'1620ko Loraldia. Nafarroako Errenazimentua' erakusketa jarriko dute asteburuan Torre Zuri erakustokian

Nerea Uranga 2021ko urt. 13a, 11:37

Ostiral arratsaldean zabalduko dute 1620ko Loraldia. Nafarroako errenazimentua erakusketa eta igandera bitartean egongo da ikusgai Torre Zuri erakustokian.

1620ko Loraldia. Nafarroako Errenazimentua erakusketa zabalduko dute ostiral arratsaldean Azkoitiko Torre Zuri erakustokian. Panel batzuen bitartez, Nafarroa Erresumaren azken garaia laburbiltzen du erakusketa horrek. Ostiraletik igande eguerdira bitartean egongo da erakusketa hori ikusgai Azkoitian.

Erakusketaren antolatzaileek hala adierazi dute: "Nahiz eta lurralde aldetik ia erabat murriztua egon, 1512ko azken konkistaren ondoren, kulturalki loraldi bat izan zuen Nafarroa Erresumak. 1545ean Bernart Etxeparek Lingua vasconum primitiae idatzi zuen; Nafarroako azken erreginek (Joanna III, Margarita erregina, ...), erlijio katolikoaren erreforma bultzatu zuten, Europa iparraldeko korrontea jarraituz (Lutero, Kalbino, ... ), eta Biblia euskarara itzultzea finantzatu zuten. Era horretan, 1563an euskaratze proiektua jarri zuten abian, eta Joanes Leizarragak Testamentu berria euskarara itzuli zuen".

Iazko urtean 1620ko Loraldiaren 400 urteurrena zela-eta erakusketa bat antolatu zuten, eta hura ibili da herriz herri. Asteburu hobnetan erakusketa hori Azkoitian jarriko dute erakusgai, Torre Zuri erakustokian. Honako ordutegia izango du erakusketak: ostiralean, 17:00etatik 19:00etara; larunbatean, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara eta igandean, 11:00etatik 13:00etara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide