Atzeratu egin behar izan dute Anaitasunako nesken biharko partida

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 8a, 18:36
(Argazkia: Anaitasuna)

Euskal Ligako bederatzigarren jardunaldia jokatzekoa zen Gorka Zubizarretak entrenatzen duen taldea, Bizkerre taldearen kontra, Txerloian. Partida atzeratu egin dute, COVID-19arekin zerikusia duten arrazoiak tarteko.

Anaitasunako emakumezkoen lehen taldea Euskal Ligako bederatzigarren jardunaldia jokatzekoa zen bihar arratsaldean Txerloian. Partida garrantzitsua zen sailkapenaren buruan diren Gorka Zubizarretaren neskentzat, hirugarren lekuan dagoen Getxoko Bizkerre taldea hartu behar baitzuten etxean; aukera paregabea beste hiru puntu poltsikoratu eta lehen postu horretan sendotzeko. COVID-19arekin zerikusia duten arrazoiengatik, baina, partida atzeratu egin behar izan dute.

Zubizarretaren taldeak zazpi partida jokatu ditu zortzi jardunalditan, azkenengoan atsedenaldia egokitu baitzitzaion, eta jokatutako partida guztiak irabazi ditu. Horrenbestez, Euskal Ligako sailkapeneko lehen postuan daude Anaitasunako neskak, 21 punturekin. Bigarren sailkatua, Zarautz, zazpi puntura dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide