Langabezia tasak puntu erdia egin du behera abenduan Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko urt. 15a, 08:00

0,5 puntu jaitsi zen langabezia tasa 2020. urteko azarotik abendura bitartean. Lanbidek emandako datuen arabera, joan den hilaren amaieran, 533 azkoitiar zeuden lanik gabe.

Abenduan behera egin zuen langabeziak, Azkoitian. Lanbidek emandako datuen arabera, joan den hilean langabezia tasa %9,1an kokatu zen. Azaroan, berriz, %9,6koa zen tasa; Azkoitiko langabezia tasak puntu erdia egin du behera, beraz. Herriko langabezia tasa Gipuzkoakoako (%9,6) eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%12,1) azpitik dago. Halere, nola Gipuzkoako tasak hala Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak behera egin dute. Urola Kosta eskualdean, berriz, langabezia tasa %9,8an dago.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, berriz, abenduaren amaieran 533 lagun zeuden lanik gabe Azkoitian, azaroan baino 27 gutxiago. Langabe horiek guztietatik 259 gizonezkoak ziren –270 azaroan–, eta 274 emakumezkoak –290 azaroan–. Lanbidek zehaztutako adin tarteei erreparatuta, ostera, abenduan 25 urtetik beherakoen artean 43 azkoitiar –22 gizon eta 21 emakume– zeuden langabezian; 25 eta 44 urte bitarteko 242 herritar –116 gizon eta 126 emakume– zeuden lanik gabe; 45 urtetik gorakoen artean 248 lagun –121 gizon eta 127 emakume– zeuden langabeen artean.

Langabeziaren datuak sektoreka nolakoak diren ere zehaztu du Lanbidek: 21 ziren nekazaritza sektorekoak, 100 industriakoak, 32 eraikuntzakoak eta 288 zerbitzuetakoak; hala eta guztiz ere, azken eremu horretako hemezortzi lagunek aurkitu dute lana azarotik abendura bitartean. Horrez gain, 92 lagun zeuden lehendik ere enplegurik gabe. 

2020. urteko gorabehera

Iaz langabezia tasak gora egin zuen oro har, Azkoitian. Izan ere, 2020. urteko urtarrilean langabezia tasa %8koa zen herrian; urtearen amaieran, berriz, %9,1era iritsi da. Urteko lehen bi hilabeteak %8ko langabezia tasarekin hasi zituen Azkoitiak, baina martxoan konfinamendua ezarri zutenez geroztik goranzko joera etengabea izan zuen langabeziak herrian. Izan ere, apirilean %9,5era iritsi zen tasa, eta abuzturako ia %11ra iritsia zegoen –%10,9 hain zuzen–. Udaren ostean, langabezia tasak berriz ere beheranzko joera hartu zuen, eta urrian zein azaroan %9,6ra jaitsi zen. 2020. urteko azken hilabetean, ordea, %9aren gainetik jarraitzen du.

Eskualdeko datuak

Abenduko langabezia tasa %9,8koa izan da eskualdean, eta Aizarnazabal da hortik gorako tasa duen Urola Kostako herri bakarra %13,2ko tasarekin. Haren ostean tasa handiena duten herriak dira Zestoa (%9,3) eta Orio (%9,2). Azkoitia, Azpeitia, Getaria eta Zarautz ez beste herri gehienetan egin du gora tasak; Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen tasa berdin mantendu da azarotik. Langabe kopuruak, halere, behera egin du eskualdean. Aldea txikia bada ere, azaroan 3.296 lagun zeuden Urola Kostan lanik gabe, eta abenduan 3.275 pertsona.

Abenduan eskualdean lanik gabe zeuden lagunetatik 1.467 gizonezkoak ziren, eta 1.808 emakumeak. Lanik gabe dauden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa da eskualdeko herri guztietan. Honako hauek dira Urola Kostako langabezia tasak herriz herri:

  • Aia %6,2 (%6,1 azaroan)
  • Aizarnazabal %13,2 (azaroko berdina)
  • Azkoitia %9,1 (%9,6)
  • Azpeitia %8,8 (%9)
  • Beizama %8,5 (azaroko berdina)
  • Errezil %5,7 (azaroko berdina)
  • Getaria %6,7 (%6,8)
  • Orio %9,2 (%9 azaroan)
  • Zarautz %8,4 (%8,6 azaroan)
  • Zestoa %9,3 (%8,6 azaroan)
  • Zumaia %9 (%8,6 azaroan)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide