Naia Arrizabalagak Eskolatik Plazara bertso ekimenean parte hartuko du

Andoni Elduaien 2021ko urt. 26a, 08:30
Naia Arrizabalaga bertsolaria.

Birritan atzeratu dute eskolarteko bertso txapelketa, eta formatua aldatu ostean, plazaz plaza egingo dute orain. Arrizabalagak Gernika-Lumon (Bizkaia) izango du lehen saioa, ostiralean.

Eskolarteko bertso txapelketa antolatzen duten Bertsozale elkarteak eta Ikastolen elkarteak Eskolatik Plazara ekimena sortu dute, gaztetxoen eskolarteko bertso txapelketari jarraipena eman asmoz. Iaz, ekainean zen hasiera batean jokatzekoa Euskal Herriko eskolarteko txapelketaren finala, baina osasun egoeragatik azarora atzeratu behar izan zuten. Azaroan ere, osasun egoerak ekidin zuen txapelketa amaitzea. 

Lurraldeetako saioak egin zituzten, eta horietan erabaki zen Euskal Herriko txapelketan nortzuk parte hartuko zuten. Naia Arrizabalaga Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolari azkoitiarrak, esaterako, bigarren postua lortu zuen Azkoitiko Kultur Etxean jokatutako Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean, eta Euskal Herriko txapelketan aritzeko sailkapena ere eskuratu zuen.

Eskolatik Plazara ekimenean lurralde guztietako txapelketetan parte hartu zuten bertsolariak arituko dira. Gaztetxoek, egun plazan aritzen diren punta-puntako bertsolariekin aritzeko aukera izango dute. Hori horrela, datorren ostiralean, Gernika-Lumon (Bizkaia) arituko da Naia Arrizabalaga bertsolari azkoitiarra. Irune Basagoiti, Leire Vargas, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio izango ditu azkoitiarrak Astrako oholtza alboan, 18:00etatik aurrera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide