Beste 169 positibo atzeman dituzte Gipuzkoan

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 10a, 13:32

Hego Euskal Herrian 11.715 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 664k eman zuten positibo; %5,7ak. Bihar elkartuko da Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea; egoeraren azterketa egingo du, eta erabakiko du komenigarria ote den Jaurlaritzari neurri berriak proposatzea.

Koronabirusaren bilakaerari buruzko azken datuak eman berri dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta oro har, atzo jakinarazi zituztenak baino hobeak dira. Atzo 11.715 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta horietatik 664k eman zuten positibo; %5,7k alegia. Larunbatean 821 positibo zenbatu zituzten 12.464 proba eginda; %6,5.

Dena dena, lurraldetik lurraldera bada alderik. Nafarroan, esaterako, egunez egun okertzen ari da egoera. Atzo 1.664 proba egin zituzten han eta 155 positibo baieztatu; horrek esan nahi du egindako proben %9,3k eman zutela positibo. Bezperan 163 positibo atzeman zituzten, baina atzo baino 1.296 proba gehiago eginda. Beraz, egun batetik bestera hazkunde handia izan du positibotasun tasak; %5,4koa zen herenegun.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ostera, herenegun baino 547 proba gehiago egin zituzten atzo, 10.051 zehazki, eta herenegun baino 149 positibo gutxiago atzeman zituzten, 509 hain zuzen. Horrenbestez, %6,9tik %5,1era jaitsi da hiru lurralde horietako positibotasun tasa. Araban 73 positibo baieztatu zituzten atzo, Bizkaian 264 eta Gipuzkoan 169. Hiru lurralde horietan COVID-19a duten 29 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta 76 lagun daude ZIUn. 

Asteburua denez, Eusko Jaurlaritzak ez du eman herriz herriko daturik; bihar emango ditu horiek. Gainera, bihar elkartzekoa da Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea ere. Egoeraren azterketa egingo du, eta erabakiko du komenigarria ote den Jaurlaritzari neurri berriak proposatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide