Goenatxo III.ak hirugarren egin du Harri Handien Txapelketan

Jon Unanue atzoko txapelketan. (Ibon Errazu)

Atzo izan zen lehia Aian. Azkoitiarrak Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga eta Iñigo Eizagirre izan zituen parez pare. Irigoien nagusitu zen: hark 8.100 kilo altxatu zituen gauzatutako lau lanetan. Goenatxo III.ak, berriz, hirugarren postua lortu zuen, 5.350 kilo altxatuta.

Jon Unanue Goenatxo III.ak hirugarren egin zuen atzo, larunbata, Aian jokatutako Harri Handien Txapelketan. Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga eta Iñigo Eizagirre izan zituen parez pare, eta lan txukuna eginda, sailkapeneko lehen hiru postuetan sartzea lortu zuen azkoitiarrak.

Harri-jasotzaileek lau lan egin behar izan zituzten: 200 kiloko bolarekin, 150 kiloko kubikoarekin, 175-200 kiloko zilindroarekin nahiz 175-200 kiloko laukizuzenarekin zeinek altxaldi gehiago egin hiru minutuko txandetan.

Lan ia guztietan Aimar Irigoien izan zen nagusi; izan ere, hark 8.100 kiloko altxatu zituen atzokoan, eta berarentzat izan zen txapela. 11. aldiz irabazi du Harri Handien Txapelketa errezildarrak, eta marka horrekin Juan Joxe Unanue Goenatxo II.a berdindu du.

Bigarren, berriz, Eizmendi sailkatu zen, 7.500 kilo altxatuta, eta hirugarren Goenatxo III.a, 5.350 kilorekin. Alde nabarmena izan zen, beraz, lehen bi sailkatuen eta Goenatxo III.ak altxatutako kilo kopuruen artean. Azkoitiarraren atzetik sailkatu zen Galarraga (4.975 kilo), baita Eizagirre ere (4.200 kilo).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide