Eskoletako kontingentzia plana berrikustea eskatu dute hainbat gurasok

Andoni Elduaien 2020ko abe. 21a, 09:52
Ikasmahaia, herriko plazan. (Argazkia: utzitakoa)

Herriko plazan eskolako mahai bat isolatuta irudikatu nahi izan zuten ekimenaren bultzatzaileek.

Joan den ostiralean, Azkoitiko hainbat gurasok 'Pupitre isolatua' ekimena egin zuten herrian. Herriko plaza nagusiaren erdian eskolako mahai bat jarri zuten lau aulkiz inguratuta, "haurrek eskoletan duten egoera gogorra" isladatzeko asmoz. COVID-19 egoera dela eta eskoletan ezarri dituzten "neurri murriztaileengatik" agertu dira kexu gurasoak, eta kontingentzia plana berrikusteko mezua zabaldu nahi izan zuten herritarren aurrean.

Haurrekin hartu diren hainbat neurriren aurrean, "ezintasuna" sentitzen dutela azaldu dute ekimena bultzatu duten gurasoek. "Neurriok eragin dezaketen kaltea, mesedea baino handiagoa izan daiteke. Izan ere, neurri batzuk ezartzea erabakitzen denean horien proportzionaltasuna ondo ikertu behar da, eta konziente izan ondorio kaltegarriak izan ditzaketela haurtzaro eta gizarte osoarengan. Babestu ditzagun gure haurrak, mindu gabe", azaldu dute gurasoek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide