Txalo konpainiaren 'Losers' antzezlana ikusi ahal izango da larunbatean Baztartxon

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 4a, 12:22

Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia ariko dira aktore lanetan, eta bizitzaren gorabeherak izango dituzte hizpide. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta dagoeneko salgai daude sarrerak.

Txalo konpainiak Losers –euskaraz, galtzaileak– antzezlana taularatuko du larunbatean, urtarrilak 9, Baztartxo antzokian. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia ariko dira aktore lanetan, eta 19:00etan hasiko da emanaldia. Sarrerak salgai daude dagoeneko, zortzi eurotan, lotura honetan.

Plazaolak eta Garmendiak Manuel eta Sandra pertsonaiak hezurmamituko dituzte. Adinean aurrera doaz pertsonaiak, ia 40 urte dituzte, eta gizarteak markatutako baldintza bat bera ere ez dute betetzen: hau da, ez dute umerik, ezta bikotekiderik ere, eta, gainera, diru gutxi dutenez, ezin dute etxebizitzarik erosi. Horregatik, beren buruak galtzailetzat dituzte. Bizipozak, ordea, ez du mugarik, eta ez du zerikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen arauen menpe bizitzearekin. "Gu geu gara gure bizitzak nolakoa beharko duen erabaki behar dugunak. Geure beldur eta mugak gainditzeko gai izanez gero, behintzat. Manuel eta Sandrak bakarti bizitzeari utzi nahi diote. Goibel antzera, bizi dira baina pozik bizi nahi dute. Lortuko al dute?", azaldu dute Txalo konpainiakoek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide