Elkarretaratzea deitu du Sostenipek, Aizarnazabalgo hilketa salatzeko

Andoni Elduaien 2021ko urt. 22a, 08:14

Arratsaldeko 19:00etarako deitu dute kontzentrazioa Azkoitiko plazan. Aizarnazabalen hilda agertu zen Aintzane Pujanaren heriotza salatuko dute.

Azkoitiko Sostenipe talde feministak elkarretaratzea deitu gaur arratsalderako. 19:00etan egingo dute kontzentrazioa herriko plazan, Aizarnazabalen hilda agertu zen Aintzane Pujana donostiarraren hilketa salatzeko.

Urtarrilaren 4an aurkitu zuten emakumearen gorpua Aizarnazabalen, indarkeria zantzuekin; labankadaz hil zuten donostiarra. Inguruan lanean ari ziren pertsona batzuek aurkitu zuten gorpua, eta 11:00 aldera eman zioten abisua Ertzaintzari. Hurrengo egunean baieztatu zuten norena zen gorpua: egun batzuk lehenago desagertutako 32 urteko emakume donostiarrarena, hain zuzen ere. Urtarrilaren 1ean jarri zuen desagerpenaren salaketa haren bikotekideak.

Biktimaren hilketarekin zerikusia dutelakoan bi pertsona ditu atxilotuta Ertzaintzak, ustez bikotea diren 24 urteko gizonezkoa eta 23 urteko emakumezkoa. Biktimaren hilketa delituaz gain, ustezko bi erasotzaileei beste bi delitu ere egotzi dizkie Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak ustezko bi erasotzaileei: Pujana legez kanpo atxikitzea eta hura sexualki esplotatzea. Berria egunkariak baieztatu ahal izan duenez, epaileak akusazioak zabaltzea erabaki du Ertzaintzak aurkeztutako frogak aztertu eta akusatuei deklarazioa hartu ondoren. 

Udalaren gaitzespena

Azkoitiko Udalak, bere aldetik, bere "gaitzespenik irmoena" adierazi du "modurik ankerrenean" Aintzane Pujanaren bizitzarekin amaitu duen erailketaren aurrean. "Gaurko gizartean ez du inolako tokirik izan behar emakumeen kontrako indarkeriak". Era berean, babesa helarazi die udalak senideei eta ingurukoei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide