Jolas librearen garrantzia zein den azalduko du Jon Aranak datorren asteazkenean, Elkargunean

Andoni Elduaien 2021ko urt. 21a, 09:59
(Argazkia: Bizilore)

Jolas librearen inguruan sor daitezkeen hainbat galdera erantzungo ditu Aranak Azkoitian.

Bizilore eskolak antolatuta, Jon Arana irakasleak eta Kiribil elkarteko psikomotrizistak gurasoei zuzendutako hitzaldia eskainiko du datorren asteazkenean, urtarrilak 27, Elkargunean. 18:00etan hasiko da Aranaren solasaldia, eta 20:00etara arte iraungo du. COVID-19aren garaiotan jolas libreak duen garrantzia azaldu eta azpimarratuko du euskara hutsean Aranak.

Jolasaren gaia oso ikertua izan da azken urteetan. Antolatzaileen arabera, jolasa "jarduera konplexua bezain beharrezkoa" da. "Haurrek, garapen orekatu eta aberatsa izatea lortzeko, ezinbestekoa dute jolastea. Jakin badakigu, ordea, ez gaudela garai errazean. Horregatik, hitzaldi horretan jolas librearen garrantziaz hitz egiteko tartea hartu nahi da, batez ere, COVID-19ak sortu duen egoera berrian kokatuta", azaldu dute.

Hainbat galderari erantzuten ahaleginduko da Arana hitzaldian. Besteak beste, azalduko du jolas libreak haurrari zer nolako balio erantsia ematen dion, jolas librearen baldintzak eta ezaugarriak zein diren, jolasaren onurak garapenaren zein arlotan eta nola laguntzen duen, jolasak naturan zer nolako balioa hartzen duen eta egungo osasun egoeran jolas librea non eta nola egin daitekeen.

Elkarguneko hitzaldia bertatik bertara jarraitzerakoan egungo osasun eta segurtasun neurriak errespetatu beharko direla azaldu dute antolatzaileek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide