Eskualdeko herritarrek Aintzane Pujanaren hilketa salatu dute

Julen Imaz 2021ko urt. 23a, 20:26

Atzo Azkoitian bezala, gaur Aizarnazabalen, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian ere elkarretaratzeak egin dituzte, indarkeria matxista gaitzetsiz.

Urtarrilaren 4an agertu zen Aizarnazabalen Aintzane Pujana 32 urteko donostiarraren gorpua, indarkeria zantzuekin. Hilaren 12an bi lagun atxilotu zituzten, eta joan den ostiralaz geroztik espetxeratuta daude horiek, hilketa egotzita.

Hilketa salatzeko, elkarteratzeak egin dituzte eskualdeko zenbait herritan, besteak beste, Matxismoak hiltzen gaitu! Autodefentsa feminista edo Aski da! Aintzane gogoan lelopean. Dozenaka herritarrek egin dute bat tokian tokiko deialdiekin, eta “gogor” gaitzetsi dute hilketa matxista. 

Hain zuzen, bi atxilotuak bikotea dira: 24 urte ditu gizonezkoak eta 23 emakumezkoak, eta hilketaz gain Pujana legez kanpo atxikitzea eta sexualki esplotatzea egotzi zaie. Ertzaintzak zabaldutako informazioaren arabera, Aizarnazabalgo landetxe bateko apartamentu batean bizi ziren joan den azaroaz geroztik, eta haiekin bizi zen Pujana ere. Ertzainek uste dute hilketa “urtarrilaren 2ko goizaldeko lehen orduetan” gertatu zela, eta biktimaren gorpua hil berritan eraman zutela handik bi egunera langile batzuek aurkitu zuten tokira. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide