Tibalt Alberdi: "Ikasi nahi duen edonori eskaintzen diot edukia Youtube eta Twitch plataformetan"

Andoni Elduaien 2021ko urt. 12a, 10:06
Alberdi, gitarra eskuetan duela. (Argazkia: utzitakoa)

Aisirako denboran gero eta jende gehiagok jotzen du 'online' plataformetara, izan bideoak besteei eskaintzeko edota besteenak ikusteko zein entzuteko. Tibalt Alberdik (Azkoitia, 1991), esaterako, kontu bana du Youtube eta Twitch plataformetan, eta musikari eta bideo-jokoei lotutako edukiak sortzen ditu jarraitzaileentzat. Gitarra tutorialak euskaraz egiten ditu Youtuben, eta gitarraren zein bideo-jokoen zuzeneko bideoak Twitch plataforman.

Ezagutzen ez zaituztenentzat, zer egiten du zehazki Tibalt Alberdik Youtube eta Twitch plataformetan?

Youtuben euskal kanten gitarra tutorialak egiten ditut, eta azkenaldian rock metal arloan ari naiz gehienbat. Twitchen, bestalde, inprobisatu egiten dut batzuetan. Jendeak plataformako txatean edo solasgunean eskatutako abestiak jotzen ditut edota bideo-jokoetara jolasten dut. Twitchen Youtuben baino gauza gehiago egiten dut, baina beti ere gitarrari lotuta egoten naiz.

Urte batzuk badira mundu honetan murgildu zinenetik. Noiz eta nola sortu zitzaizun plataforma horietan hasteko ideia?

Twitchen hasi nintzen duela bi urte inguru. Gazteleraz hasi nintzen, eta ez nuen ez jarraitzailerik ez ezer; denborapasarako hasi nintzen. Orain dela urte bat edo, ordea, lagun batzuekin elkartu nintzen, eta tartean zegoen gitarra jotzen hasiberria zen lagun bat; haiek bultzatu ninduten bideo tutorialak egiten hastera. Duela zazpi bat urte hasi nintzen gitarra jotzen, eta Youtubeko tutorialen mundua oso aurreratuta zegoen ordurako. Halere, euskal musikarekiko hutsune larri bat ikusi nuen bideo tutorialetan, eta joan den urtean hasi nintzen ideia aurrera atera nahian; hutsune hori betetzea ere bada nire nahia.

Youtuben bideo tutorialak eta Twitchen zuzenekoak. Nola prestatzen dituzu?

Twitchen oso prestaketa gutxi egiten dut, normalean inprobisatu egiten baitut. Plataformak aukera ematen du zuzenekoa beti ezarpen berdinekin egiteko, eta behin prestatuta nahikoa da. Zuzenekoa egin aurretik Twitterreko jarraitzaileei galdetzen diet ea gitarraren bideoa edo bideo-joko baten bideoa nahi duten, eta han eskatzen didatena egiten dut. Youtubek, berriz, prestaketa lan gehiago eskatzen du. Hasieran, tutorial eskasekin hasi nintzen edukiak eskaintzen, neu ere ikasten ari bainaiz. Egiten nuena jendeak gustukoa zuela ikusi nuenean hasi nintzenj lan gehiago hartzen. Batetik, tablaturak-eta egiten ditut, eta bestetik abesti originalen gitarra pista kendu eta nahasketak.

Lan horiek egiteko bestelako programak erabiltzen ere jakin beharko duzu.

Une honetan lau edo bost programa desberdin erabiltzen ditut bideo bat egiteko.

Bideo hauek publiko eginda, zein da zure nahia?

Nire asmoa da dudan jakinduria apurrarekin besteei laguntzea. Youtuben jendeak egiten dituen iruzkinek-eta asko betetzen naute. Badago jendea azken bost urtean abesti bat ikasi nahian ibili eta nire bideoarekin lortu duena; hori adierazteko iruzkinak idatzi izan dizkidate, eta asko betetzen naute. Oso argi dut gaur egunean Youtuben eta Twitchen euskaraz ez dagoela dirurik, eta gainera, ez dut horregatik egiten. Halere, poliki-poliki jendeak ezagutu egiten zaitu. Adibidez, badakit Azpeitiko lagun batek nire berri eman ziola beste bati; ederra da jendearengana iristea.

Norentzat sortzen dituzu zure edukiak?

Ikasi nahi duen edonori eskaintzen diot edukia Youtube eta Twitch plataformetan. Ez dut helburu finkorik adin aldetik. Badakit 16 urte inguruko gitarra jotzaile gazte bat edo bestek jarraitzen nauela. 40 urte inguruko Twitterreko erabiltzaile batek ere esan zidan behin gitarra hartzen zuen egunean nire tutorialen bat ikusiko zuela. Dena den, Youtubek norberaren audientzia datuak ikusteko aukera ematen du, eta han jartzen duenez 18 eta 35 urte bitarteko pertsonak dira nire jarraitzaile gehienak.

Youtubetik Twitchera jende askok egin du jauzia. Zergatik izan daiteke?

Diruagatik izan dela esango nuke. Duela pare bat urte edo, Youtubek ordura arte zituen moneta politikako irizpideak aldatu zituen. Youtubeko izen handiek, tartean Rubius edota Auronplay, Twitchera egin zuten jauzia, ikusi zutelako jende gutxiagorekin diru gehiago irabazteko aukera zutela. Gainera, Twitcherako egindako zuzeneko bideoa gero Youtubera ere igo daiteke; eduki bera bi plataformatan jartzeko aukera dago.

Plataforma horietako beste profil edo kontu batzuen jarraitzailea ere izango zara. Nori erreparatzen diozu gehien?

Ez nuke bat esaten asmatuko. Twitch erabiltzen nuen lehen ere, eta bideo-joko baten zalea naizenez joko horretako streamer ezagunena jarraitzen nuen; ez dut erreferente garbirik, ordea. Youtuben, ostera, tutorialak egiten dituzten kanal ugari dago. Eskaintzen duten kalitateagatik aukeratu beharko banu, batetik Cifra Club hautatuko nuke, konplexutasun handiko musika irakasten dutelako; asko gustatzen zait horien kanala. Abesti sinpleak edo akorde soilak eskaintzen dituztenen artean, berriz, Guitarraviva aipatuko nuke.

Zenbatean behin igotzen dituzu bideoak Youtubera eta noiz egiten dituzu zuzenekoak Twitchen?

Afiliazioa lortu nuen duela hilabete bat Twitch plataforman. Kontratu moduko bat da, eta horren arabera bideoen gutxieneko kopuruak errespetatu behar ditut. Hilean zazpi zuzeneko egiteko eta gutxienez zortzi ordu eskaintzeko hitzarmena dut, eta horregatik, astean pare bat zuzeneko egin behar ditut. Youtubek, berriz, lan gehiago eskatzen du, eta hilean bideo bat kargatzen ahalegintzen naiz. Azken bi hilabeteetan, halere, Twitch plataformak denbora asko kendu dit kanpaina bat tarteko, eta ez dut bideorik igo Youtubera.

Gainerako sare sozialetan aktiboa al zara?

Instagram sare sozialak nazka ematen dit, esan behar dut. Normalean Twitter erabiltzen dut, nire zuzenekoen eta bideo tutorialen berri emateko. Behin edo behin zortea izan nuen, Berri Txarrak taldearen tutoriala egin eta musika taldeak atsegin zuela adierazteko botoiari eman ziolako; horrelako gauzek ere mugiarazten dute kontua. Sare sozialetan mugitu beharra dago, baina unean uneari lotuta erabiltzen ditut, ez gehiegi.

Lan horietan hasteko musikazalea ere izango zara. Zer musika duzu gustuko?

Nire itxurari erreparatuz gero guztiek pentsatzen dute metal zalea naizela, eta horrela da. Lehen metala gustatzen zitzaidan bakarrik, eta gainerako guztia zerrikeria hutsa iruditzen zitzaidan. Azken urteetan, ordea, musika guztia errespetatzen hasi naiz. Nahiz eta ez gustatu, ia guztia errespetatu edo gozatu dezaket. Musikaren fusioan ari naiz sartzen, gainera; musika tresnak zenbat eta gehiago aurreratu, oraindik eta gauza konplikatuagoetara jotzeko joera dut.

Zer gomendio emango zenioke plataforma horietan hastekotan dagoen edo hasiberria den bati?

Youtube eta Twitch plataformetan norberari gehien gustatzen zaiona sortzeko esango nioke, eta itxaropen handiegirik ez egiteko. Bide horietatik zerbait egingo edo lortuko duzula pentsatuta hasi eta lortzen ez bada, sekulako kolpea jasotzen da. Garrantzitsuena da egiten duzunarekin ondo pasatzea. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide