Aintzane Pujanaren hilketa salatu dute hainbat herritarrek plazan

Anartz Izagirre 2021ko urt. 22a, 19:58
Aintzane Pujanaren hilketa salatzeko elkarretaratzea, plazan. (Anartz Izagirre)

Sostenipe talde feministak deitu du elkarretaratzea, eta hainbat herritarrek parte hartu dute bertan. Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak Pujana hiltzeaz gain hura legez kanpo atxikitzea eta sexualki esplotatzea egotzi die akusatuei, eta hori salatzeko bildu dira plazan.

Hainbat azkoitiarrek Aintzane Pujanaren hilketa salatu dute gaur, ostirala, plazan. Sostenipe talde feministak deitu du mobilizazioa; izan ere, Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak  Pujana hiltzeaz gain hura legez kanpo atxikitzea eta sexualki esplotatzea egotzi dizkie akusatuei, eta gertakari hori salatzeko bildu dira. Emakumeok aske eta bizirik! lelopean, indarkeria matxistarekin behin betiko amaitzeko ordua dela azaldu dute Sostenipeko kideek elkarretaratzearen amaieran: "Ez gaude prest gaitz hau gehiago jasateko, feminismoa da daukagun antidoto bakarra".

Urtarrilaren 4an aurkitu zuten Pujanaren gorpua Aizarnazabalen, indarkeria zantzuekin; labankadaz hil zuten. Inguruan lanean ari ziren pertsona batzuek aurkitu zuten gorpua, eta 11:00 aldera eman zioten abisua Ertzaintzari. Hurrengo egunean baieztatu zuten norena zen gorpua: egun batzuk lehenago desagertutako 32 urteko emakume donostiarrarena, hain zuzen ere. Urtarrilaren 1ean jarri zuen desagerpenaren salaketa haren bikotekideak.

Bi atxilotuak bikotea dira: 24 urte ditu gizonezkoak eta 23 emakumezkoak. Ertzaintzak zabaldutako informazioaren arabera, Aizarnazabalgo landetxe bateko apartamentu batean bizi ziren joan den azaroaz geroztik, eta haiekin bizi zen Pujana ere. Ertzainek uste dute hilketa "urtarrilaren 2ko goizaldeko lehen orduetan" gertatu zela, eta biktimaren gorpua hil berritan eraman zutela handik bi egunera langile batzuek aurkitu zuten tokira. Poliziek darabilten "hipotesi nagusia" da "eztabaida gogor" bat izan zutela atxilotutako bikoteak eta biktimak urtarrilaren 1eko 23:30ak aldean, eta eztabaida horren ondoren gertatu zela hilketa, landetxean bertan. Autopsiak argitu duenez, labankadaka hil zuten Pujana.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide