Iraurgi SBk laguntza eskatu du Zilarrezko LEB Kopako finalerako

Anartz Izagirre 2021ko urt. 12a, 12:08
Jose Luis Zubizarreta Iraurgi SBren koordinatzailea, crowdfounding kanpainaren aurkezpenean. (Anartz Izagirre)

Bigarrengo urtez jarraian jokatuko du Juaristi ISB taldeak Zilarrezko LEB Kopako finala; aurten, Bartzelonan. Osasun krisia dela-eta ohi baino diru sarrera gutxiago dituztela azaldu du klubak, eta finaleko gastuak ordaindu ahal izateko laguntza eskatu die herritarrei zein enpresei.

Historia egin du beste urte batez jarraian Juaristi ISB taldeak, eta datorren urtarrilaren 30ean Zilarrezko LEB Kopako finala jokatuko du FC Barcelona taldearen aurka, Bartzelonan. Hilaren 3an sailkatu zen finalera Iñaki Jimenezek gidatutako taldea, Zornotza Saskibaloi Taldeari 78-66 irabazita, eta joan den astean jakin zuten Azkoiti-Azpeitiko mutilek Kataluniakoak izango zituztela aurkari. Aurtengoarekin, bigarren aldiz jarraian jokatuko du Juaristi ISBk Zilarrezko LEB Kopako finala —iazko denboraldian kopa eskuratu zuten—, baina zilarra dirudien guztia ez da zilar, eta klubak finaleko gastuak ordaintzeko laguntza eskatu die herritarrei nahiz enpresei.

Jose Luis Zubizarreta Iraurgi SBko koordinatzaileak azaldu duenez, osasun krisia dela-eta nabarmen murriztu dira klubaren diru sarrerak: "Lehen Azkoitiko eta Azpeitiko garagardo festak zirela-eta sarrerak izaten genituen, baina azken hilabeteetan ez dugu ez festarik, ez zozketarik eta ez beste ezer izan, eta nabarmen egin dute behera sarrerek". Iaz, Iraurgi SBrena izan zen kopako finala antolatzeko ardura, eta aurten beste multzoko lehen taldeari egokitzen zaio antolatzea; FC Barcelona taldeari, hain zuzen. Kataluniarrek oraindik ez dute jakinarazi kopa antolatzeko ardura beren gain hartuko duten ala ez, baino horren esperoan daudela azaldu du azpeitiarrak.

Zubizarretak dio aurten ez zutela "inondik inora" espero kopako finalera sailkatzea, eta Juaristi ISBko jokalarien lana txalotu du: "Hamar partida irabazi dituzte segidan, eta sekulako lana egin dute. Lehendik bizi dugun pandemiaren erruz, denboraldiaren amaierara iritsiko ote ginen zalantzak genituen; orain, berriz, arazoak gehitu zaizkigu". Bestalde, azpeitiarrak gehitu du lana ondo egiteak sarritan "buruko minak" ekartzen dizkiela: "Tristea da batzuetan zure taldeak galtzea hobea izan daitekeela pentsatzea, horrela arazo gutxiago izango dituzulako".

Gainera, mutilen zein nesken lehen taldeek Espainiako Estatuko hainbat lekutara bidaiatu behar izaten dute, eta horrek gastuak eragiten dituela nabarmendu du azpeitiarrak. Egoera hori ikusita, crowdfunding kanpaina abiatu du Azkoiti-Azpeitiko klubak, eta 10.000 euro bildu nahi ditu finaleko gastuei aurre egiteko.

Herritar ororen laguntza

Klubak bi aukera ezarri ditu laguntza eskaini nahi duten herritarrentzako. Batetik, mezenasgoaren aukera ezarri dute, eta enpresek IFK-rekin (CIF) laguntza eskainiz gero, %18 desgrabatuko die ogasunak. Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egin dute, eta enpresek aukera hori izango dute laguntzeko. 

Bestalde, herritarrek ere izango dute Iraurgi SBri laguntzeko aukera, eta horretarako, bi kopuru ezarri ditu klubak: 50 eta 80 euro. Dirua jartzen duten herritarrek klubaren outlet-ean jantziak eskuratzeko aukera izango dute —50 euro jartzen dituztenek jantzi bat, eta 80 euro jartzen dituztenek bi—, arropa agortu arte. 

Diru bilketa hori egiteko hiru kontu korronte zehaztu ditu klubak:

  • Kutxabank — ES2220955029151062598064
  • Bankinter — ES5901280352840100003661
  • Bizum — 675 70 70 10

Kontuak kontu, Zubizarretak azaldu du ez diotela finalari uko egingo: "Kantxan izerdia bota badute, bulegoan ere ahalegin osoa egingo dugu. Bartzelonatik kopa ekarriko dugu; ahalegina egingo dugu behintzat".

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide