Azken orduetan bi kasu positibo atzeman dituzte Azkoitian

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 30a, 14:17

Azken orduetan 30 kasu berri atzeman dituzte Urola Kosta eskualdean egindako PCR eta antigeno probetan, horietatik gehienak, bederatzi, Azpeitian. Azkoitian bi kasu positibo atzeman dituzte, eta eremu laranjan jarraitzen du udalerriak, 367ko intzidentzia tasarekin. Hego Euskal Herrian positibo kasuen ehunekoa seitik gorakoa da.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, 10.408 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo, asteartea, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta %6k eman zuten positibo aurreneko hiru lurraldeetan, eta %7,4k, berriz, Nafarroan (Gipuzkoan 207 positibo berri zenbatu zituzten, Nafarroan 130, Araban 88 eta Bizkaian 216).

Urola Kostan, 30 kasu berri atzeman dituzte: hiru kasu Zestoan, launa Aizarnazabalen eta Zumaian, bina Azkoitian eta Orion, sei Zarautzen, eta bederatzi Azpeitian. Azken horrek 500etik gorako intzidentzia metatuaren tasarekin jarraitzen du, 524,74. Azpeitiarekin batera, Aizarnazabal da eskualdean larrien dagoen herria. Azken bost egunetan hamabi kasu berri atzeman dituzte han, eta horregatik, Aizarnazabalgo Udalak herriko liburutegia eta gimnasioa eta herriko tabernak ixtea agindu du.

Azken orduetan positibo berririk ez duten herriak ere badira eskualdean: Aia, Beizama, Errezil eta Getaria, hain zuzen.

Gaur-gaurkoz, Azpeitian, Errezilen eta Aizarnazabalen daude ostalaritzako establezimenduak itxita.

Bezperako datuak kontuan hartzen badira, hau da, astelehenean argitaratutakoak, kasuak bikoiztu egin dira eskualdean, hamabost positibo berri atzeman baitzituzten orduan. Igoerak ia herri guztietan egon dira, nabarmenenak Azpeitian (lautik bederatzira), Zestoan (kasurik ez edukitzetik hiru izatera), Azkoitian eta Orion (kasu berririk ez edukitzetik bina izatera) eta Zumaian (bitik laura).

Ospitaleetako egoerari dagokionez, azken datuen arabera 79 pertsona daude ZIUn ospitaleratuta Osakidetzak kudeatzen dituen egoitzetan, eta 284 lagun daude guztira ospitaleratuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide