Diego Cruz: "Picassoren lana ezagututakoan hasi nintzen gogoz pintatzen"

Nerea Uranga 2021ko ots. 4a, 08:11
Diego Cruz, margotzen.

Gaztaroan egin zituen aurreneko urratsak pinturan eta eskulturan Cruzek. Artetik bizitzeko ateak kaleak zabaldu zizkion Cruzi. Azkoitiko sarreran egindako horma-irudiei esker hasi zen pinturako klaseak ematen, eta berak egindako hainbat eskultura daude herri bat baino gehiagoko plaza eta parketan.

Erretiroa hartu berri du Diego Cruz (1955, Quintana, Extremadura, Espainia) margolari eta eskulturgileak. Hala ere, oraindik ez du erabat eten azkoitiarrak Azpeitian duen Diart arte estudioko lanetik, "Janire alabak hartu du estudioaren lekukoa, baina oraindik handik deskonektatzeko fase horretan nago", dio Cruzek. Aske, gogoak emandakoa sortzea nahi du orain.

Ia bizi guztian Azkoitian bizi arren, sortzez ez zara azkoitiarra.

Ez. Extremaduran jaio nintzen, baina ez nintzen han bizi izan inoiz. Garai hartan, gure aitak Huescan, Monegrosen [Aragoi, Espainia], egiten zuen lana ubideak eraikitzen. Ebro ibaitik ura atera eta ubide artifizalak egiten zituzten eremu lehor haiek ureztatzeko. Beraz, Extremaduran jaio arren, Huescako Lanaja herrian bizi izan nintzen 12-13 urtera arte.

Gaztetxotan etorri zinen Azkoitira bizitzera. Nolatan?

Aitari Huescan lana bukatu zitzaion, eta garai hartan hemen lan eskaintza handia zegoen; Galiziatik eta Extremaduratik sasoi hartan jende asko etorri zen lanera hona. Nire gurasoek Azkoitira etortzea erabaki zuten, familia-eta hemen zutelako.

Adin horrekin bizilekuz aldatzea gogorra izango zen, ezta?

Bai, kolpe gogorra izan zen lekualdaketa hura niretzako. Erabateko aldaketa izan zen: beste herri bat, eskola, hizkuntza... Eskola Profesionalean hasi nintzen ikasten. Nahiz eta herrira berehala moldatu nintzen, ez zen erraza izan. Kuadrilla egin nuen Azkoitian eta ondo. Integratzeko falta izan zitzaiguna euskara ikastea izan zen; herrian, kalean, asko egiten zen euskaraz, baina eskolan dena erderaz ematen eta egiten genuen. Beraz, orduan ez genuen euskara ikasteko eta murgiltzeko pauso hori eman, eta hor hutsunea izan dugu. Esango nuke, gure belaunaldiko migrante askori gertatu zitzaigula hori. Nire belaunaldikoen artean hikuntzarena zintzilik gelditu zen gauza bat izan zen.

Ikasketak bukatuta, lanera gero.

Bai, eskola profesionaleko ikasketak bukatu eta lanean hasi nintzen. Horretan zortea genuen sasoi hartan, ikasketak bukatu eta lana aurkitzea erraza zen, eskaintza handia zegoelako. Delineazio eta mekanika ikasketak egin nituen eta 17-18 urterekin makina erremintan hasi nintzen lanean, Azkoitiko Juaristi enpresan. Sasoi hartan lan asko zegoen, eta larunbatetan-eta dena joaten ginen tailerrera. Lanetik kanpo gelditzen zitzaidan denbora apurra hartzen nuen nire zaletasunetan jarduteko: marrazten eta margotzen. Hainbeste ordu tailerrean pasatu ondoren, nekatuta bukatzen genuen eta askotan denbora asko ez nuen hartzen zaletasunetarako ere.

Noiz hasi zinen pintatzen, eta nolatan?

Pablo Picassoren (1881-1973) heriotzaren berri irakurri nuen aldizkari batean; XX. mendeko pinturaren jenioa hil zela zioen argitalpenak. Picassoren lana ezagutzen nuen, baina ez hainbeste. Francoren garaia zen, eta Espainian Picassoren lanari ez zitzaion hainbeste garrantzia ematen. Pintorea hil zeneko albistea irakurritakoan, ordea, interesa piztu zitzaidan, eta arteari nahiz Picassori buruzko liburuak irakurtzen hasi nintzen. Ondoren, gogoz pintatzen hasi nintzen. Aurretik ere marrazten eta pintatzen nuen, baina Picassorena izan zen pinturaren aurkikuntza totala.

Pintatzeko materiala-eta nondik lortzen zenuen orduan?

Azkoitian bazegoen pintura saltzen zuen denda bat. Oso oinarrizkoa zen pintatzeko erabiltzen genuen materiala eta herriko denda hartan bazeuden elementu haiek: oihala, mihisea, oleoa kolore batzuk, agoarrasa, pintzel batzuk.... Hori guztia herrian bertan genuen, ez genuen arazorik materiala eskuratzeko. Baina gaur egun dagoen adina materialik eta aukerarik ez zegoen orduan.

Pinturan autodidakta izan al zara?

Bai, hala da. Picassoren lana ikusiz eta hari buruz irakurriz asko ikasi nuen pinturaz. Hark bazituen garai klasikoa, kubista, modernoa... XX. mendeko pinturaren panorama guztia laburtuta zegoen Picasson lanetan. Oso marrazkilari ona zen, arte modernoan sortzailea eta berritzailea izan zen hura; sormen handikoa. Izan nuen sasoi bat Picassoren tankeran margotzen jarduten nuena, aurpegi deformatu horiek... Nik arreta jarri diedan artistak izan dira batik bat Picasso, Txillida, Oteiza... Gaur egun, berriz, pintoreen artetik bat aipatu beharko banu Antonio Lopez esango nuke. Eskulturan, berriz, aurrerago hasi nintzen lanean, eta eskultura figuratiboan jarri nuen interesa. Eskulturgile klasikoak gustatzeaz gainera –esaterako, Miguel Angel, Rembrandt...–, eskulturgile frantses batean jarri nuen arreta: [Auguste] Rodin. Hark eskultura figuratiboa egiten zuen, baina ez oso-oso detaile askorekin.

Arte ikasketak egiteko tentaziorik ez al duzu inoiz izan?

Bai, gaztetan izan nuen. Arte ikasketak egitera Bartzelonara joaten saiatu nintzen, baina ez zidan nahi bezala irten asmo horrek; bertan behera gelditu zen nire nahia. Azpeitiko lagun batekin Bartzelonara artea ikastera joateko plana egin nuen; ikasi bitartean, lana egin nahi genuen han. Massana izeneko arte eskolan hasi nahi genuen; arteko eskola ona zen hura. Gu, baina, ez gintuzten onartu eta etxera itzuli ginen. Gaur-gaurkoz ez dakigu zein izan zen gu han ez onartzeko arrazoia; misterio bat da. Gero, soldadutza egitera joan behar...

Soldadutza eten bat izango zen zure bizitzan?

Bai, trauma bat izan zen. Derrigortuta joan behar izan nuen soldadutzara, nire bizitzan eten handi bat izatera behartu ninduten, lanarekin, egunerokoarekin... Galizian egin nuen soldadutza, itsas armadako gerra itsasontzi batean. Gaizki pasatu nuen han, oso gaizki. Ia bi urte oso egin nituen han, hogei hilabete inguru. Bestalde, txar dena kenduta, esperientzia berri bat ere izan zen soldadutza, han toki askotako jendea ezagutzeko aukera izan nuelako; horixe izan zen gauza positibo bakarra. Toki askotako jendea eta denok arazo berarekin: soldadutzaren presio guztia jasan beharra. Handik bueltan, Azkoitian lantokia gordeta nuen tailerrean eta han jarraitu nuen lanean.

Kalean horma-irudi handi batzuk garai hartan egin zenituzten, ezta?

Bai, soldadutzatik itzuli eta gero, mural handi batzuk margotu genituen herriko horma batzuetan. Lan haiek guztiak galduta daude orain. Azpeititik Azkoitirako sarreran egin genituen, han zegoen tailer handi eta zahar baten hormetan. Tailer hura gaur egun eraitsita dago, eta guk egindako margoak galduta. Bi laguni otu zitzaigun horma-irudiak egiteko ideia, eta udaletxera joan ginen gure asmoaren berri ematera. Muralak egiteko pintura udalak ordainduko al zigun galdetzera joan ginen, eta orduko udalak ordaindu egin zigun materiala, jakin gabe zer margotu behar genuen. Nik margolan klasikoak pintatu nituen horma-irudi haietan: [Peter Paul] Rubensen Las tres gracias [De drie bedankt] obra edota Charles Chaplin tamaina handian. Jende asko pasatzen zen toki hartatik, eta atentzioa ematen zuten mural haiek.

Muralak pintatu ondoren, Azpeitiko Arte eta Diseinu Ikastegian irakasle hasteko aukera sortu zitzaizun.

Hala da. Javier Iraetak Arte eta Diseinu ikastegia sortu zuen Azpeitian, eta hark jakin zuen zeinek egin zituen Azkoitiko sarrerako horma-irudi haiek, segidan Arte eta Diseinun pinturako klaseak emango al nituen galdezka etorri zitzaidan. Baiezkoa eman eta jardun hartan hasi nintzen; egunez tailerrean egiten nuen lana eta iluntzean klaseak ematen nituen Azpeitian. Marrazkia eta pintura irakasten nizkien haurrei; saio bakoitzean 30 ikasle inguru izaten genituen, bestelako sasoi batzuk ziren haiek... Garai polita izan zen baina. Gero, Arte eta Diseinu ikastegiak aurrera egin zuen eta diseinu eta dekorazioko eskolak ematen hasi zen han, Donostiako arte eta dekorazio eskola baten frankizia gisara. Irakasgaiak gehitu ziren eta irakasle gehiago hartu zituzten, hala nola arkitekturakoa, matematiketakoa... Nik marrazkikoak eta buztin modelatuko ikasgaiak ematen nituen. Lan askoko sasoia izan zen hura.

Arte estudio propioa irekitzea erabaki zenuen ondoren; Diart, Azpeitian.

Krisi gogor bat izan zen garai hartan, eta Juaristi enpresan berregikuraketa egitea erabaki zuten, eta hango lana utzi egin nuen. Enpresatik jasotako kalte-ordain kopuru txiki batekin arte estudioa, muntatzea erabaki nuen. Aurrena, Azpeitiko Enparan kalean eduki nuen, baina hura txikia gelditu zitzaidan eta Elizkalera lekualdatu nintzen, egungo tokira. Arte estudioko lana oso desberdina izan da neukan aurreneko asmo hartatik gero egin dudanera. Nire lehendabiziko asmoa margotu, lanak saldu eta pinturako klase batzuk ematea zen. Enkarguzko lan asko izan ditut -eskatutako erretratu asko- eta haurrei nahiz helduei pinturako klaseak ematen jardun dut, ordea.

Eskulturgile ere lan asko egin duzu. Hainbat herritako kaleetan daude zure eskulturak, besteak beste, Getafen (Madril), Azpeitian, Eibarren (Gipuzkoa) eta Leioan (Bizkaia).

Lau-bost urteko garai bat izan zen eskulturarena; boom bat izan zen. Orduan, udal askok eskulturak eskatzen zituzten herriko plazetarako, haur parkeetarako... Eibarko Alfa Artek bere galdaketa etapa hasi zuenean, ni izan nintzen han aire zabalerako eskulturak egin zituen aurrenetakoa. Alfa Artekoek bazekiten modelatzen-eta jarduten nuela, eta galdetu zidaten tamaina naturaleko eskulturak egiten ausartuko al nintzen. Baiezkoa eman nien, lan batzuk enkargatu zizkidaten, eta egin egin nituen. Esaterako, Eibarren badago San Blas opilak eskuetan dituztela bi haur azaltzen dituen eskultura bat. Eskultura hori egiteko bi haur behar nituen eta modelo gisa seme-alabak hartu nituen; nik buztina modelatzen nuen bitartean, han egoten ziren biak geldi-geldi. Lan asko egin izan dut Alfa Arterentzako: haurrak jolas desberdinetan irudikatzen diren seriea, lanbideen seriea... Kalean jartzeko eskulturak ziren gehienak, eskultura urbanoak. Egin izan ditudan eskultura batzuk ez dakit non dauden ere, batzuk ez ditut ikusi jarrita. Niri tailerrak enkargua egiten zidan, nik buztinean egiten nuen eskultura, eta furgonetan eramaten genituen Eibarko tailerrera, han moldea egin galdategian eta brontzean ateratzen zuten. Nik buztinean egiten nuen lana, eta gero enpresak berak saltzen zituen eskulturak.

Mugimendua azaltzen duten eskulturak egin izan dituzu, mugimendu hori buztinean irudikatzea erronka izan al da?

Bai, haurrak jolasean azaltzen diren hainbat eskultura egitea erronka izan zen. Buztinean modelatzeko zailtasun eta konplexutasun asko zituzten, eta pisu asko hartzen zuten. Beraz, barrutik burdinezko armazoi bat edukitzen zuten, buztinean lantzen ari nintzen bitartean ez erortzeko.

Zuk egindako eskultura asko gero brontzera pasatu ziren, ezta?

Bai, brontzean eginda ditut kaleko eskultura gehienak. Azpeitian dagoen [Joxe Urbieta] Takolo mendizalearena, ordea, zementura pasatu genuen. Konpontzen jardun dut orain dela gutxi, horretarako premia pixka bat bazuen eta.

Takolorena izan al zen egin zenuen azkenengo eskultura?

Ez. Uste dut Getaferako egindakoak izango zirela azkenengoak: postari bat, kale garbitzaile bat, lorezaina... Lanbideak irudikatzen zituzten eskulturak izan ziren azken haiek.

Eskultura figuratiboa bakarrik landu al duzu?

Bai, hala da. Baina eskultura abstraktua landu nuen sasoia ere izan nuen, gaztea nintzenean egin nuen hori, 18-20 urte ingururekin. Egurrarekin eta burdinarekin egiten nituen eskultura haiek. Garai hartan, [Jorge] Oteizak eta [Eduardo] Txillidak egiten zituzten lanei asko erreparatzen nien. Eskultura lehiaketa asko egiten ziren sasoia zen, eta haietara aurkezten nituen nire eskulturak. Kasu bakarren batean finalista izan nintzen, inoiz ez zidaten eman, ordea, lehen saria. Esaterako, Kutxak 30 urtetik beherako artista berrien lehiaketa antolatzen zuen, eta irabazlearentzako sari oso ona izaten zen.

Txillida eta Oteiza aipatu dituzu. Zergatik bi horiek?

Gaztetan asko gustatzen zitzaizkidan haien lanak. Oteizaren Quousque Tandem...! (1963) liburua irakurri nuen, eta argitalpen hartan artearen eta artearen filosofiaren inguruan asko hitz egiten du, eta gustatu zitzaidan. Txillidaren estetika, berriz, asko gustatzen zait, burdin okertu horiekin eta. Egin nituen tankera horretako lan batzuk ere, baina gero utzi egin nuen lan egiteko modu hori. Enkarguz eskultura figuratiboak egiteko eskaintza jaso nuen, eta horri heldu nion.

Arte lanak egin bai, pintatzen irakatsi ere bai hainbat haur eta helduri, baina zeure lanekin ez duzu inoiz erakusketarik jarri. Zergatik hori?

Ez, hala da. Lanpetuta ibili naiz beti eta nire lanak ekoizteko ez dut denborarik eduki. Erakusketa bat jartzeko denbora behar da gauzak sortzeko. Nik, ordea, nire lanak egiteko ez dut astirik eduki. Enkargu asko edukitzen nuen, eta soldata ere atera beharra zegoen. Gainera, pinturako klaseak ematea oso lan handia da, asko nekatzen duena. Era berean, enkarguzko lanek ere tentsio handia sortzen dute, bezeroek gustura gelditu behar dutelako zuk egindako lan horrekin. Enkarguz pintatzea ez da libre margotzea bezala. Orain, baina, klik edo aldaketa hori eginda, nik nahi dudan hori sortzea nahi dut, pake-pakean. Ilusio hori daukat.

Orain, erretiroa hartuta, zer egingo duzu?

Margotu. Baina neure gogoak eskatzen didan hori margotzeko gogoa daukat. Buruan baditut ideia eta asmo batzuk.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide