, besterik ez.

Boris Johnson lehen ministroak birusaren aurka "ahal zuten guztia" egin dutela adierazi du azken egunetan. Gehiago egin al zitekeen?

Kutsatze tasa eta estatistikak ikusita eta beste herrialde batzuekin alderatuta, nabari da Ingalaterran askoz gehiago egin zitekeela kutsatzeak saihesteko.

Zer gehiago egin beharko litzateke?

Herritar askok kritikatzen duten sistema izan dugu hemen. Izan ere, Ingalaterrak hasieran Tier sistema zuen; hau da, hiri bakoitzari maila bat eman zitzaion, eta maila horren arabera hiri bakoitzak neurri desberdinak zituen. Bradford Tier sistema horren hirugarren mailan egon da ia hasieratik, baina Gabonetan dendak ireki ziren eta neurri gutxiago ezarri zituzten. Gabonak eta gero, berriz, berrogeialdia egin behar izan genuen. Nire ustez hasieratik konfinamendua egin izan bagenu eta neurriak gehiago errespetatu izan balira, orain ez ginatakeen etxean egongo.

Hainbat astez etxean zaudete etxean konfinatuta. Zer moduz daramazu itxialdia?

Etxean hainbat astez egon naiz, baina ez da lehen aldia izan; izan ere, azken lau hilabeteetan bost aldiz geratu naiz etxean. Itxialdiak asko lagundu zidan nire ikasketekin, azterketetan hasi ginelako une hartan. Orain, erosketak egitera eta kirola egitera joaten naiz kalera, baina irteerak murriztuta dauzkat; hau da, ez naiz egunero kalera ateratzen. Itxialdia otsailaren 15ean bukatuko dela dirudi.

Brexitak ere zalaparta eragin du mundu osoan zehar. Sentitu al duzu horren eraginik?

Brexita leku guztietan entzuten zen hemen urtarrila baino lehen, eta atzerritarren artean beldur asko nabaritzen zen. Eragin handiena, kanpoko ikasle moduan, Erasmus programan izan du; izan ere, gobernuak ez digu dirulaguntzarik emango kanpora ikastera joateko. Horrez gain, urtarrila baino lehen ikasle guztiek bisa lortu behar izan zuten hemen geratzeko.

Ikasketak amaitu ondoren han bizitzen geldituz gero, Brexitak izango al luke eraginik?

Nire ikasketak eta gero bukatuko da nire bisa, bost urterako baitut; beraz, dokumentu aldetik eragin handia izango luke Brexitak. Bost urte horien ostean, dokumentu bat beharko nuke bizitza osorako hemen gelditzeko, settlement-scheme deitzen dena.

Azkoitira itzultzeko asmorik ba al duzu?

Birusarekin beste arazorik ez badut, apiril aldean bueltatzea da nire asmoa, baina seguraski uda aldean izango dut bueltatzeko aukera. Ikasketak amaitu eta gero bueltatuko al naizen edo ez airean dago oraindik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide