Gutuna

EAJk, EH Bilduk eta Azkoitia Baik babesa adierazi diote Gure Eskuri

EAJ, EH Bildu eta Azkoitia Bai 2021ko urt. 13a, 19:58

Azkoitiko Gure Eskuk Maxixatzen.eus-en argitaratu duen gutunaren ondoren, udaletxean ordezkaritza duten lau taldeetatik hiruk beren babesa azaldu nahi izan diote plataformari. Honako idatzi bateratua bidali dute Maxixatzenera:

"Gaur Gure Eskuk Maxixatzenen publikatu duen gutunean azaldu duen moduan, auzitegiek Azkoitiko Gure Eskuri bere unean Azkoitiko Udalak emandako dirulaguntza itzultzeko eskatu diote.

Ondorioz, gure iritziz, udalak ez du beste erremediorik epaia akatatu eta Azkoitiko Gure Eskuri dirulaguntzaren itzulketa eskatzea baino. Hori horrela bada ere, Azkoitiko EAJk, EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak garbi utzi nahi dugu ez gatozela bat auzitegien erabakiarekin, zeina guztiz zentzugabea iruditzen zaigun.

Ondorioz, dirulaguntza hori itzultzeko biderik zuzenena, ekimenarekin bat egin zuten herritarrei diru ekarpen bat egitea eskatzea iruditzen zaigu, Azkoitiko Gure Eskuk dagokion diru kopurua udalera itzultzeko modua izan dezan, hartara azken horrek epaia betez.

Azkoitiko EAJk, EH Bilduk eta Azkoitia Baik azkoitiar guztiei gonbidapena luzatzen diete ahalik eta herritar gehienen artean itzuli beharreko dirulaguntzari aurre egiteko, era horretan, bidegabekeria honen aurrean, Azkoitiko Gure Eskuri gure elkartasuna azalduz".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide