Aurtengo urterako Udal Araudi Plana onartu dute udalbatzarrean

Andoni Elduaien 2021ko urt. 28a, 08:30
Udaletxeko bilkura areto nagusia, atzo.

Aurtengo Udal Araudi Plana, eta 2020-2022 urteetarako egindako dirulaguntzen plan estrategikoa 2021. urteko udal aurrekontura egokitzea onartu zuten atzoko udalbatzarrean.

Azkoitiko Udalak atzo, asteazkena, egin zuen urtarrileko udalbatzarra, eta eguneko puntu guztiak aho batez onartu zituzten udaletxean ordezkaritza duten lau udal taldeek. Eguneko puntu nagusien artean zeuden 2021erako Udal Araudi Planaren onestea, eta udalak 2020-2022 urteetarako egindako dirulaguntzen plan estrategikoa 2021. urteko udal aurrekontura egokitzea.

Udal Araudi Plana onartuta gelditu zen atzo; beste era batera esanda, udalak aurten zer ordenantza berri egitea aurreikusten duen edo lehendik eginda dauden ordenantzetan zer aldaketak egingo dituen zehaztu zuten. Ana Azkoitia zinegotziak jakinarazi zuenez, "COVID-19a dela eta" kasik 2020. urterako prestatutako Udal Araudi Plan bera da aurtengoa. "2020. urteko plana ere urtean zehar aldatu egin behar izan genuen iaz dirulaguntzen oinarri orokorrak eta espezifikoak egin ahal izateko".

Udalak hainbat ordenantza berri egiteko asmoa duela iragarri zuen atzo, besteak beste, hileta zibilen ordenantza, gizarte larrialdiko ostatu zerbitzua arautzeko ordenantza eta Azkoitiko Udalarenak diren bide eta baso pisten erabilera berezia arautuko duen ordenantza. Hirurak aurten osatu nahi ditu udalak Ana Azkoitiak jakinarazitakoaren arabera.

Hala eta guztiz ere, lehendik dauden hainbat ordenantzetan aldaketak egingo dituztela ere azaldu zuen zinegotziak. Ogasun sailean, 2022. urteko ordenantza fiskalen aldaketa egitea espero dute, eta baita zergen eta toki zuzenbide publikoko beste diru-sarrera batzuen kudeaketa eta bilketa arautuko duen ordenantza orokorrean ere. Hirigintza sailean, bestalde, bide publikoan terrazak eta mahaiak jartzeko udal ordenantza arautzaileari aldaketa egitea aurreikusten dute. Horrez gain, zirkulaziorako egokiak diren lur eta bide publikoetako erabilerak, trafikoa, ibilgailuen zirkulazioa eta bide segurtasunari buruzko udal ordenantza ere aldatuko dute. 

Eguneko bigarren puntu nagusia 2020-2022 Azkoitiko Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onestea izan zen; 2021eko aurrekonturako egokitzeko asmoz aurkeztu zuen udal gobernuak. Azkoitiak azaldu zuen "beste betebehar bat" baino ez dela plan hori gauzatzea. "Plan estrategikoa iazko berdina da, baina dirulaguntza zuzenak edo irekiak daudenez, kopuruak 2021. urteko aurrekontura egokitzea da kontua". 

Udalbatzarra amaitu aurretik, berriz, Javier Zubizarreta alkateak behin betiko onespenen berri eman zuen. Zubizarretak jakinarazi zuen, inongo alegaziorik jaso ez dutenez udalak behin betikoz onartu dituela kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udalaren 7 zenbakidun espedientea eta 2020. urterako ordenantza fiskalen aldaketa onartzea; baita ostalaritza kolektiboarentzat COVID-19 gaitzak eragindako krisiaren ondoriozko hobariak ere. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide