Ostiralaz geroztik zortzi positibo zenbatu dituzte herrian

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 18a, 13:41

Azkoitiko intzidentzia tasak zertxobait gora egin du, eta 358,84koa da gaur- gaurkoz. Eskualdean, berriz, 73 positibo zenbatu dituzte asteburuan. Aizarnazabalen eta Zumaian herriko sarrera-irteerak eta ostalaritza sektorea itxita eta eskola kirolik egin ezinik jarraituko dute, eta Orion ere bai bihartik aurrera.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri dituen datuen arabera, ostiraletik igandera zortzi positibo baieztatu dituzte herrian —ostiralean bi, larunbatean lau eta atzo bi—. Horrenbestez, 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo metatuen kopuruak zertxobait gora egin du ostiralaz geroztik, eta 358,84koa da gaur-gaurkoz.

Eskualdean, berriz, hiru egunetan 73 positibo baieztatu dituzte. Positiborik gehien Azpeitian zenbatu dituzte, 25 hain zuzen, eta herri horretako intzidentzia tasak ere gora egin du; 413,93koa da egun.

Dena dela, asteburuak emaitza okerragoa utzi du Orion. Hamar positiborekin, 500en langa gainditu du hango intzidentzia tasak —zehazki 554,57koa da—; eta horrenbestez, bihartik aurrera herriko sarrera-irteerak eta ostalaritza sektorea itxita izango dituzte han, eta eskola kirola debekatuta. Muga horiekin jarraituko dute Aizarnazabalen eta Zumaian ere. Aizarnazabalek intzidentzia tasak oso altua izaten jarraitzen du, 6.111,83koa, baina egoerak baretzera egin duela ematen du, asteburu guztian positibo bakarra atzemanda. Zumaian, berriz, beste hamabi positiborekin —ostiralean lau, larunbatean hiru eta atz bost—, oso kezkagarria izaten jarraitzen du egoerak. Ostiraleko intzidentzia tasa bera dute, 926,02koa.

Zestoan zazpi positibo baieztatu dituzte ostiraletik igandera, —ostiralean bost eta larunbatean bi— eta 231,12koa da tasa; eta Zarautzen sei —ostiralean eta larunbatean bana eta atzo lau— eta 239,86koa da tasa. Aian eta Getarian bina positibo baieztatu dituzte asteburuan, eta bat bera ere ez Beizaman eta Errezilen.

Hego Euskal Herrian, milako mugaren azpitik

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, beste 847 kasu positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Bigarren egunez jarraian, eguneko positiboen kopurua 900 kasutik beherakoa da Hegoaldean, baina aipatzekoa da egun bakoitzean egindako test kopuruak asteburuan izandako beherakada. Izan ere, egun bakarrean zenbatutako positiboen kopuruak milakoa gainditu zuen joan den ostegunean (1.030), baina ia 5.000 test gehiago egin ziren egun hartan. Atzo 9.621 proba egin zituzten Osasunbideak eta Osakidetzak, eta horien %8,8k eman dute positibo. Gainera, positiboen ehunekoa nabarmen handiagoa da Nafarroan: %11,7.

Lurraldeka, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, beste behin. Zehazki, Osakidetzak 358 positibo detektatu ditu lurralde horretan. Bizkaiak Nafarroa du atzetik; 199 kasu izan dira foru erkidegoan. Gipuzkoan 187 zenbatu dituzte, eta Araban 90.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi zuenez, atzo 40 pertsona eraman zituzten erietxera Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. 507 lagun daude Osakidetzaren ardurapeko ospitaleetan erietxeraturik. Horietan, 98 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan; azken lau asteetan erregistratutako daturik txarrena da.

Nafarroako Osasun Departamentuak oraindik ez du eman ospitaleen gaineko informaziorik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide