Etenik gabeko heziketa, 60 urtez

Anartz Izagirre 2021ko urt. 31a, 08:30
Ezkerrean, Izarraitz Lanbide Heziketa zentroaren oraingo itxura; eskuinean, Otero, Manolo Sudupe, Zabaleta, Arrieta eta Eduardo Sudupe. (Argazkiak: Alex Berasategi eta utzitakoak)

1959-1960 ikasturtean ireki zituen ateak Azkoitiko Eskola Profesionalak. Ordutik hainbat izan dira ikastetxetik igaro diren herritarrak. Sorreratik eskola ezagutzen dutenak ez ezik, egun Izarraitz Lanbide Heziketaren parte direnak bildu ditu Maxixatzenek, urteurren bereziaren harira.

Bistakoa da industria ongi errotuta dagoen ingurua dela Urola bailara; Azkoitian ez ezik, inguruko herrietan ere ohikoa da antzina mugimendu handia zuten lantegitzarrak ikustea, baita gaur egun etengabe hazten ari diren bestelako lantegiak ere. Enpresa horietan lanean diharduten beharginetako asko, gainera, bailarako Lanbide Heziketako eskolan formatu dira; herritar askok Azkoitiko Eskola Profesionala edo "profe" izenez ezagutzen badute ere, egun Izarraitz Lanbide Heziketa zentroa izena du ikastetxeak. Halere, azken sei hamarkadetan izen eta leku aldaketa asko izan dituen zentroa izan da. 60 urte bete ditu aurten ikastetxeak, eta osasun krisia medio ospakizunik ezin izan badute egin ere, erakutsi dute badutela ospatzeko nahikoa arrazoi.

German Zabaleta (Azkoitia, 1946) orduan Escuela Profesional San Ignacio de Loyola izena zuen ikastetxeko lehen promozioko ikaslea izan zen, eta ondo gogoan ditu 1960ko hamarkada hasierako garai haiek. Gaur egun Elkargunea dagoen lekuan Villa Zubiaurre deituriko jauregi bat zegoen garai hartan. Udalak —Ricardo Otaño zen orduko alkatea— Jesusen Konpainiari eman zion eraikina, eta Aita Madinabeitiak sortu zuen eskola. Zabaletaren esanetan, jesuitei jauregi hura baldintza batekin eman zieten dohaintzan: bertan eskola bat sor zezaten. Bost urte egin zituzten Zabaletak eta bere ikaskideek bertan ikasten, nahiz eta batzuek zikloa amaitu baino lehen utzi zuten eskola: "33 ikasletik 11k amaitu genuen zikloa. Lehen bi urteak iniziazioa izan ziren, eta ondoren beste hiru urte egin genituen, oficialía deitzen zitzaiona". Zabaletaren esanetan, sasoi hartan ez zen ohikoa jendeak ikasten jarraitzea, eta Aita Madinabeitiak horretarako aukera zabaldu zuela dio: "13 urterekin hasi ginen ikasten. Profesionala oso garrantzitsua izan zen ikasten jarraitu nahi genuen horientzat".

Lehenengo argazkian, Urolako Insitutu Profesionalaren lehengo itxura.

Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan gaur egun erdi zein goi mailako hainbat ziklo eskaintzen diren arren, garai hartan doitzaile mekaniko izateko zikloa soilik hasi ziren irakasten, eta ikasle guzti-guztiak mutilak ziren: "Gure ikaskideen artean ez zegoen emakumerik, baina bagenuen emakume irakasle bat, matematika irakasten ziguna". Bestalde, Zabaletak gogoan du ikasle batzuek beka-laguntza jasota egiten zituztela ikasketak; gainera, horiek ordaintzen laguntzeko beharra zutenentzat diru-poltsa jarri zuten ikasleen artean: "Ikasketak amaitu genituenean ere hainbat ikaslek dirua jartzen jarraitu genuen behar zuten ikasleei laguntzeko".

Urte batzuk beranduago iritsi zen ikastetxera Manolo Sudupe (Azkoitia, 1958), eta Zabaletak baino ibilbide luzeagoa egin zuen hark. Suduperen esanetan, bera ikasten hasi zenean ziklo gehiago jarri zituzten ikastetxean; besteak beste, delineazioa eta administraritza. Gainera, emakumeekin eta gizonekin nahasitako talde bat sortu zuten ziklo horietan. Azkoitiko Eskola Profesionalean ikasketak amaitu ostean ikasten jarraitu zuen azkoitiarrak; bitarte horretan, 1976-1977 ikasturtean ikastetxea publiko bilakatu zen, eta Urolako Institutu Profesionala izena hartu zuen eskolak. 1987. urtean, berriz, ikastetxean irakasle sartu zen Sudupe, Altamira auzoko eraikinean —1986. urtean lekuz aldatu zuten eskola—.

Hamarkada bat beranduago, Euskal Eskola Publikoaren Legearekin batera aldaketak iritsi ziren Euskal Herriko hainbat ikastetxetara, eta, tartean, Urolako Institutu Profesionalera; 1997. urtean, batxilergoarekin batera, Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI bilakatu zen ikastetxea. "Eztabaida handiak izan ziren garai hartan eskolan. Uste genuen bat-egite horrekin ikasle gehiago erakarriko genituela Lanbide Heziketara. Urte batzuk beranduago, ordea, ikusi genuen ez zela hala izan". Suduperen esanetan, Lanbide Heziketako hezkuntza arautuan baino ikasle gehiago zituzten garai hartan hezkuntza ez arautuan —langabeentzako ikastaroak eta abar—: "Ikusten genuen zerbaitek ez zuela ondo funtzionatzen".

Hogei urte igaro ziren ikastetxeak bere ibilbidean apustu garrantzitsua izango zen aldaketa bat iragartzerako. Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHItik bi adar sortu ziren: DBH eta batxilergoa, batetik —gaur egun, Azkoitia BHI—, eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroa, bestetik. Eduardo Sudupe (Azkoitia, 1973) da eskolako egungo zuzendaria, eta haren esanetan, "autonomia" eman zien bereizketa horrek. Izen aldaketarekin batera, itxura aldaketa zein estrategia aldaketa gauzatu zituzten zentroan.

Eskaerari erantzutea xede

Zabaletak ezagutu zuen Escuela Profesional San Ignacio de Loyola zentroarekin alderatuta, bestelako itxura erakusten du egun Izarraitz Lanbide Heziketa zentroak. Izan ere, 200 ikasletik eta 30 irakasletik gora daude gaur egun zentroan. Arratsaldeko hezkuntza ez arautuko saioetan, berriz, beste zenbait ikasle dituzte, eta urtean 3.000 klase ordu inguru eskaintzen dituzte ikastaro horietan. Zikloei dagokienez, erdi mailako zein goi mailako hainbat eskaintzen dituzte, industriarekin lotura dutenak —mekanizazioa, arotzeria eta altzarigintza, mekatronika industriala...—, eta zerbitzuetakoak —gizartzeratzea, mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta, administrazioa eta finantzak...—.

Zuzendariaren arabera, "lotura estua" dute Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziarekin, eta eskualdeko enpresen beharrei egokitzen zaizkien zikloak eta ikastaroak eskaintzen dituzte: "Ondo erabaki behar izaten dugu, adibidez, zein ikastaro antolatu. Soldatzean, esaterako, eskari handia dago, eta Sarralle enpresak konpromisoa hartu du ikastaro hori amaitzen dutenen erdiak gutxienez aldi baterako kontratatzeko". Urteak joan eta urteak etorri, gainera, ziklo berriak lortu dituzte ikastetxean; aurten, goi mailako Gizarteratzea zikloa estreinatu dute, eta datorren urterako informatikari lotutako beste ziklo bat eskatu dute.

Sara Arrieta (Azkoitia, 2001) da Gizarteratzea zikloko lehen promozioko ikasleetako bat, eta aurrez erdi mailako zikloa egin zuen ikastetxean bertan: "Batxilergoan ez zitzaidan gustatzen klaseak nolakoak ziren, eta erdi mailako ziklo bat egitea pentsatu nuen. Erasmus programaren barruan praktikak egin nituen Portugalen, eta ohartu nintzen balio nuela arreta munduan lan egiteko". Erdi mailako zikloa amaitu ostean, goi mailakoari ekin dio aurten Arrietak, eta gustura dagoela dio: "ETHAZI metodologian oinarritutako zikloa da, ikastetxeko beste ziklo guztiak bezala, eta erronken bidez ikasten dugu. Taldeko lan asko egiten ditugu, eta modu horretan errazago barneratzen dira gauza asko".

Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan ikasleentzat eta irakasleentzat egokitutako gune berrian.

Osasun krisia dela eta, Gizarteratzea zikloko ikasleek aukera izan dute aurten egoera errealen bidez ikasgelan ikasitakoa praktikatzeko; izan ere, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean herriko adinekoei deika ibili ziren zikloko ikasleak, eta koronabirusak herritarrengan zer-nolako eragina izan duen ezagutzeko galdetegia pasatu zieten. Zuzendariak dioenez, ikasleek errealitatearekin harremana izatea zuen xede egitasmoak: "Erronka hauen bidez lortzen dugu gure ikasleek benetako egoera nolakoa den ezagutzea. Gure eskola irekita dago eskualdeko udal guztiekin halako proiektuak gauzatzeko".

Lehen mailako aukera

2017. urteko izen eta itxura aldaketarekin batera, etorkizuneko erronka berriei so dago orain Izarraitz Lanbide Heziketa. Miren Otero (Azkoitia, 1978) ikastetxeko idazkariaren arabera, Lanbide Heziketa beste aukerak bezain ona da: "Batxilergoko irakasle askoren helburua izan ohi da beren ikasleek selektibitatea gainditzea eta unibertsitatera joatea; agian hor dago arazoa. Ikasleen beharrak eta indarguneak zeintzuk diren topatu behar dira, eta Lanbide Heziketa beste aukerak bezain ona da". Zuzendaria ere bat dator: "Gu ez gara B plana, A plana ere izan gaitezke, eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan ziklo bat egitea beste eskola batzuetan egitea bezain egokia dela aldarrikatu nahi dugu".

Manolo Suduperen hitzetan, eskualdeko enpresak "oso gustura" egon ohi dira Izarraitzen ikasten duten ikasleekin: "Ikastetxeak 60 urte bete ditu, eta txarrak izango bagina ez ginateke oraindik hemen egongo". Eduardo Suduperen arabera, berriz, ikasle asko "motxila emozionalarekin" iristen dira Izarraitzera: "Askotan esan ohi da ikasteko balio ez duena lanbide heziketara bideratu behar dela, eta ikasle asko marka horrekin etortzen dira hona; hemen, ordea, beraien lekua topatzen dute askok". Otero ere iritzi berekoa da: "Sarritan esaten zaie ikasleei zer egiten duten gaizki, baina oso gutxitan zertan diren onak. Ikasleen gabeziak detektatzea ondo dago horiek konpontzeko, baina indarguneei begiratu behar diegu. Gu horretan ahalegintzen gara".

Etorkizunera begira, hainbat erronka dituzte Izarraitz Lanbide Heziketa zentrokoek; besteak beste, emakumeen industriaratzea. Horrez gain, enpresen eta eskualdearen beharrei erantzuten jarraitzeko prest daude: "Zer behar dagoen, gu hori eskaintzeko prest egongo gara", azaldu du zuzendariak. Halaber, nabarmendu du urtetik urtera "autonomia lortzen" ari dela ikastetxea: "Azken finean, eskola ume txiki baten modukoa da; zenbat eta denbora gehiago, orduan eta autonomia gehiago lortzen du". Zikloak ez ezik, gero eta ikasle gehiago izan ohi dituzte eskolan, eta Altamira auzoko eraikina txiki gelditzen ari zaie: "Lekua ez dadila arazo izan. Solairuarte batean bada ere, egokituko ditugu klaseak emateko gela gehiago". Azalberritzeak gorabehera, funtsean esentzia eta xede berbera mantendu ditu eskualdeko lanbide eskola bakarrak 60 urtetan barrena: langileak heztea eta eskualdeko beharrei erantzutea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide