Azkoitia-Azpeitia ISBk mailari eustea lortu du

Julene Frantzesena 2021ko urt. 17a, 11:43
Azkoitia-Azpeitia ISBren partida bateko irudia. (Mikel Amenabar)

Atzo jokatu zuen ISBko emakumeen lehen taldeak denboraldiko hamaseigarren jardunaldia Avilesen kontra, eta han lortutako garaipena tarteko, mailari eustea lortu du Andoni Lazkanok gidatzen duen taldeak. Gaur-gaurkoz A taldeko sailkapeneko hirugarrena da Azkoitia-Azpeitia ISB.

Atzo Avilesen kontra lortutako garaipena tarteko, Espainiako Emakumeen Bigarren Mailan jarraitzeko txartela lortu du Azkoitia-Azpeitia ISBk. Andoni Lazkanok gidatzen duen taldeak 46 eta 63 irabazi zuen norgehiagoka, eta garaipen hori aski izan zaio mailari eusteko. Hain zuzen, 2020-2021 denboraldiko hamaseigarren jardunaldian lortu dute Azkoitiko eta Azpeitiko emakumeek beste denboraldi batez maila horretan jarraitzeko txartela.

Azkoitia-Azpeitia ISB denboraldi oso ona ari da egiten; izan ere, A taldeko hirugarren postuan da 28 punturekin. Bigarren sailkatuak, Construcciones Ardoi taldeak ere puntu kopuru bera du, eta sailkapen buruan den Baxi Ferrolek 32 puntu ditu. Hiru multzotan ari dira jokatzen aurtengo denboraldia, eta ikusteko dago igoera fasera zein talde sailkatuko diren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide