Natura ezkutuaren berri izan dute Abaraxkan, Igor Elortzaren eskutik

Nerea Uranga 2020ko abe. 29a, 10:00

Abaraxka aretoan Lehen Hitzaldi Astearen barruko lehenengo solasaldia izan zen atzo, astelehena. Igor Elortzaren eskutik, natura ezkutua ezagutzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Kukuerri elkarte sortu berriak antolatutako Hitzaldi Asteko bigarren saioa gaur izango da, eta Munoaundiko aztarnategiaz ariko dira, 18:00etan, Abaraxka aretoan.

 

Kukuerri elkarte sortu berriak antolatuta I. Hitzaldi Astea egiten ari dira aste honetan Abaraxka aretoan. Atzo, astelehena, izan zen lehen saioa, eta bertaratu zirenek natura ezkutua ezagutzeko aukera izan zuten Igor Elortza naturazalearen eskutik. Inguruan bizi diren txori eta hegaztiez jardun zuten atzokoan, batik bat.

Lehen Hitzaldi Asteko bigarren saioa izango da gaur, asteartea, 18:00etan hasita, Abaraxka aretoan. Gaurkoan, Munoaundi aztarnategiaz eta han egiten ari diren indusketez ariko da hizlari Antxoka Martinez Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa eta Munoaundiko indusketen zuzendaria. Kultura materiala eta Burdin Aroaren bukaera izenburu hartuta eskainiko du solasaldia Martinezek.

Bihar izango da hirugarren eta azken solasaldia Abaraxkan, eta biharkoan bizikletaren erabileraz jardungo du, Kalapie hiriko bizikleta elkarteko Gorka Hoyosek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide