Inazio Astigarraga: "Bideak garbitzeko azken elurtean adina traba ez da izan aurrekoetan"

Nerea Uranga 2021ko urt. 16a, 09:00
Astigarraga, elurra kentzeko erabili ohi duen traktorearen aurrean. (Argazkia: utzitakoa)

Inazio Astigarraga (Errezil, 1984) Martirieta auzoko Otsolarre baserrikoa da. Negu partean, elurra egiten duenean, Azkoitiko hainbat bailaratako baserri bideak eta errepideak garbitzeko lanean aritzen da. Azkoitiko Udalaren eskariz, hainbat lagun arduratzen dira baserrietako eta herriko auzo-bailaretako bideak garbi mantentzeaz. Azken elurtean, jende asko ibili da mendiko auzoetan nahiz bideetan, eta bideak garbitzen aritzen direnek nahikoa oztopo izan dute elurra kentzeko lana tajuz egiteko.

Martirieta bailaran, Astarbe bailaran, Altamiran eta Santa Kutzen elurra kentzeko makinarekin bideak eta baserribideak garbitzen zazpi urte daramatza Inazio Astigarragak; Azkoitiko Udalaren eskariz egiten du lan hori. "Gaur egun, zortzi-bederatzi traktorezale aritzen gara negu partean, elurra egiten duenean, herriko bailaratako bideak garbitzen Azkoitian. Bakoitzak bailara jakin batzuetako bideak garbi mantentzeko ardura du", azaldu du Astigarragak.

Nolatan hasi zinen elurra kentzeko eta bideak garbitzeko lanean?

Baserrian beti izaten dugu traktorea, eta udaletxeko zinegotzi bat etorri zitzaidan elurra kentzeko lanetan ariko zirenen falta zegoela. Udaletxera jo nuen hortaz hitz egitera, akordio batera iritsi eta halaxe hasi nintzen. Azken zazpi urteetan nabil elurra kentzeko lan honetan.

Neguan izango duzu lan gehien, ezta?

Bai, abenduan hasten gara, eta urtarrilean, otsailean eta martxoan ere jarduten dugu. Azkenengo bi urteetan, baina, elur gutxi egin du.

Azken elurtean nola moldatu zarete? Bailara bat baino gehiagoz arduratzen zara, eta baserri bakoitzekoak aurrena bere bidea garbitzea nahi izango du, ezta?

Bai, hala da eta denak telefonoz hoska izaten ditugu. Normalean, lehentasuna goien dauden baserrietako bideei ematen diegu, elur gehiena ere toki horietan izaten delako. Altuena dauden baserrietako bideetatik pasatzen hasten gara aurrena, eta gero, ahalik eta azkarrena bide guztietatik pasatzen gara, banan-banan baserri bide guztiak garbitu arte.

Zuk elurra kentzeko ardura duzun bailara horietan zein baserri daude goienak?

Bat behintzat Amesti, Martirietan dago hori goi-goian, gero gurea, Otsolarre ere goian dago, baita Etxebeltz ere, eta Epelarre alde horretan Goiko-Saletxe ere nahikoa altu dago.

Eta noiz hasten zarete lanean?

Elurra behin koskatxoa egiten ari dela ikusten dugunean hasten gara lanean; hamar bat zentimetro edo pilatzen direnean hasten gara traktorearekin bidea garbitzen. Bezperan elurra eginda badago, berriz, goizean hasten gara, 07:30-08:00 aldera. Ilunpetan, oso ilun badago, arriskutsua izaten da, eta ez gara aritzen elurra kentzen. Gero, lanera edota beste norabaitera joan behar duela esanez norbaitek deitzen digunean ere joan ohi gara hari bidea garbitzera. Jende askok deitzen digu etxerako bidea garbitzeko eskatuz.

Elurra egindako egunetan asko akordatzen dira zuekin, orduan.

Bai, bai. Gure telefono zenbakia ondo gordeta izaten dute.

Azkenengo elurtean nola moldatu zara bideak garbitzeko?

Azkena egin duen honetan, nahikoa gorabehera ibili ditugu lana behar bezala egiteko. Ez dakit pandemiagatik edo beste zerbaitegatik, kaletar asko etorri da gora, batik bat Martirieta alde honetan asko ibili da. Kaletarrak etortzen ziren eta autoak ahal zituzten tokian uzten zituzten, erdi-erdian, traban. Gero, gu joan traktorearekin elurra kentzera eta ezin pasatuta ibili gara: alde batetik eta bestetik autoak, ezin pasatuta eta gure lanak ezin eginda. Baserritarrak, berriz, telefonoz deika bideak libratzeko eskatuz; kaos bat izan da azkenengo elurte hau.

Aurreko elurteetan ez duzu horrelakorik ikusi?

Ez, aurrekoetan hainbeste traba ez da izan. Pandemia honekin kalean ibiltzea mugatuta dago eta jendeak mendira joateko ohitura hartu du. Gero, elurra nobedadea izan da, eta gainera, Gabonetako oporraldian egin du; orduan denek mendira jo dute. Martirietako kasuan, jendeari eskatuko nioke auzoko aparkalekuan uzteko autoa, eta gero mendira joan behar badute oinez joateko. Jende asko azkenengo muturreraino joaten da autoarekin, bidea bukatu arte, eta han hala moduz uzten dute autoa. Gero, guk ezin ditugu bideak garbitu eta baserritarrei ezin dizkiegu bideak libratu, eta hor kaosa sortzen da. Azken elurtean, gure bailaran ere kexa asko egon dira: autoak kentzeko esanez, udaletxera deitzeko… Gainera, jendeak autoa traban utzi eta mendira joaten da, urrutira, eta hari ezin zaio eskatu autoa azkar trabatik kentzeko. Azken elurte honetan kexa dezente izan da, arduragabe autoak bideetan uzten zirelako.

Gainontzean, bideak garbitzeko lanean zein izaten da zailtasun handiena?

Izotza izaten da arazo handiena, txarra izaten da hori. Elurra egiten duenean, gero oskarbitu eta izotza egiten du askotan. Izotza eginda oso arriskutsua gelditzen da bidea, eta elurra kentzeko makina ere berak nahi duen lekura joaten da. Egun horietan, eguerdiko orduetan egiten dugu lana, tenperatura altuena dagoenean, 11:00etatik eta 16:00ak aldera arte. Aurrena, gatz pixka bat botatzen dugu eta elur pixka bat baldin badago hura kentzen dugu.

Eguraldiari lotutako lana da elurra kentzearena. Adi egoten al zara eguraldiaren iragarpenei?

Bai, bai. Nik lana hondeatzaile makinarekin-eta egiten dut; izatez ere kanpoko lanean aritzen naiz eta beti nago eguraldiari adi, eguraldiak asko mugatzen baitu gure lana.

Elurra baino eguraldi ona nahiago al duzu?

Baserritarra inoiz ez duzu entzungo elurra eskatzen. Elurrak hondamendi asko egiten ditu baserri inguruetan: bideak ixten dizkigu, pinudietan-eta okerrak egiten ditu, zuhaitzak botatzen ditu, ganadua duenak ere hura sartu behar izaten du txaboletara, jana eman behar… Ikusteko polita da elurra, baina bazter guztiak aztoratzen ditu.

Astigarraga, Samiñora bidean elurra kentzeko lanetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide