Udalak bigarren dirulaguntza deialdia aterako du COVID-19ak merkataritzan eta ostalaritzan eragindako inbertsioetarako

Andoni Elduaien 2021ko urt. 28a, 14:32

Foru Aldunditik jasotako dirulaguntzaren erdia baino gutxiago bideratu du udalak lehen deialdian, eta falta diren 18.598 euro bideratuko ditu bigarrenean.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, merkataritza eta ostalaritza sektoreetako 27 establezimenduk egin dute dirulaguntza eskaera COVID-19ak eragindako inbertsioengatik. 27 eskaera horietatik 22 onartu dituztela adierazi du udalak, baina bost ukatu egin dituzte "baldintzak ez betetzeagatik".

Onuradun guztien artean 15.550 euro  banatuko dituzte. Dirulaguntza hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurunea sailak banatutakoak dira, eta tokian tokiko udalek dute kudeaketarako ardura. Gipuzkoako Foru Aldundiak abenduan luzapena onartu eta 34.149 euroko partida osoa agortu ez denez, Azkoitiko Udalak bigarren deialdia aterako du datozen egunetan. Bigarren deialdian geratzen den diru guztia bideratuko dute, hau da, 18.598 euro.

Ostalariek eta merkatariek dirulaguntza eskatu ahal izango dute COVID-19ak eragindako inbertsioekin lotura duten gastuengatik. Besteak beste, arrazoitzat hartuko ditu udalak lokalak eta lan egiteko moduak egokitzea, segurtasun eta osasun protokoloen irizpideak betetzeko lokalak egokitzeko inbertsioak egitea eta ekipamendua erostea. Horrez gain, bezeroekin eta entitate hornitzaileekin lan erlazio berrietara egokitzeko inbertsioak egitea eta ekipamendua erostea, babes ekipo pertsonalak izatea, espazioak higienizatzeko produktu eta ekipo bereziak izatea eta salgaiak higienizatzeko produktu eta ekipo bereziak izatea ere aintzat hartuko ditu.

Onuradunek gastuaren %70era arteko laguntza jaso ahalko dutela azaldu du udalak, "gehienez 3.000 euro". Eskaera egiteko gutxieneko inbertsioa 100 eurokoa dela zehaztu du udalak. Deialdia udalaren webgunean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte. Eskaera epea da GAOn argitaratzen den hurrengo egunean hasita 2021eko martxoaren 12ra arte izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide