Testura taldearen kontzertua izango da igandean, Matadeixen

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 5a, 15:38
Tesura taldeak Azpeitian emandako kontzertu bateko irudia.

12:30ean hasiko da zuzenekoa, eta sarrerak aurrez hartu behar dira, mataderoekintzak@gmail.com helbidera idatzita. Matadeixek antolatutako urteko lehen kontzertua izango da.

Urteko lehen kontzertua ikusi ahal izango da igandean, urtarrilak 10, Matadeixen. Testura taldeak emango du zuzenekoa, 12:30ean hasita. Sarrerak aurrez hartu behar dira, mataderoekintzak@gmail.com helbidera idatzita. Zazpi euro ordaindu beharko da sarrera bakoitza.

Ander Mujika, Felix Buff, Johannes Buff eta Maialen Belaustegi dira Testura taldeko kideak. Napoka Iria desegin ostean, hainbat proiektutan ibili zen Ander Mujika musikaria, eta 2017 eta 2019 urteen artean egindako zirriborroen garbiketa egin ondoren, horiek landu eta sei pieza eta kantu bildu zituen. Geroago, aspaldiko laguna eta taldekidea duen Felix Buffena jo zuen kontrapuntu eta berotasun bila (Willis Drummond, Joseba Irazoki eta Lagunak, Botibol…). Berak eman zizkion bestelako geruzak eta soinuak proiektuari. Bien artean azken ukituak eman ondoren, Johannes Buffi (Dalek, Zombie Zombie, Thurston Moore…) erakutsi zioten pieza bilduma. Azken horrek soinua borobildu eta nahasketa txukundu zuen. Azkenik, Maialen Belaustegik (aka Dodoma) diskoaren inguruko irudi guztia landu zuen, gardenkien proiektore bat baliatuz.

Forbidden Colours disketxeak argitaratutako binilo baten forman ikusi du argia lan berezi horrek, eta proiektu hori jendaurrean aurkeztuko dute igandean Azkoitian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide