Elkarrizketa

Vanessa Cerrajero: "Kirola egiten duten emakumeak triatloia egitera animatu nahi ditugu"

Azkoitri triatloi klubak emakumeei deialdi berezia egin die sasoi berria hastear denean. Gaur egun, emakume triatleta bakarra da ari da Azkoitiko triatloi taldean, Vanessa Cerrajero (Azpeitia, 1981). "Taldean emakume gehiago batu eta elkar animatuz ariko ginateke. Gainera, egun emakume asko ibiltzen da korrika eta bizikletan, eta haiek triatloia probatzera animatuko nituzke", azaldu du Cerrajerok.

Noiztik zabiltza Azkoitri triatloi klubean?

Iaz eman nuen izena Azkoitrin. 2013an hasi nintzen triatloiak egiten, baina iaz arte Zumaiako triatloi taldearekin ibili nintzen. Aurreko urtean, lagun batzuk Azkoitiko triatloi taldera joan ziren, eta neuk ere Azkoitiko taldean izena ematea erabaki nuen. Azpeitian ez dago triatloiko talderik, eta azpeitiar asko gabiltza Azkoitikoan.

Iazko urtea arraro samarra izan zen, baina gustura taldean?

Bai, oso gustura gabiltza Azkoitrin. Pena pixka bat ere badugu, ordea, iazko sasoian bi-hiru proba bakarrik egin genituelako. Gutxi lehiatu dugu azken urtebetean, baina gustura gabiltza taldean. Taldean giroa sortzeko, hilean behin taldekideok elkartu eta bizikletan irteerak egiten hasi ginen, baina pandemia etorri zen eta ezin izan genuen jarraitu irteerekin.

Azkoitri triatloi klubeko emakume bakarra zara gaur egun.

Bai, hala da. Baina kirola egiten duten emakumeak triatloia egitera animatu nahi ditugu. Zumaiako triatloi taldean ibili nintzenean ere emakume gutxi ibiltzen ginen lehian, eta proba batean bakarrik lortu genuen emakumeok talde gisa puntuatzea. Emakume batzuk ibiltzen ginen Zumaian triatloian, baina askotan probatan nik bakarrik irteten nuen, beste inork ez zuen nahi lehiatzea. Azkoitira etorritakoan, hori da nire nahia, emakume talde bat elkartu eta egunen batean triatloiko probaren batean puntuatzea.

Zer esango zenieke emakumeei triatloi taldera animatzeko?

Emakume  asko ibiltzen da korrika eta bizikletan, eta horiek animatuko nituzke triatloia probatzera. Izan ere, bakoitzak bere mailan, baina gizonek bezalaxe lehiatu dezakegu emakumeok duatloian edota triatloian. KIrol honetan aritzeko helburuak izan behar du proba bukatzea eta gustura gelditzea egindakoarekin. Taldean emakume gehiago elkartuko bagina, elkarri bultzatuko genioke probetan eta prestatzeko orduan. Lehiaketak edota probak askoz errazagoak egiten dira taldean jardunda. Gainera, Azkoitri taldean izena ematea ez da bakarrik lehiatzeko, elkarrekin entrenatzeko eta lagunartean kirola egiteko aukera bat ere bada.

Pandemiak beste kirol guztiei bezalaxe eragin dio triatloiari ere, ezta horrela?

Bai, iazko denboraldian hiru duatloi bakarrik egin genituen, eta hemen inguruan nik egiten nituen triatloi guztiak bertan behera gelditu ziren. Iazko martxoaren hasieran edo izan genuen azken proba jokatzeko aukera.

Konfinamenduan nola moldatu zineten entrenatzeko?

Egoitza batean egiten dut lana, eta itxialdiaren garaian nire burua ez zegoen entrenatzeko animoekin, izan ere beste kontu batean zentratuta nengoen. Hala ere, etxean jardun nuen pixka bat entrenatzen, sasoia mantentzearren; batik bat, arrabolan ibili nintzen. Gero, kalera irteteko aukera eman zutenean korrika egitera joaten nintzen.

Orain, neurriak aldatu egiten dituzte egoeraren arabera. Nola moldatzen zarete neurri horietara?

Ahal den moduan moldatzen gara. Nik neuk mendira joateko joera hartu dut, eta astean behin behintzat mendira joaten naiz eta pila bat gozatzen dut. Pixka bat igeriketa utzi dut albo batera eta lehen baino gutxiago egiten dut; igerilekura joateko aurrez ordua hartu behar da, eta horrek asko baldintzatzen du. Gainontzean, ordea, ondo moldatu gara. Asko mugatu dena da taldean kirola egiteko aukera, eta okerrena hori izan da. Hilean behin gelditu eta taldean entrenatzeko gelditzen hasita geunden, eta orain ezin dugu. Hala ere, ahal dugunetan bi-hiru lagun gelditzen gara  bizikletan ibiltzeko.

Otsailaren bukaeran hasiko da duatloiko eta triatloiko denboraldi berria.

Bai, aurrenekoa Mungiako (Bizkaia) duatloia izango da. Hori otsailean hirugarrengo astean jokatzekoa da berez. Pentsatzen dut udalerrien eta lurraldeen arteko mugak itxita badaude bertan behera utziko dutela proba hori.

Lehiatzeko aukerarik ez izateak eragingo dizue, ezta?

Bai, lehiatzeko aukera izateak asko motibatzen gaitu. Probak jokatu behar ditugunean, entrenatzen saiatzeko eta jarduteko aitzakiarik ez daukagu. Saltsa ederra izaten dira probak.

Triatloiko kirol modalitateetatik gutxien gustatzen zaizuna igeriketa dela diozu.

Bai, hala da zalantzarik gabe. Korrikan eta bizikletan asko ibiltzen banaiz gehiago egiten dut aurrera. Igeriketan, ordea, teknika falta dut. Igeriketako bi edo hiru ikastaro egin ditut, baina gehiago kostatzen zait. Bizikletak eta korrika egiteak gehiago motibatzen naute.

Triatloian hasi aurretik, krosetan eta mendi lasterketetan ibili zinen batik bat eta hortik eman zenuen triatloia egiteko pausoa.

Txiki-txikitatik egin izan dut kirola: gimnasia erritmikoan, futbolean… ibili nintzen. Beti kirolaren bueltan ibili izan naiz, baina lehen haurra izan nuenean ezin nuen ordura arteko martxan jarraitu eta korrika hasi nintzen. Gero, lagun batzuen bitartez Zumaiako triatloi herrikoian irten nuen eta gustatu egin zitzaidan. Haren ondoren, duatloiak eta triatloiak egiten hasi nintzen.

Hala ere, mendi lasterketak eta krosak ez dituzu albo batera utzi.

Niri lehiaketetako saltsa asko gustatzen zait, eta kaniketara ere lehiatuko nuke nik. Dortsala soinean jarrita bakarrik urduri jartzen den jendea badago, niri dortsala soinean jartzeak motibatu egiten nau.

Beraz, dortsala soinean jartzeko une hori faltan botako duzu?

Bai, piloa botatzen dut faltan. Lehiatzeko gogoz nago, gainera lagun asko egiten dira probetan eta haiekin batean eta bestean egiten dugu topo.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide