Gaurtik aurrera kontuan hartu beharreko neurriak

Andoni Elduaien 2021ko urt. 13a, 09:30

Gaurditik otsailaren lehen egunera bitartean indarrean dira Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hartu dituen neurriak. Astelehenean elkartu zen LABIren aholku batzordea, eta han ezarritako neurriak zein diren jakinarazi zuten atzo, asteartea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Hona hemen zer egin daitekeen eta zer ez argitzeko galdera-erantzunak:

Noizko ezarri dute etxeratze agindua?

22:00etatik 06:00etara bitartean, orain arte bezala.

Zenbat pertsona elkartu daitezke une berean?

Gehienez sei pertsona. Kopuru horretatik gorako taldeak ezingo dira elkartu ez espazio publikoetan ezta pribatuetan ere.

Gipuzkoatik atera al naiteke?

Ez, ezingo da Gipuzkoatik atera ezta beste lurralde batean sartu ere. Ezinbesteko jarduerak egiteko atera ahal izango da Gipuzkoatik, hau da, lan egiteko, ikasteko, menpekotasunen bat duten pertsonak, haurrak eta adinduak zaintzeko edota jarduera profesionalak egin ahal izateko. Behar bezala justifikatu beharko dira ekintzak.

Azkoititik ateratzeik ba al daukat?

Bai. Azken hamalau eguneko intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 500 positibo baino txikiagoa bada, bai. Tasa 500 positibo baino altuagoa bada, ordea, debekatuta egongo da Azkoititik irtetea, baita alboko herrietara joateko ere. Ezinbesteko jarduerak egiteko atera ahal izango da herritik.

Noiz jakingo da zein udalerri itxiko dituzten?

Astelehenero eta ostegunero eguneratuko du Jaurlaritzak itxita egongo diren udalerrien zerrenda.

Noiz arte egongo dira indarrean neurriak?

Gaur sartu dira indarrean, eta gutxienez hogei egunez iraungo dute, hau da, otsailaren 1era arte.

Ostalaritza irekita egongo al da?

Bai, egungo neurri berdinekin. 20:00etatik 06:00etara bitartean itxita egon beharko dute, eta janaria etxera eramateko zerbitzua 22:00ak arte eduki ahal izango dute martxan. Eremu gorrian dauden herrietan, berriz, ostalaritzak ateak itxi beharko ditu. Halaber, ostalaritza gune barruetan ezingo da barran kontsumitu; taberna barruan eserita soilik kontsumitu ahalko da. Terrazak %100ean jarri ahalko dira, baina barruak edukieraren erdira egokitu beharko dira.

Saltokietarako zein neurri hartu dituzte?

21:00etarako itxita egon beharko dute saltokiek. 150 metro koadro baino gehiago duten saltokien kasuan, gehieneko edukiera %40ra murriztu dute, eta gainerako establezimenduetan, berriz, %60ra. Merkataritza guneen kasuetan, solairu eta denda bakoitzeko gehienezko edukiera %40koa izango da. Saltoki horietako haurrentzako guneak eta atseden guneak itxita egon beharko dira.

Joko eta apustu etxeek ireki ahal izango dute?

Bai, ostalaritzari ezartzen zaizkion baldintza berberak beteta.

Kontzertuak ikustera joan al naiteke?

Bai, soilik musikari profesionalen emanaldietara.

Dantza taldeek entseguak egiterik ba al dute?

Bai, izan profesionalak edo ez. Antzerki jardueretarako indarrean dauden baldintza berdinak izango dituzte dantza taldeen entseguek.

Eskola kirola martxan al dago?

Bai, soilik entrenamenduetarako. Entrenamenduak sei laguneko taldeetan egin beharko dira, beti taldekide berdinekin osatutako taldeak izango dira horiek, eta ezin izango da aldagelarik erabili. Dagokien herria eremu gorrian sartzen bada, eskola kirola bertan behera geldituko da.

Kirola egin daiteke?

Federatu gabeko kirola aire librean, taldeka –gehienez sei lagun– edo barkaka, eta kontaktu fisikorik gabe egin ahalko da. Federatutako kirol entrenamenduak eta lehiaketak ere egin ahal izango dira aurrerantzean. Kirol instalazioen edukiera erdira mugatu dute, eta instalazio horietan kirola bakarka edota seinaka egin ahal izango da. Aldagelen edukiera %30era murriztuta dago, eta dutxak bakarka erabili ahal izango dira.

Kirola egitean maskara jantzi behar al da?

Edozein kirol jardueretan derrigorrezkoa izango da maskara janztea. Kirola naturaguneetan egitean ez da jantzi beharko, ezta oinezkorik ez dagoen herrigune inguruetan ere; oinezkoekin gurutzatzean jantzi egin beharko da maskara. Igerilekuetan, intentsitate handiko uneetan edota lehiaketetan ez da nahitaezkoa izango maskararen erabilera.

Herria eremu gorrian sartzen bada kirola egin al dezaket?

Intzidentzia tasa 500 kasutik gorako herrietan ezingo da taldekako kirol jarduerarik egin, ez entrenamenduak ezta lehiaketak ere. Gimnasioetan antolatutako ikastaroak eta jarduerak –maskararekin–, eta lehiaketa profesionaletan edo erdi profesionaletan dauden taldeetako kideak entrenatu ahal izango dira taldeka.

Kirol ikuskizunetan publikoa baimenduta al dago?

Ez, debekatuta dago publikoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide