IRITZIA

Pandemia garai honetan, gu ere beldur gara

Amaia Caballero. San Jose egoitzako erizain laguntzailea. 2020ko abe. 28a, 11:46

Badirudi pandemia garai baten erdian hasi zaretela gure lanak duen garrantziaren inguruan hausnartzen, baina, hala eta guztiz ere, askoren kasuan zoritxarrez, 20:00etan zeuen balkoietatik txalo egiteaz haratago ez doan hausnarketa huts batean geratzen dela dirudi. Irudipen honetatik abiatu eta honetan eragiteko saiakera egitea da gutun honen arrazoia.

Zaharren egoitzan lan egitea, lan gogorra dela ulertu behar duzue, lan fisikoa izateaz gain, karga emozional handiko lanbide bat delako. Pertsonekin lan egiteak, bakoitzaren alderdirik positibo eta hurbilekoena ateratzera behartzen gaitu eta plazer handiz zein poztasunez egiten dugu. Izan ere, eta argi izan, egoiliarrak gure senitartekoak ez diren arren, guk geuk ia-ia horrela sentitzen ditugula eta maitasunez, errespetuz eta ilusioz dihardugula egunero gure lanean.

Pandemia garai honetan, gu ere beldur gara. Beldur gara kutsatzeko arrisku orori, baina are eta beldur handiagoa diogu egoiliarrak kutsatzeari. Uler ezazue arren, egoitzako komunitatea osatzen duen oro dela garrantzitsu, eta batez ere, beraiek.

Bestalde, jakin ezazue beldurrak, tristurak eta nekeak, egoitzaren atean utzita hasten garela egunero lanean. Gure egoitzako nagusiek, eskaini ahal dizkiegun barrerik, mimorik eta atentziorik onenak merezi dituztenaren jakitun garelako.

Beraz, aurreko guztia aintzat hartuta eta azken mesede gisa, zuri zuzenduko natzaizu zuzenean, zure etxeko nagusienak egoitzan dituzun horri. Mesedez, izan ezazu konfiantza gugan, zin egiten bai dizugu hura ahalik eta ongien zaindu eta babestuko dugula. Ez zaiola inoiz, bere egun goibeletan irribarre bat ateratzeko saiakera egingo duenik faltako, eta behar duenean, eskua eman eta behar duen lasaitasuna helarazten saiatuko den inor faltako. Zuregatik zein denongatik egin duten guztia eskertzen jarraituko dugulako, inoiz bakarrik sentitu ez daitezen.

Behin hau guztia esanda, eta guk ere, gauzak ongi egiteko saiakeran zenbait gauzetan akats txikiak egiten ditugula jakinda, hau pertsonak garen heinean arrunta dela uste badugu ere, begira gaitzazue beste betaurreko baikorrago batzuekin. Kontuan har ezazue mesedez, denontzat berria den egoera honetan ere, beti bezain burubelarri jarduten dugula gauzak ahalik eta eramangarrien eta egokien suertatu daitezen, eta agian, eta soilik agian, begirada hori aldatzea lortzen duzuenean, errealitateaz ohartu eta harritu egingo zarete.

Amaia Caballero. San Jose egoitzako erizain laguntzailea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide