Errepasoa 2020. urteari

Andoni Elduaien 2021ko urt. 18a, 10:00

Amaitu berri den 2020. urteak era guztietako albisteak utzi ditu Azkoitian, onak eta txarrak, tristeak eta pozgarriak. Berri horien guztien artean hilabetez hilabete nabarmenenak izan diren albisteak batu ditu Maxixatzenek iazko urteari errepasoa egiteko.

Greba orokorra, urtarrilean

Urtarrilaren 30a greba orokorraren eguna izan zen Euskal Herrian. Herritar askok egin zuen bat greba deialdiarekin. Arratsaldean, berriz, Azkoitiko Greba Batzordeak deitutako manifestazioan parte hartu zuten ehunka azkoitiarrek.

Karnabalak, otsailean

Osasun egoerak artean eraginik ez zuen, eta karnabalak ospatzeko moduan izan ziren azkoitiarrak. Iazko azken jai jendetsuenak izan ziren Azkoitian. Herritarrek gogotik ospatu zituzten otsailaren 21eko eta 22ko egunak kolore eta mota guztietako mozorroak jantzita.

Sutea, martxoan

Eliz atari aurrean kokatuta zegoen txurro-dendak su hartu zuen martxoaren 6an. Ezbeharrean 25 urteko mutil bat eta 23 urteko neska bat hil ziren. 18:00 aldean piztu zen sua txurro-dendan, eta erabat kiskali zen.

Azkarateko afera, apirilean

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak Larke 360 enpresari Azkarate gainean hondakinak kudeatzeako gune bat eraikitzeko emandako baimena argitaratu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Erabaki hark soka luzea eragin zuen herrian, udalak hirigintza arauak aldatzea erabakitzeraino. Lurzoru ez urbanizagarrien gaineko aldaketa puntuala egin zuen udalak hirigintza arauetan, baina Larke 360 enpresak alegazioa aurkeztu zuen.

Teklako lanak martxan, maiatzean

2019ko apirilean jakinarazi zuen Visesa sozietate publikoak Floreaga auzoko Tekla gunean egiten ari diren promoziorako obrak berriz lizitatuko zituela. Obrak urtebetez etenda egon ondoren, maiatzean jakinarazi zuen sozietateak lanak Altuna y Uria enpresari esleitu zizkiola. Uztailean, berriz, Visesak bertan behera utzi zuen Idiakez Ederra eraikinaz udalarekin zuen akordioa.

"Normaltasun berria", ekainean

Ekainaren 19an sartu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan agintariek “normaltasun berria” izendatutako egoeran. Espainiako Gobernuak lau fasetan banatu zituen “normaltasun berria” egoerara iristeko deseskalatze faseak: “Zero fasea” eta lehen, bigarren eta hirugarren faseak. Agintariek agindutako eta ezarritako neurrien zein arauen artean bizi behar izan zuten herritarrek hainbat hilabetez, tartean etxeko itxialdi bat.

Hauteskundeak, uztailean

8.493 herritar zeuden deituta Azkoitian Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara, eta %58,13k eman zuen botoa. EAJ nagusitu zen Azkoitian 2.139 boto jasota. 2.005 boto jaso zituen EH Bilduk, 368 boto PSE-EEk, 178 boto Elkarrekin Podemos-IUk, PP-Ciudadanosek 88 boto eskuratu zituen, eta 39 boz batu zituen Voxek.

Aizpurutxoko lanak, abuztuan

Abuzturako hasita zeuden Azkoititik Urretxurako errepidea hobetzeko lehen faseko lanak, Aizpurutxon. Erdikobentaren eta Ibaiondoren artean, oinezkoentzat bidea eraiki dute, galtzadaren ondoan. Era berean, zubi bat ere jarri dute, oinezkoak errepidearen ondotik ibili beharrean, bidea ibaiaren beste aldetik egin dezaten. Datorren udaberrian bigarren faseari ekingo diola azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Inklusibitateari keinua, irailean

Imanol Aleson mendi lasterkariak GR11 Urdina egitasmoa egin zuen herritarrak aniztasun funtzionalaren alde sentsibilizatzeko; 850 kilometroko ibilbidea egin zuen azkoitiarrak Cap de Creus (Girona, Herrialde Katalanak) eta Hondarribia (Gipuzkoa) artean. Irailaren 15ean hasi zuen ibilbidea eta 27an amaitu. Etapa bakoitzak aniztasun funtzional bat irudikatu zuen.

Baheketa selektiboa, urrian

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak deituta, Azkoitian egin zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen baheketa selektiboa. Urriaren 7an hasi eta 10era arte, Gurea pilotalekuan; guztira, 3.069 herritarrek egin zuten borondatezko PCR proba. 35 lagunek eman zuten positibo, proba egin zuten herritarren %1,14k, hain zuzen.

Korta saria Larrañagari, azaroan

Jose Luis Larrañaga Azpeitiko Sarralle Taldearen sortzaile azkoitiarrak jaso zuen 2020. urteko Korta sarietako bat. Genero berdintasuna lortzeko bidean enpresan egin duen lanari eta emakumeak zuzendaritza karguetarako prestatzeko duela urte batzuk sortutako Sarralle Grow bekei egin zieten aipamena sarietan.

Anaitasuna Errege Kopan, abenduan

Anaitasuna futbol taldeko gizonezkoen lehen taldeak Espainiako Hirugarren Mailara igotzea lortu zuen maiatzean. Igoeragatik, Espainiako Errege Kopan parte hartzeko txartela lortu zuen taldeak, eta Urgatzi, Aurrera Ondarroa eta Real Titanico menderatuta, Lehen Mailako Getafe futbol taldearen aurka jokatu zuten gorrixek abenduaren 17an. Bat eta bi galdu arren, historia egin zuen Anaitasunak iaz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide