Elkarrizketa

Mikel Iraeta: "'Oinatzak' lanean bidaia bat sortzea zen nire asmoa, bidaia lasai bat"

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 6a, 16:29

Mikel Iraeta (Azkoitia,1992) musikariak Oinatzak lana kaleratu berri du. Bakarka egindako bigarren lana du hau azkoitiarrak. Disko osoan instrumentu nagusia pianoa dela azaldu du. Iraetaren zortzi abesti biltzen dituen Oinatzak lanaren produkzio lanak Alberto Martinezek egin ditu eta azala Itxaro Iraetak. Interneteko hainbat plataformatan dago entzungai.

Oinatzak lehen luzea kaleratu berri duzu. Nondik sortu da proiektua?

Asko disfrutatzen dut musika egiten. Pianoa jotzen hasi eta orduak hegan joaten zaizkit. Askotan, inprobisazio horiek grabatu egiten ditut, eta gehien gustatzen zaizkidan zatiak hartzen ditut. Era horretan, ideia asko gordeta nituela ikusi nuen eta horiek lantzen hasi nintzen. Beraz, Oinatzak nahiko natural atera den diskoa izan da.

Azaroan argitaratu zenuen zure bakarkako lehen lana: Isha. Nolatan hain azkar beste disko bat?

Uste baino azkarrago amaitu dut disko berri hau. Iazko urtarrilean pianoko klaseetara joaten hasi nintzen; eta han irakasleak bidalitako ariketak egiteko orduan ideia asko atera zitzaizkidan. Konturatzerako, esku artean disko bat nuela ohartu nintzen, eta kaleratzea erabaki nuen.

Isha lanaren bide bera jorratu al duzu azken lan honetan? Zerk ezberdintzen ditu lan hura eta kaleratu berri duzuna?

Aurreko diskoan ez neukan garbi zer motatako musika egin nahi nuen. Beraz, esperimentatzen ibili nintzen pixka bat. Behin hura kaleratu nuenean konturatu nintzen zein estilotan sentitzen nintzen eroso. Behin hori jakinda, aurrekoan ez bezala, estilo jakin horren bila joan naiz lan berri hau egiterakoan. Beraz, bi lanen arteko aldea hor dago, oraingoan zerbaiten bila joan naizela.

Nola deskribatuko zenuke Oinatzak diskoa?

Nahiko intimoa eta goxoa dela esango nuke, sentimenduz betea.

Zortzi abesti ditu lanak. Antzeko ezaugarriak al dituzte abestiek beren artean?

Pianoa da instrumentu nagusia disko osoan zehar. Orokorrean, kantek antzeko esentzia dutela esango nuke, batzuk elektronikoagoak dira eta beste batzuk klasikoagoak. Lan osoak, baina,  koherentzia bat du.

Nola sortzen dituzu abestiak?

Pianoarekin hasten naiz ia beti abestiak sortzen. Melodia nagusiak hor sortzen ditut eta ondoren,  jolasean hasten naiz sintetizadoreekin. Orain arte oso inpultsiboa izan naiz, egun berean hasi eta bukatzen nituen abestiak. Lan berri honetan, baina, pixkanaka mimatzea erabaki dut.

Film bateko soinu banda gogorarazten du diskoak. Ez al zaizu hala iruditzen?

Batek baino gehiagok esan dit gauza bera. Gustuko dut hori entzutea, gainera. Izan ere, horrek trasmititzen dit diskoa entzun duenak zerbait imajinatu duela edota, agian, norabaitera eramanarazi duela musikak. Hori hala izatea izugarrizko kritika ederra da niretzat.

Entzuleari zer transmititzen diotela abestiek uste duzu?

Nire asmoa bidaia bat sortzea zen, bidaia lasai bat. Ez dut istorio zehatz bat kontatzen, entzuten duen horrek ikusiko du zer sentitzen duen. Dena den, orokorrean, lasaitasuna transmititzen duela uste dut.

Abestiez gainera, bideoak ere kaleratu dituzu Oinatzak proiektuaren barruan. Zergatik? Eta zer-nolako bideoak dira?

Irudien mundua ere asko gustatzen zait, eta pentsatu nuen oso baliabide ona zela lan berrirako egindako musika estiloari laguntzeko. Guztira, bost bideo prestatu ditut: hiru animaziozkoak, programatutako argiekin egindako bat eta zuzeneko beste bat. Bideoetarako animazioak neuk egin ditut, baina gertukoen laguntza ere izan dut; adibidez, ilustrazioak Itxaro Iraetak egin ditu, argien programazioa Iñigo Gonzalez Gontxalok egin zuen eta zuzeneko bideoa Cadizeko [Andaluzia, Espainia] Calle Sonora taldeak grabatu zuen.

Zergatik Oinatzak?

Neuk bakarka egindako lehen kantari Oinatzak izena jarri nion, baina hori inoiz ez dut kaleratu. Ordutik izugarri ikasi dut. Izan ere, kanta berri bat egiten dudan bakoitzean, zerbait berria ikasten dut. Beraz, hein batean, egiten dudan kanta bakoitza pauso bat da niretzat, eta atzera begiratuta, kanta denek arrasto bat uzten didate era batera edo bestera.

Alberto Martinez aritu da Oinatzaken produkzio lanetan, eta Itxaro Iraetak egin du azala. Zer moduz moldatu zara haiekin?

Alberto Martinezek inork baino hobeto ezagutzen nau, pertsonalki eta musikalki. Ezer esan gabe hark badaki nolako soinua bilatzen dudan, konfiantza osoa dut harengan. Oso erraza izan da prozesua, eta gustura geratu naiz ematzarekin. Itxaro, berriz, nire arreba da, eta zer esango dut ba hari buruz! Karkar. Zorte handia daukat etxean artista bat edukitzeaz.

Interneteko hainbat plataformatan entzun daitezke abestiak. Disko fisikorik ateratzeko asmorik ez al duzu?

Ez, oraingoan, formatu digitalean bakarrik aterako dut. Asko pentsatu nuen kontu honetaz, oso ederra baita zuk egindako disko bat esku artean edukitzea. Baina nire egoera pertsonala ondo aztertu ondoren, onena formatu digitalean kaleratzea zela ikusi nuen.

Ro taldeko musikaria ere bazara, eta Zizel proiektua ere baduzu martxan, Alberto Martinezekin batera. Azkenaldian, baina, bakarkako lanak kaleratzera ausartu zara. Zergatik pauso hori?

Zirkustantziak izan direla uste dut. Azken urtean Ro taldetik urrun ibili naiz eta Zizel ere geldirik geratu zen. Oso gustura ibili naiz bakarka musika egiten eta sortutako kantak oso neureak sentitzen nituen. Beraz, nire izenean kaleratzea erabaki nuen. Hala ere, bolada desberdinak edukitzen ditut; orain, esaterako, musika jendearekin egiteko gogoa daukat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide