Ostalariek eta hornitzaileek irtenbidea eskatuz auto karabana egingo dute, Azkoitiko plazatik irtenda

Nerea Uranga 2020ko abe. 30a, 15:34
Abenduaren 17an ostalariek eta haien hornitzaileek egindako auto karabana.

Azkoitiko eta Azpeitiko ostalariek eta hornitzaileek protesta egingo dute bihar, 12:00etan, Azkoitiko plazatik abiatuta. Sektorea egoera larrian dagoela eta "erreskate plana" eskatuko dute bi udalerrietan barrena egingo duten auto karabaren bidez.

Pandemia tarteko hartzen ari diren neurriengatik eta ostalaritzako sektoreari ezartzen ari zaizkien murrizketen ondorioz, sektorea egoera larrian dagoela esan dute Azkoitiko eta Azpeitiko ostalariek nahiz horien hornitzaileek. Haien ustez, orain arte jaso dituzten dirulaguntzak ez dira nahikoa. Horregatik, protesta eginez "irtenbidea eta sektorearentzako erreskate plana" eskatuko dizkiete Eusko Jaurlaritzari eta udalei. Azkoitiko eta Azpeitiko ostalariek eta horien hornitzaileek deitu dute biharko protesta, 12:00etan Azkoitiko plazatik irtenda.

Biharko auto karabana Azkoitian hasi eta bukatuko da, baina Azkoitiko eta Azpeitiko udalerrietan barrena egingo du ibilbidea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide