1.046 positibo berri atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 24a, 13:50

Larunbateko datuak ostiralekoak baino hobeak dira, baina egindako PCR eta antigeno probak ere gutxiago izan dira. Dena den, positibo eman dutenen ehunekoak antzekoa izaten jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%8,3), eta datua hobetu du Nafarroak (%6,5).

Hego Euskal Herrian 13.207 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, larunbata, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera. 2.555 proba Nafarroan egin zituzten, eta gainerakoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Denera, 1.046 pertsonek eman zuten positibo, bezperan baino 350 gutxiagok: 98k Araban; 166k Nafarroan; 249k Gipuzkoan; eta 528k Bizkaian.

Ostiralean positibo gehiago atzeman zituzten Hego Euskal Herriko lurralde guztietan, batez ere Nafarroan, baina orduan egindako probak ere gehiago izan ziren; horregatik, zaila da jakitea egoerak hobera egin duen ala ez.

Hori bai, positibotasun tasak altua izaten jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, proba egindakoen %8,3k eman zutelako positibo (bezperan %8,4koa izan zen ehunekoa). Nafarroan hobea da datua, %6,5ekoa zelako positibotasuna atzo.

Osakidetzaren ardurapeko ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 64 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVID-19a duten 120 pertsona daude ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan. Azken datuen arabera, Nafarroan 196 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 26 ZIUn.

Bihar, astelehena, jakinaraziko dituzte herriz herrikako datuak. Asteburuan zenbat positibo berri egon diren jakingo da batetik; eta bestetik, herri bakoitza zer eremutan kokatuta dagoen. Hau da, jakingo da larritasunaren arabera zehaztu diren eremu hori, laranja ala gorrian dagoen herri bakoitza. Larunbatera arte, eskualdeko bost herri zeuden eremu gorrian: Aizarnazabal, Azpeitia, Orio, Zestoa eta Zumaia. Ondorioz, herri horietan itxita daude ostalaritza guneak, eta ezin da herritik atera, ezta sartu ere, justifikatutako arrazoiengatik ez bada.

Bihartik, Azkoitian ere konfimanendu perimetrala

Bihartik aurrera, ordea, udalerri guztiak itxiko dituzte kolore bateko eremuan zein bestean egon. Eusko Jaurlaritzak bihar indarrean neurri berriak jarriko ditu, besteak beste, gehienez lau pertsonako taldeak elkartu ahalko dira bai espazio pribatuetan, bai publikoetan —ostalaritza guneetan ere bai—, eta konfinamendu perimetrala Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri guztietara zabalduko da, kontuan hartu gabe herri bakoitza eremu gorrian dagoen ala ez. Euskal Autonomia Erkidegora sartzea eta handik irtetea ere debekatuta egongo da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide