Elurra dela eta, landa bideak bertako bizilagunentzat eta larrialdi kasuetarako bakarrik egongo dira zabalik

Andoni Elduaien 2021ko urt. 8a, 14:03

Elosuako, Madariagako zein Martirietako auzo-bideak itxita egongo direla azaldu du udalak, eta soilik larrialdi kasuetan erabilgarri egongo direla jakinarazi du.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez landa eremuetako bideak bertako bizilagunentzat eta larrialdi kasuetarako soilik egongo dira irekita datozen egunetan. "Azken egunotako elurteek asko zaildu dute errepideetako egoera, eta astebururako iragarrita dagoen eguraldiak badirudi arazoak areagotu egingo dituela", azaldu du udalak.

Horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko Udaltzaingoak herritarrei eskatu diete "derrigorrezkoa ez bada" ibilgailurik ez hartzeko asteburuan. Halaber, murrizketen berri ere eman dute bi erakundeek. Azkoitiko landa bideak itxita egongo dira Elosuan, Madariagan edota Martirietan. Errepide horiek auzoetako bizilagunentzat egongo dira zabalik soilik. Gainerakoan, larrialdi kasuren bat suertatzen bada bakarrik erabili ahalko dira baserri edo auzo-bideak.

Ibilgailuen gurutzaketak

Udalak azaldu duenez Elosuako, Madariagako zein Martirietako auzo-bideetan "norabide bakarrean" joan daiteke soilik, eta "ez dago tokirik" bi ibilgailu elkar gurutzatzeko edo atzera-martxa egiteko. Hori horrela izanik, "arretaz" jokatzeko deia luzatu dute segurtasun arduradunek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide