Etxekoentzat izan da derbia

Julene Frantzesena 2020ko abe. 20a, 14:56
Gaurko partidako irudi bat. (Mikel Amenabar)

Azkoitia-Azpeitia ISB taldeak eta Ibaizabalek derbia jokatu du gaur, igandea, Azkoitiko kiroldegian. Bolada oso onean dira Andoni Lazkanok zuzentzen duen taldeko neskak, eta horri eustea lortu dute gaurkoan; izan ere, 63 eta 55 hartu dute mendean Bizkaiko taldea.

Lehen laurdenetik aurretik izan dira ISBko neskak: 20 eta 15 bukatu da lehen zatia. Bigarrena 32 eta 27 amaitu da; hirugarrena, 48 eta 34; eta azkenengoan Ibaizabal gehixeago izan bada ere –15 puntu egin ditu ISBk eta 21 Ibaizabalek–, lortutako puntuak ez zaizkio aski izan partida irabazteko. Puntu gehien batu dituen etxeko jokalaria Morgan Asha Symouree Green izan da; 26 puntu lortu ditu gaurkoan.

Hamahiru partida jokatuta, Emakumeen 2. Ligako bosgarren postuan da Azkoitiko eta Azpeitiko taldea. Hain zuzen ere, 22 puntu ditu ISBk, sailkapenaren buruan den Baxi Ferrol taldeak baino lau gutxiago.

Gabon sasoiko etenaren ostean, urtarrilean itzuliko da lehia berriz ere. 2021eko lehen norgehiagoka Barakaldoren kontra jokatuko dute ISBko neskek.

Gizonek ere garaipena

Juaristi ISBk ere garaipena erdietsi zuen atzo, Moronen kontrako neurketan. Sevillan jokatu zuten partidaren gidaritza hasiera-hasieratik Azpeitiko eta Azkoitiko taldearena izan zen, eta hori markagailuan ere islatu zen; izan ere, 77 eta 109 nagusitu zen ISB. Atzoko garaipena tarteko, Zilarrezko LEB Ligako mendebaldeko taldeko sailkapenean aurrena da ISB.

Gabonak baino lehen beste partida bat jokatuko dute Juaristi ISBko gizonek. Hain zuzen ere, asteartean Torrelavegan (Kantabria, Espainia) jokatuko dute, Grupo Alega Cantabriaren kontra.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide